Martxel Toledo Garmendia
Euskal Selekzioa Bai

Asimilazioa ala ezintasuna? Auskalo!

Euskal Herrian betidanik antolatu izan dira  goi mailako kirol lehiaketa piloa, amateurretan zein profesional mailan, besteak beste, gurean, zaletasun handia egoteaz gain, antolakuntza mailan ere, seriotasunaren bidetik, gauzak txukun egiteko gaitasuna demostratu delako.

Zentzu horretan, txalotu baino ez, federazioek, elkarteek, kirolariek, zaleek… egiten duten lana, ia denek musu truk, benetan, goraipatzeko delako.

Baina hori horrela izan arren, ezin ukatu, gurean badirela tartean lehiaketa batzuk, kirol irizpideetatik haratago pentsatuta eta bultzatuta antolatzen direnak, alegia, plus berezi baten estrategian murgilduta egiten direnak eta gainera, nire ustetan, zoritxarrez, azken hamarkada honetan gurean ugaltzen doazenak. Zergatik ote?

Kirolak eta batik bat modalitate indartsuenak, geurean, futbola, errugbia, txirrindularitza, saskibaloia, pilota, arrauna…  jende ugari erakartzearekin batera, nolabait «engantxatzeko» edo bereganatzeko gaitasuna du. Zentzu horretan esan daiteke, gizarte honetan, kirola, fenomeno soziala ere bihurtu dela eta ondorioz, lehiaketa edo kirol proba horiek kirol irizpidetik haratago doan mezu interesatu bat zabaltzeko tresna eraginkorrak ere badirela. Ikusi baino ez, futbolaren kasuan,  espainiarrek «la roja» selekzioarekin edo frantziarrek berenarekin, emaitza onak lortzen dituztenean, zer gertatzen den eta nola erabiltzen duten kirola mezu interesatu baten bitartez beren aberriaren «apologia» egiteko.

Euskal Herriari nazio gisa dagozkion eskubideak aldarrikatzeko garaian, besteak beste, euskal selekzioaren ofizialtasuna, federazio nazionalak, euskal txartela… askotan leporatu zaigu politika ez dela nahasi behar kirolarekin eta hori egitea erabilera politikoa baino ez dela. Zentzu horretan, ezin ukatu, nazio aldarrikapenak beti doazela bokazio politiko baten barruan, bestela aldarrikapenak berak zentzua ere galduko lukeelako.

Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldea, Esait, ia 20 urtez aritu da euskal selekzioaren defentsan, kasu batzuetan, ofizialtasuna aldarrikatzeko ekimenak eta ekitaldi ezberdinak antolatzen eta besteetan, herri honen muinean kirolaren bitartez espainiartasuna sortzeko antolatutako lehiaketei, besteak beste, Espainiako txapelketak, Espainiako buelta... publikoki gure oposizioa eta haserrea azaltzeko ekimenak antolatzen.

Zentzu horretan, 2011n, Eusko Jaurlaritzan boterea kudeatzen zeuden PPk eta PSEk bultzatuta,  antolatzaileek, hainbat urteren ondoren, Espainiako itzulia berriro Euskal Herriko errepideetara ekartzea erabaki zutenean eta batik bat, ikusita, aipatu bi alderdien helburu nagusia normaltasunaren bidetik gure herria ere Espainia dela aldarrikatzea zela, erabaki genuen beste hainbat eragileren babesarekin, publikoki, gure desadostasuna azaltzea eta Espainiako itzulia Euskal Herrian sartzen zen momentuan, Muñecas mendi gainean, gure ekimen xume bat antolatzea eta giro baketsuan,  hau ez dela Espainia Euskal Herria baizik aldarrikatzea “Txirrindularitzari bai, inposaketari ez” lelopean. Eta berdin egin genuen, alegia ekimenak antolatu, 2012an Iruñean eta Eibarren eta 2014an Lakuntzan itzulia berriro Euskal Herriko errepideetan barrena ibili zenean. Kontziente baikinen, gure herrian txirrindularitzarekiko dagoen zaletasuna aprobetxatuz, PPrentzat eta PSErentzat, Espainiako itzulia, beraien helburu politikoak indartzeko estrategia baino ez zela.

Aurretik erabakia hartuta bazegoen ere, 2015eko martxoaren 21ean egin genuen publiko ofizialki taldearen disoluzioa, gerora, selekzioaren aldarrikapena ardatz hartuta, Esait-en izenean ez izan arren, ekimen batzuk antolatu izan badira ere. Erabakia, euskal selekzioaren alde lanean ari diren guztien arteko sinbiosia eta elkarlana lortzeko xedez hartutakoa zela argudiatzen genuen eta, horregatik, indarrak batu eta Euskal Herrira beste egoera bat ekartzeko mugimendu berri bat eratzera dei egiten genuen. Ateak irekita utzi genituen eta egun horrela jarraitzen dute.  

Aurten berriro, kilometro gutxi batzuk izango badira ere, Espainiako itzulia euskal errepideetan barrena ibiliko da larunbat honetan, Gasteizen abiatuta etaparen amaiera Alto Campon izango delarik.

Nik dakidanez, oraingoan ez da egon, nik ez dut ikusi behintzat inon, itzulia Euskal Herrira ekartzearen aurrean publikoki irizpide kritikorik eta ez dut uste ezer antolatuta dagoenik. Ez dakit ere hemendik aurrera Espainiako itzuliaren moduko lehiaketak edota txapelketak, gurean zer moduzko harrera eta tratamendua jasoko duten euskal eragile eta herritarren partetik, alegia, orain arte bezala, ikuspegi kritiko eta aldarrikapen ikuspegitik baloratuak izango diren edo normaltasunez onartu eta ongietorriak izango diren, alegia, beste batzuek dioten modura, kirola eta politika nahastea ez delako komeni.

Agian, gaurko nire hau, Espainiako buelta eta antzeko ekimenak gurean normaltasunez hartzen ikusteak eta pasibo egoteak,  barruan sortzen didaten kilikaduraren ondorioa baino ez da. Baina uste dut isilik eta eskuak gurutzatuta zain egoteak ez digula nazio gisa, ezta kirol aldarrikapenean ere, inongo onurarik ekarriko. Horregatik izenburuan nioen modura, nire zalantza zera da, zergatik ote?, asimilazioaren seinale ala ezintasunaren ondorio? Auskalo!

Bilatu