Nadia Boujemaa eta Oihana Usabiaga
Aizan talde feminista

Arrazakeria gure plazetan

2015eko apirilaren 13an Tolosako Triangulo plazan elkartu ginen, apirilaren 11n jasandako eraso matxistari erantzuna emateko asmotan. Jarrera matxisten aurka egitera joan ginen, eta zerekin topatuko? Manifestatzaile batzuen jarrera, diskurtso eta argudio faxista zein arrazistekin.
Sutu gaituen eta idatzi hau egitera eraman gaituen gertakari tamalgarri eta lotsagarria argitara eraman nahi dugu, benetan eraso matxisten gisa, honek ere erantzun potolo eta argi bat merezi baitu.

Arrazismoa, matxismoa eta kapitalismoa, eskutik helduta diharduten zapalkuntza sistemak baitira eta merezi duten erantzuna eman behar baitzaie. Eta esan, plazan entzun behar izan ditugun erantzun eta argudio arrazistak ez direla feministak, patriarkalak baizik.

Onartezina deritzogu larunbatean gertaturikoa aitzakiatzat hartu eta Mendebaldean hain gailendua dagoen arrazakeria sustatzeko erabiltzea, gizaki zuri izate hutsagatik ditugun pribilegioei eusteko. Ez dugu onartuko gure, hau da, feministon manifestaldi zein kale-agerraldietan, diskurtso atzerakoi eta lotsagarriak entzun behar izatea. Eraso matxista hau ez da kasu isolatu bat. Ez da plazara agertutako ezjakinek esango luketen bezala, «kanpotar zentzugabe batek hemengo zibilizazio perfektu, lasai eta gatazka gabekoari» egindako erasoa. Sozialki gizon gisa hezitako eta honen rolari egokitutako balio zein estereotipoak erreproduzitzen dituen subjektu zapaltzaile batek, sozialki emakume gisa hezitako eta honen rolari egokitutako balio zein estereotipoak erreproduzitzen dituen subjektu zapalduaren aurkako indarkeria erakustaldia baizik. Honen harira, sutsuki eta irmoki azpimarratu beharra dugu, erasotzailearen jatorriak bost eta sei axola digula!

Jarraian, plazara hurbildutako arrazista hauek eraso matxista honi eman nahi dien «irtenbidea» gogor salatu nahi dugu. Argudio eskuindar, intolerante eta trogloditatzat baitugu erasotzailearen jarrera matxista bigarren planoan utzi eta lehenengoan bere jatorria jartzea. Hau gutxi balitz, hitz soiletatik haratago, honen familiaren aurka ere eginez: «Éste y su familia a su país con un cohete en el culo» bezalako esaldi onartezinekin. Badirudi, erasotzaileak jarrera matxistak mendebaldeko herrialdeetatik kanpo egin ditzakeela. Hau da, gure ingurutik aldenduz gero bost axola zaigula eraso matxistak gauzatzea ala ez.


Ez dugu onartzen eta ez dugu nahi munduko edozein lekutan eraso eta jarrera matxistak ematea. Beraz, munduko edozein txokotan jazotzen diren botere harremanak salatzen ditugu.

Jarri al gara noizbait elkartasun feminista adieraztera gerturatu diren emakume kanpotarren azalean? Jartzeko prest al gaude? Aldatu beharrekoa deritzogu, emakume kanpotarrak gure manifestaldi feministetara haien elkartasuna adieraztera etorri eta gainera, hauen jatorri edo arraza seinalatu eta zapaltzen duten jarrerekin topatzea. Jakin badakigu dagoeneko, emakumeok jasan beharreko zapalkuntza gogorra dela, baina ezin ahaztu dezakegu, guk, emakume zuri gisa pribilegio batzuk ere baditugula eta ez dugula inolako jarrera arrazistarik jasan behar izaten.

Plazara arrazakeria hutsak bultzatuta, eta ez, elkartasun feminista adierazteko helburuz gerturatutakoei argi esan nahi diegu, gure herrietako plazetan eta kaleetan ez zaituztegula nahi! Eta zuek ere, erasotzaile matxistekin batera errekan nahi zaituztegula!

Bilatu