Xanti Begiristain Madotz
Auritz

Aukera galdu ezina

Nafar askorentzat, zorionez, azken hauteskundeetan, UPNk, PSNk eta PPNk galdu dituzte boto dezente, eta horrekin batera, Nafarroa osoan botere handia galtzeko arrisku nabarmena dute. Horrek guztiak, jakina, aipatutako hiru alderdi politiko horien buruzagiak jarri ditu sutan eta amorrazio bizian; nekez disimulatu ahal dute barruan daramaten amorru pozoitsua.

Bitartean, erkidego osoan, Ahal Dugu, EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Baik indar polita lortu dute, herritar askok horrela nahi izan dutelako, aurreko beste hiru alderdi politiko horien politika eta kudeaketa negargarriarekin, nazkatuta eta gogaituta zeudelako.

Gainera, orain arte boterean jardun diren hiru alderdiak, nekez izan dira gai autokritika egiteko, beraz, hortik ondorioztatzen da, haien arabera, dena ongi egin dutela, eta egiten dutela, eta, orain arteko oposiziokoek, aldiz, ez zutela deus ere ongi egiten, eta bai, ordea, dena gaizki, baina orain herritarrek, nafarrek, epaitu dituzte eta eman dizkiete denok dakizkigun emaitzak. Hala eta guztiz ere, segur aski, ez dituzte laster aitortuko beren akats, oker, hanka-sartze eta gaizki-egiteak; beraientzat kalte! Orain, –haiengan ohikoa den bezala–, batez ere UPN, beti bezalaxe, hasi da ahotik pozoi eta kutsadura jaurtitzen ezker abertzalekoen aurka, Nafarroako herritarrei beldur eta izua sartzen saiatzeko, alegia, beraiek gobernatzen ez baldin badute hemen anabasa, hondamendia, zorigaitza, ezbeharra, nahaspila eta beste hamaika mila deskalabru tamalgarri nagusituko direla. Betiko lelo oker, txatxu, ilogiko eta aspergarriak!

Kontua da, Nafarroan dagoeneko egoera politikoa askotxo aldatu dela, azken hamarkada hauetako ohiko jauntxoen (baita 'andretxoen') gehiegikeria bidegabe askoren ondorioz, nahiz eta PPN, PSN eta UPNkoek ez duten sekula santan aitortuko, eta jakina da, noski, orain mila eta bost ahalegin zikin eta antidemokratiko saiatuko direla egiten, oposizioko 26 parlamentari horiek ez dezaten lor Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko agintea. Izan ere, eskuindar, antidemokratiko eta atzerakoiek asko dute galtzeko; ezkertiar, aurrerakoi eta demokratek, aldiz, ugari irabazteko.

Heldu diren egun eta asteotan Ahal Dugu, EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Baiko politikariek egundoko lan garrantzitsu eta liluragarria dute, Nafarroako egoera tamalgarria (UPN, PSN eta PPNk utzitako ondare tristea), iraultzeko eta bere onera ekartzeko. Bilera asko beharko dira, egonarri handia, patxada dezente, adimen zorrotza eta borondate on izugarri handia denen aldetik, aukera aparta hau alferrik ez galtzeko, bestela, boto emaileek behin ere ez liekete barkatuko beren alderdiei, egindako akats larri eta barkaezin hori.

Izan ditzagun zuhurtzia eta aldi berean itxaropena!

Bilatu