Ibai Moreno Ibañez

Barne ministroak ezetz esango du, baina nire anaia torturatu zuten

Iragan apirilaren 19an Estatu espainiarreko Poliziak zortzi pertsona atxilotu zituen "Guardia Zibila iraintzea" leporatua. Hain zuzen, Burlatan (Nafarroa) tortura salatzen zuen pareta bat margotzeagatik atxilotu zituzten. Ibai Moreno horietako bat da. Mediabask aldizkarian egun horretan bizi zuena kontatu du.

2016ko apirilak 19; goizeko 8:40.
Telefono deiak esnatu nau. Burlatan bi lagun atxilotu dituztela esan didate. Esnatu berritan, ez dakit zer ordu den, eta burua bost urte atzera joan zait. Nire anaia Iker 2011ko urtarrilean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Fernando Grande-Marlasca epailearen aginduz. Eta beldurra sartu zait gorputzean, iraganera itzuli ez ote garen beldurra. Inkomunikazio osteko lehenengo bisita etorri zait gogora. Kristalaren beste aldean dagoena ez da nire anaia, fisikoki, herrenka datorrena bere gorputza den arren. Ez dut nire anaia begirada galdu horretan aurkitu.

Telefonoa itzali eta lasaitzen saiatu naiz. Burua ezin dut gelditu, ordea. Bost urte luze igaro dira Iker inkomunikatu zutenetik. Eta ez dira gutxi, denbora horretan, senide gisa bizi behar izan ditugun esperientziak: espetxea, dispertsioa, 40 minutuko bisitak, kaleratzea, bere haserrealdiak, depresioa, psikologoarekin egin duen prozesua... Anaia zulora behin eta berriz erortzen ikusi behar izatea gogorra izan da. Are gehiago, bizi duen guztia egin zioten horren ondorio argia dela dakigunean. Eta egin ziotena, norbaitek ongi planifikaturiko zerbait denean. Hau da, norbaitek hori egin behar zitzaiola erabaki eta aurrera eramateko agindua eman zuen, eta ongi prestaturiko egitura batek agindua bete zuen.
Orain ere, norbaitek mahai baten inguruan erabaki du beste bi lagun, behintzat, indarrez eramatea.

8:50.
Anaia deitu dut. Berak badaki zerbait. Aitaren etxe azpian kalez jantzitako poliziak daude. Dirudienez, aita atxilotuko dute. Ez dira, behintzat, etxera indarrez sartu. Atxilotutako beste biak Guardia Zibila iraintzeagatik atxilotu omen dituzte, #aztnugal kanpainaren baitan egindako hormairudi bat aitzaki.
Apirilean epaituko zituztelako, #aztnugal kanpaina jarri zuten martxan anaiak eta bere lau kideek. Haietako batek, Jon Patxi Arratibelek, inkomunikazio aldian "laguntza" hitza atzekoz aurrera jarriz sinatu zuen bere polizia-deklarazioa, infernu hura salatzeko asmoz. Eta hitz hura tortura salatzeko sinbolo gisa berreskuratu zuten bostek. Kanpainan zehar ere, laguntza eskatu dute behin eta berriz; torturarekin amaitzeko eta gatazka politikoa konpontzeko.

8:55.
Amak deitu nau. Urduri dago. Ez daki ezer. Poliziak aitaren etxe azpian daudela esan diot. Ziurrenik, aita atxilotuko dutela eta balitekeela anaia edo ni neu ere eramatea. Bera ere atxilo dezaketen galdetu dit. Nik ezetz esan diot, kafkarra litzateke. Aita 9:00etan aterako da etxetik, medioak bertan izango ditu zain. Eta anaia 9:15ean; atxilotu ezean, nire etxera etorriko da.

9:20.
Anaia heldu da. Ez dute atxilotu. Kaleak "txakurtuta daude". Auzokide batek medioak gure etxera hurbildu direla esateko deitu dit. Kalera goaz. Portaletik atera eta kalez jantzitako bi polizia nigana etorri dira. Atxilotuko nautela esan eta gurasoak ere eraman dituztela esan didate. Biak, aita eta ama. Nire bikotearengatik ere galdetu didate. Komisaldegirako bidean torturaren aurkako hormairudi batengatik atxilotu gaituztela esan didate.
#Aztnugal kanpainaren harira, marra gorri batez ezabatutako "tortura" hitza kalean margotzea erabaki genuen hainbat lagunek. Lanean ginela, Espainiako Polizia Nazionalaren bi furgoi etorri eta andamioan ginen zortzi lagun identifikatu gintuzten. Udal baimena genuela frogatu ostean, lanean jarraitu genuen.

12:10.
Komisaldegitik atera naiz. Lagun eta komunikabide ugari daude gure zain. Operazio xumeak oihartzun handia izan du. Handiegia. Beldurra sortuz torturaren aurkako lana oztopatu nahi izan dute. Baina kontrakoa lortu dute. Torturaren aurkako ahotsak ugaritu dira. Hamaika herritan agertu dira torturaren aurkako hormairudi berriak. Eta gaia mahai gainean dago berriz. Espainiako barne ministroak ezetz esango du, tortura ez dela existitzen. Baina ahots gehiegi dira, guztiak ixiltzeko. Auzitegi Nazionaleko De Prada epaileak tortura kasu ezberdinen susmoa izan arren, auzitegiek erantzunik eman ez dutela salatu du publikoki. Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Arratibelen kasua ez aztertzeagatik zigortu du Espainia. Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak nire anaiaren eta bere bi kideren tortura testigantzak sendo eta sinisgarritzat jo ditu. ETAko bi biktimek torturaren aurkako #aztnugal manifestua sinatu dute.

Espainiako barne ministroak ezetz esango du, tortura ez dela existitzen. Baina nik badakit lehenengo bisita hartan ikusi nuena ez zela faltsua. Badakit anaiak ondoren bizi behar izan duen guztia ez dela gezurra. Eta torturaren aurkako borroka zilegia dela. Eta beldurtuko gaituztela, bai; baina horrela ez gaituztela geldituko. Tortura desagerrarazi eta egindakoa onartu arte lanean jarraituko dugu.

Bilatu