Bego Bitorika
Sortzen elkarteko koordinatzailea

Behin da berriz, ezetz

Heldu da eguna. Nafarroan hasi, eta oraingoan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ikasleen eguna heldu da. Hezkuntza Sailak aste honetan burutuko ditu 3. mailako froga diagnostikoak. LOMCEk agindutako frogak hain zuzen ere. EAEko hezkuntza sailak ez du ausardiarik izan gauzak aldatzeko eta men egin dio Madrili kanpora begira beste irudi bat emanez. 

Nafarroako eta EAEko gobernuak LOMCEren aplikazioa modu ezkutuan eta informazio kontrajarriak zabalduz aritu dira. Haien helburua, lege honen kontrako mugimenduak ekiditea baldin bazen, justo kontrakoa lortu dutela esan behar diegu.

Gasteizetik «lasaitasun» mezuekin desmobilizazioa lortu nahian ibili badira ere, azken egunetan  oso argi ikusi dugu hezkuntza komunitatea inposaketa hauen aurrean, elkartu eta erantzuteko gai dela.

Entzun, entzun dugu Cristina Uriarte andereak esandakoa: ez dira errebalidak, diagnosi frogak dira, 30 ikastetxeetan bakarrik egingo da… Eta guzti hori egia bada ere, erdipurdiko egiak gezur galantak izaten dira. Froga hauek LOMCEk edota Heziberrik inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausua dira. Hezkuntzan egin nahi dituzten beste aldaketa guztiak bermatzeko ezarritako errebaliden lehen pausua hain zuzen ere.

Sortzen elkartetik garbi adierazi dugu dagoeneko 3. mailako frogen kontra gaudela. Eta garbi dugu eztabaida ez dagoela pedagogikoki zentzua duten ala ez (ez dutela), adina egokia den ala ez (ez dela)… Ikasleak bereizteko eta  gure hezkuntza kontrolatzeko tresna dira. Gure curriculuma ezartzeko aukerarik ez izateko tresna. Proba hauek gure ikasleen etorkizuna eta ikastetxeetako bizitza gehien baldintzatuko duen alderdia dira.

Izan ere, ebaluaketa sistema baten barruan kokatu behar ditugu. Ez dira proba isolatu batzuk. LOMCEk edota Heziberrik ezartzen duten kanpo proben sistemaren barruan kokatzen dira.

Beraien esanetan, hauen helburua eskola porrota ekiditea da. Baina hori ere ez da egia. Benetako helburua oso bestelakoa da: ikasleen bereizketa eta homogeniziazioa, ikastetxeen arteko lehia, ikastetxeen autonomia murriztea, gure kurrikuluma ezabatzea…

Eta guk beste eskola bat nahi dugu: ikasleen beharrak errespetatzen dituena, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinak aintzat hartzen dituena, hezkuntza komunitatearen ahotsa entzuten duena...

Ikuspegi pedagogiko batetik, LOMCEk ezartzen duenaren guztiz kontrako norabidea hartu beharko luke gure hezkuntzak.

Baina nahi dugun hezkuntza eraikitzeko eta inposaketei aurre egiteko, guztiok elkarlanean aritu behar gara gure herriak nahi eta behar duen hezkuntza sistema propioa lortzeko. Eta guztiok esaten dugunean ez gara bakarrik hezkuntza komunitateaz ari. Hezkuntzan denok dugu zer esan eta zer egin. Hezkuntza ez da bakarrik irakasle, guraso eta ikasleei dagokigun gaia. Hezkuntza jendartearen lehentasuna izan beharko luke eta garbi esan behar dugu nolako herritarrak nahi ditugun: edukiz betetakoak, lehiakorrak eta balorerik gabekoak, edo pertsona kritiko, autonomo, anitzak…

Herritar guztiei deia luzatzen diegu herri, auzo eta eskoletan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko. Gu ere han egongo gara.

Bilatu