Martxel Toledo Garmendia
Oiartzun

Aurtengoan ere, zergatik ez?

Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrok urteak eta urteak daramatzagu, gure buruaren jabe izan nahi dugula aldarrikatzen eta bide batez, geure selekzioak nazioartean ofizialak izan dadin saiakera ezberdinak egiten. Baina orain arte ez dugu lortu gauzatzea, Espainia eta Frantziako Estatuek behin eta berriro eskubide hori ukatu egiten gaituztelako.

Ondorioz, behartuta bada ere, euskal herritarrok, bi Estatu zanpatzaile horien menpean bizi gara. Eta horrek, nola ez ba, gure barruan, inpotentzia puntu bat sortzeaz gain, amorrua eta haserrea ere sortzen du.

Datorren larunbatean maiatzaren 30ean, Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian, Athleticek eta Barçak Espainiako Errege kopa finala jokatuko dute eta horren harira, Iñigo Urkulluk, EAEko lehendakariak orain aste batzuk zihoen, espero zuela, futbol zelaira inguratzen ziren zaletuek, errespetu instituzionalagatik, Espainiako ereserkiari zein Errege Erreginari txistu ez jotzea, besteak beste eta koherentzia aipatuz, lehiaketa bera Espainiako futbol federazioak antolatzen zuelako. Horregatik, beste inongo eszenifikazio gainetik, Urkulluk zihoen, aupa Athletik oihuak gailentzea desio zuela.

Urkullu jauna libre da nahi duena esateko eta bere kargu politikoak bultzatuta, horrelako adierazpenak eta eskaerak egiteko baina susmoa daukat, bere subkontzienteak bultzatuta, oraingoan ere, galduta dabilela, aupa Athletic oihukatzea eta aldi berean herri honen zapalkuntzan, bere hizkuntzan, hezkuntzan, kulturan, kirolean eta beste hainbat arlotan, aipatu Estatu horren ordezkari nagusiak diren monarkiari edo eta ereserkiari, gure haserrea azaltzeko txistu jotzea, euskal herritarrek gutxitan daukagun aukera aprobetxatzea baino ez delako. Alegia, ez direla inondik inora kontrajarriak Espainiako monarkiari eta ereserkiari txistu jotzea eta bakoitzak bere taldeari animatzea. Eta Iñigo Urkullu eta bera bezala pentsatzen duten horiek horregatik deseroso sentitu eta haserretzen badira, beraien problema izango da, ez adierazpen askatasuna erabiliaz, bere eskubidea praktikan jartzen dutenena. Horixe bakarra falta zaigu, gure haserrea azaltzeko beste batzuei baimena eskatu beharra.  

Athletic eta Barça futbol taldeen  arteko errege kopa final hau ez da lehenengoa izango, zortzigarrena baizik aurretik beraien artean beste zazpi jokatu dituztelako. Eta azkeneko bietan, 2009an Valentzian eta 2012an Madrilen jokatutakoetan, bertara hurbildutako zaletuek Espainiako monarkiari eta ereserkiari  jotako txistuak oraindik guztien memorian daude, bertan egon zen txistu zaparrada historikoa izan zelako. Eta oraingoan ere, berdin gertatuko denaren zalantzarik ez daukat, are gutxiago, ikusita, partidua bertan behera uzteko meatsua erabiliaz, txistukadari egin diezaion publizitate onena, Estatuko agintarien adierazpenak direlako.

2012an genion bezala, Espainiako Estatuak eta finala antolatzen duen Futbol Federazioak, aurten ere bazaukaten aukera, final horretan gertatuko den txistukada hori nolabait ekiditzeko, haserre horren zergatia borondate pixka batekin negoziatzera ausartuko balira, besteak beste Espainiako ereserkia jarri beharrean Euskal Herriko eta Kataluniako edo eta finalera iritsi diren bi kluben ereserkiak jarriaz. Baina betiko moduan eta Estatu ukatzaile gisara, nahiago izan dute, meatsuen errezeta aplikatu. Eta jakina, metodologia horrekin, normaltasun irudi hori galduta daukate, Valentzian eta Madrilen gertatu zen bezala, larunbatean, Bartzelonako Nou Camp futbol zelaian Urkullu eta beste agintari espainiar batzuen gaitzipenarekin izango bada ere emango den txistukada berriro ere historikoa izan delako. Hori espero eta desio dut behintzat.

Aipatu, aurreko bi finaletako ekimen horietan, ESAITek deitzaile gisa parte hartu zuela eta horregatik, DENAES, (Fundación para la Defensa de la Nación Española) eskuindar ultra erakundeak epaitegian salaketa bat jarri zigula, gero artxibatua izan zelarik. Aurtengo deialdian, ESAIT eragile gisa ez da egongo denok dakizuen zergatiagatik baina pertsonalki pentsatzen dut, Espainiar Estatuarengandik euskal herritar gisa jasotzen dugun zapalkuntza eta mespretxu hori salatzeko, gure haserrea azaltzea oso egokia izan daitekeela larunbateko finala. Beraz eta inongo konplexurik gabe, Bartzelonara hurbiltzen zareten euskal herritar guztiei, animatzen zaituztet, daukagun eskubide hori erabiliaz, Espainiako monarkiari eta ereserkiari gure haserrea eta amorrua azaltzea txistu eta egin behar dena eginez. Zergatik ez!

Espero dut, denon mesedetarako, laster, Euskal Herriko eta Kataluniako selekzioak ofizialak izatea eta monarkiarik gabe, bi nazioek, bere buruaren jabe izanik aske bizitzeko aukera lortzea. Hori baita, nire ustetan, Kataluniako eta Euskal Herriko herritar gehiengo batek eskatzen duena eta desio duena.

Ea ba orain aukeratu berriak izan diren agintariek eskaera zahar hori ere kontuan hartuta, orain arte baino gehiago egiteko borondatea izaten duten. Eta behingoz, lagunartekotik partidu ofizialak jokatzera pasatzeko aukera izaten dugun. Ez Espainia eta ezta Frantzia, baizik Euskal Herria garela munduari azaltzeko garaia delako.  

Larunbateko kopa finalera begira, Aupa Athletic, Gora Euskal Herria askatuta!! Eta bide batez, Visca Katalunia Lliure!!

Bilatu