Josu Iraeta
Idazlea

Berri eman edo doktrinatu

Nire ustez, bertsolaritzan ikus edo entzun izan dugun «potorik» famatu bezain eztabaidatuenaren egileari, duela gutxi entzun nion –irrati saio dotore batean–, oso kezkatua zegoela aspalditik euskal hedabideek –EITB bereziki– zalantzak erabat bazterturik, beraien berriak plazaratzen dituztenean. Informazioa baino doktrinamenduaren joera sumatzen zuela alegia, horrek dakarren ondorio kezkagarriak azpimarratuz.

Nik hemendik, erabat ados nagoenez, bide bera jorratzeko asmoak ditut. Behar bada –aspalditik elkarren berri dugunez–, nire ohiko «poto» nabarmenak barkatuko dizkidalakoan nago. Beraz, banoa.

Kazetarien profesionaltasuna goraipatu edo nabarmentzen dugunean –nire ustez askotan–, bere zeregin nagusia, egiazko erantzukizun soziala baztertzeko arriskuan jartzen gara. Beste erara esanda; erredakzio barruan teknikoki ongi landutako mezua prestatzeko gai bai, baina gizartean izan litekeen ondorioetaz arduratzen ez den kazetaria ez ote dugun goraipatzen. Hori nire kezka.

Pluraltasuna eta objektibotasun zintzoa behin baino gehiagotan aipatu eta entzun arren, egia, benetako eguneroko egia, beste bat da. Kapitalistek, enpresa multinazional erraldoiek, edo erakunde politikoek, beraiek sortu edo bultzatutako egunkari eta hedabideei «inpartzialtasuna» eskatzen dieten arren, ozenki gainera, eta egunkariek –bere aldetik– kapitalisten laguntza lortzearren, euren «independentzia» aldarrikatzen duten, argi dago, egunkari «independenteak» baina ez «inpartzialak» behar dituela kapitalismoak.

Hedabideek berez ez du sortzen –edo ez luke behar– baina islatu bai, hori baita bere zeregin nagusia. Baina nahiz eta informazio uholdeak gureganatu, jasotzen dugun «errealitate» hori, erreala da, zergatik? Denboraren poderioz, ustezko errealitate horrek, iritzi, baita giza heziketan zati handi bat betetzen duen errealitate hori, zer da? Hori guztia sortzen duen labea norena da, nondik dator?

Emaitza benetan tristea da, denborarekin gure gustu, ohitura eta nahiak aldatzen dizkigute eta aldaketak, ondo, barneraino gureganatzen ditugunean, dena erraza da, baina ez guretzat. Horrela, nagusi den ideologiaren eraikuntzaren oinarriak oro har barneraturik daudenean, botereak, benetako botereak, «libertatea» onar dezake, lasai.

Helburua ez da dena zalantzan jartzea, noski, baina aurrez aurre ditugunak ukaezinak dira. Lehen nioen heziketa maltzurraren emaitzak tristeak direla eta horrela dira, ez dago zalantzarik.

Adibide asko daude eta agian mingarrienetako bat hau: gaur egun ezin dugu esan Euskal Herrian euskal hiztun asko garenik, eta honi gehitzen badiogu, gehienak erdi edo erabat analfabetoak garela –honek irakurlegoa murrizten duenarekin–, nola onar dezakegu, adierazpen askatasunean bizi garela, nola?

Hauek eta beste hainbeste gabezi demokratiko larri bezain garrantzitsuak manipulatu edota estaltzen duen prentsa zertarako dago? Norentzat lan egiten du?

Informazio munduan ia dena dago mugatua. Herri aberatsetatik merkantzia bezala saldutako informazioaren kontsumitzaile petoak gara.

Desinformazioa, arma-tresna iraingarria da, ez dago zalantzarik. Zenbat eta zabalduago izan, orduan eta hedabideek desinformatzaileagoak bilakatzen dira.

Notizia, gertakizuna, bere jatorrizko sustraietatik aldentzen bada, hausnarketarako ditun osagai guztiak gordetzen badira, errealitatea moldatu, manipulatu egiten da.
Gehiago sakonduz; berriak, bere testuingurutik ateratzeak ditun ondorio beltzak, eguneroko jarrera dela esan beharra dago.

Demagun gaur ekonomiak maila guztietan daraman gainbehera –edo ez?– dela eta, kazetaria erredakzioan sartu orduko, bere mahai gainean, enpresari ezagun talde batek, enpresa berriak sortzeko proiektuaren berri ematen duen dokumentua aurkitzen duela. Hori datorren bezala kaleratzen du eta irakurleek, beste tresnarik ez duenez –nahiz ekimena diru publikoaz horniturik izan– positiboki baloratzen du.

Hemen bizi garenok, aspaldidanik dakigu gauzak ez direla bakarrik etortzen, beti dutela arrastoa, eta horretarako, behin baino gehiagotan Lakuatik bidalitako mezuari helduko diot: «Euskal enpresaburuak gure herriaren heroiak zarete».

Zoritxarrez irakurleek berehala ahantzi dituzte gaurko egoera larriaren errudun nagusiak nortzuk diren, eta jakina berria ez da soilik saltzen, gehigarri asko ditu; lanpostuak sortuko dira, langabezia gutxituko da, eta abar luzea.

Azkenean, garaitzen duen mezua betikoa da: kapitalak enplegua sortzen du, beraz kapitala ona da. Gehiago, kapitalarentzat ona dena herriarentzat ona da. 


Informazio mailan, propietatearen kontzentrazioari aurre egiteak, tresna zail eta bereziak behar ditu, ia ezinezkoa da. Dena dago lotuta. Euskal Herrian –hemendik kanpo ere bai– hainbat hedabideen egitasmoak egin du porrot, zergatik? Legezko –beraiek inposatutako legea– dirulaguntzak, ongi sailkatuak izan arren, ez dira betetzen. Publizitate enpresak erabakitzen dute non ez eta non bai. Publizitate instituzionalak ere baztertzen dituzte, ahal duten neurrian, kritikoak bezala sailkatuak izan diren hedabideek.

Publizitatea uka eta itxi beharrean batzuk, besteak oso larri, baina beste asko nahiz zorretan josiak egon –diru publikoarekin ere bai–, beste askok berriz diot, burua altxatu bakarrik ez, bizi eta aberastu ere bai.

Euskal Herrian bizi dugun esperientziatik abiatuta, hedabideen zeregin nagusia –salbuespen bakarren batzuk onarturik– ez da informazioa. Enfrentamendu politiko-armatua  –amaitu bada ere–, desinformazioa «oraindik» legitimoa dela onartu beharrean gaude. Aurkariari aurre egiteko balio garria denez, etsaiak eta beraientzat lan egiten dutenen jarrera –Euskal Herria koloniatzat dutenez–, ez da harritzekoa.

Beraz, zoritxarrez  «oraindik» objektiboa eta inpartziala izate etiko hori, hemen beste hainbat lurraldeetan bezala ezinezkoa da.

Beharrezkoa den botere politikorik gabe, hau aldatuko dun jaungoikorik ez dago.

Bilatu