Julen Zulaika eta Gabi Basañez
Askapenako kidea eta militante internazionalista auzipetua

Behingoagatik epaitu dezagun epailea!

Udazkenak gurean udak baino beroagoak izan ohi dira sarri. Halaxe izan zen 2010ekoa, izua eta amorrua hamaika etxetan, sarekadak bata besteari jarraika, atxiloketak, inkomunikazioa eta torturak.

Eta bost urte beranduago, dirudienez, berotik dator aurtengoa ere, Auzitegi Nazionalean nonbait opor osteko trauma luzeegirik ez dute izango. Jarraian beste zenbait sumario izango badira ere, urriaren 19an Askapenaren aurkako epaiketa hasiko da eta bertan Gabi, Walter, Unai, Dabid eta Aritzi seina urteko kartzela zigorra eskatzeaz gain, Askapena, Askapeña eta Elkar Truke elkarteen ilegalizazio eskaerak bildu ditu fiskaltzak.

Epaiketa hau salatzeko asmoz,  auzipetu, militante internazionalista, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekintzaile eta hainbat herri mugimenduko kide  elkartu gara Herriak Libre dinamikaren baitan. Palestino laranja dugu ikur, batak munduko borrokak ordezkatzen ditu, kolore laranjak aldiz, azken urteetan gurean indarra hartu duen desobedientzia olatua, eskuz esku eraikitako elkartasun eta konpromiso harresia. Guztiok, injustizia berri hau lau haizetara zabaltzea dugu xede eta bide batez, salatzailea salatzeko lizentzia harturik gatoz.

Izan ere, milaka izan dira gure herriak etengabeko salbuespen egoera honetan jasandako epaiketa eta erasoak, eskubide zibil eta politikoen urraketak, lokal eta egoitzen konfiskatze aginduak, erakundeen ilegalizazioak, egunkarien itxierak... denak demokraziaren izenean. Frankismo garai gordinetan, baina, zenbat ote dira tribunal militarretatik pasatutakoak edo handik igaro gabe bide bazterrean epaituak? eta historiaren sokari gehiago tirako bagenio, inkisizio santuan sorginen aurka eginikoak oroitu beharko genituzke, eta...

Epaiketa hauetan guztietan gidoi bertsua jarraitu du ondorio dramatikoak dituen ohiko antzezlanak: epaituak euskaldunak, epailea Estatu espainola. Ez ote da ordua, bada, behingoz herriak epaitu dezan inoizko politika inperialistarik basatiena gauzatu duen estatu inperialista espainiarra? Epaitu ditzagun hamaika herriren zapalketa, ukazio eta suntsiketak eragin dituen estatua, behingoz jar dezagun bera gure akusazioen jomugan, herri libreak izan gaitezen estatu kriminala epaituko dugunak!

Gure lurretatik oso urrunera joan gabe herrien kartzela bezala irudikatzen den inperioaren azken kolonietan, badira hamaika herri zapaldu, hainbat estaturik gabeko nazio: Herrialde Katalanak, Galiza, Aragoi, Gaztela... guztietan, gurean bezala etengabeko urraketa kultural, politiko eta sozialak jasaten ari dira egunerokoan, denak ere odolez eta inposizioen bidez eraikia izan den estatu madarikatu honen baitan. Estatu inperialista epaitzera goaz!

Duela bost mende inguru, berriz, genozidio beldurgarri bati eman zitzaion hasiera, ezpata eta Bibliaren gizonek, 90 milioi jatorrizko herritar erail zituzten Abya Yalan. Mendebaldean nolabaiteko balioa izan zezakeen urre, zilar eta barkuetan sartu zitekeen guztia erauzi zieten bertakoei. Eta gutxi balitz bezala, gizateriaren historiako pasarterik ilunenetariko hura, orduko agintarien oinordekoak bailiran,   transnazionalen bitartez bertakoak esplotatu eta bertakoen baliabideak lapurtzen dihardute egun. Agintari, buruzagi ohi, epaile orojakile eta intoxikazio kanpaina amaigabeei esker, aldiz, kateak behingoz apurtu eta bigarren eta benetako independentzia baten alde ari diren estatu burujabeen aurka ari dira, hala nola Venezuelan, Bolivian, Ekuadorren, Kuban... Atzoko eta gaurkoengatik, zuengatik ere, espainiar estatu inperialista epaitzera goaz!

Bestalde, hego euskal herritarron hitzaren aurka, NATO bezalako egitura inperialista batean parte hartuz, zenbat ote dira azken hamarkadetan zuzenean edo zeharka eraso egin dieten herrialdeak? Zenbat, petrolio, gas edo bestelako helbururen mesedetara desagerrarazi dituzten herrialdeak? Sarraski hauen konplize eta partaide da espainiar estatua. Dirutan 100 milioi inguru eskaintzen dio honek NATOri urtean, bere base militarretatik bi baino ez aipatzearren, Rota eta Morongoetan, esaterako, urtean sei mila hegaldi baino gehiago bideratzen dira Pentagonotik ekialdera. Zapaldutako herri guzti hauengatik, zuengatik ere espainiar estatu inperialista epaitzera goaz!

Ezingo genuke, baina, aipatu gabe utzi saharar herria. Ia mende batez, Mendebaldeko Sahara bereganatu eta azkenik, herri bezala zegozkion eskubideak ukatu eta gaur arte luzatu den gatazkan lagun paregabea izan du gobernu marokoarrak. Honela, harreman diplomatiko, komertzial eta militarrak naturaltasunez mantendu ditu gaur arte Madrilgo paktu sekretu lotsagarri haietatik, bertako baliabide naturalak ustiatzen jarraitu du eta gutxi balitz bezala, errepresio eta bortizkeria alauitatik ihesi datozenei asilo eskubidea ukatu die behin eta berriz, Hasanna Aaliaren kasuan gertatu bezala. Ahanzturara kondenatu nahi zaituztenengatik, zuengatik ere estatu espainiar inperialista epaitzera goaz!

Denon artean, beraz, duintasun betean atzo eta gaurko Estatu espainiarraren izaera kriminala salatzea eta epaitzea dagokigu. Guregatik, haiengatik eta zuengatik, guztiongatik, goazen herriz herri espainiar Estatu inperialistaren aurkako herri epaiketak burutzera, goazen gure oinetakoak eskutan hartu eta gure mespretxua adieraztera. Eta datorren urriaren 12an, herri epaiketa hauek guztiak sententzia bakarrean batuko ditugu, Euskal Herriko eta nazioarteko txoko desberdinetan egindakoa, oihu bakar batean bilduko dugu, Estatu espainol inperialistaren aurkako Herri Sententzian hain zuzen, bertan elkartuko gara.

Bilatu