Joseba Garmendia
UPV-EHUko irakaslea

Berrikuntza soziala

Berrikuntza Sozialerako edo gizarte-eraldaketarako energiak aktibatuta daude,  eta bere ahalmen gorena  erakustetik urrun dago; egungo esperientzia 1980-90eko hamarkadetakoa baino aberatsagoa eta anitzagoa da

Berrikuntzaren diskurtsoa nonahi zabaldu den honetan, –bai teknologian, bai merkatuetan, bai politika publiko ezberdinetan, bai gobernantza sistemetan–, gero eta atsekabe handiagoa sortzen ari da berrikuntzaren norabide eta emaitzen inguruan. Batez ere, berrikuntzen onurak ez direlako behar bezain modu orokor edo bidezkoan banatzen. Gainera, etorkizunean, zientzia eta berrikuntzen dimentsio etikoa lehen planora ekartzea premiazkoa izango da. Jada existitzen dira Ikerketarako Etika Komiteak unibertsitate eta erakunde publiko ugaritan, eta funtsezko zeregina aurreikus dakieke bio-teknologia, informatika, robotika, armagintza… esparruen bilakaera indartsuagatik.

Berrikuntza eta gizartearen arteko harreman estua ageriagoa bilakatzen ari da. Berrikuntza eta lurralde garapenaren literaturan murgiltzen bagara, ikuspegi sistemiko eta eboluzionisten eskutik batez ere, ikus dezakegu nola lurralde bateko gizarte eta kulturako elementu ukiezinak funtsezko baliabidetzat jotzen diren garapena sustatzeko edota abantaila lehiakorrak eraikitzeko. Horien artean, konfiantza, balore-eskalak, ohiturak, arau formal eta informalak, elkarlana, harreman dentsitatea, elkarte-sareak, ikuspegi estrategiko eta integratzailerako edota adostasunerako gaitasunak eta abar. Teoria neoklasikoen aurrean aurrerapausoa da. Baina hainbat autorek gizarteko alderdi hauen instrumentalizazioa kritikatu dute, aipaturiko bektore sozial eta kultural horiek soilik ekonomikoki errentagarriak diren neurrian hartzen direlako aintzat, eta ez bere horretan duten balioagatik.

Aipaturiko asegabetasun horiek kontzeptu berri bat plazaratu eta sendotu dute azken urteotan: Berrikuntza Soziala. Nahiz adiera eta norabide ezberdinean erabilia den, bereziki baliagarria zaigu gizartearen arazoak edo erronkak ebaztera bideratzen dena. Zentzu honetan, Berrikuntza Sozialek barneratuko lituzketen berezitasunak bi multzotan biltzen dira. Berritasunaren aldetik, beren originaltasuna konplexutasun teknikoagatik baino beren eraginkortasunagatik neurtzen da; gizarte-ongitasun edo kohesio soziala indartzen dituzten ekintzek aktibo ukiezin ugari dituzte; eta imitagarriak, transferigarriak eta erreproduzigarriak dira, ez dutelako lehiakideen gaineko abantailarik bilatzen eta ez direlako patenteen bidez babesten. Izaera sozialaren aldetik, gizarte arazoak ebaztera bideratuta daude eta gizarte zein erlazio-kapitalean intentsiboak dira, hau da, komunitatearen baitako norbanakoen eta talde sozialen arteko harreman sareetan, gobernantza-eredu inklusiboetan eta ekintzailetza proaktibo eta aurrerakoian finkatzen dira.

Berrikuntza Sozialaren hastapeneko proposamenek Ikerketa+Garapen+Berrikuntza (I+G+b) paradigma ekonomizistaren bi printzipio apurtu zituzten: alde batetik, balioa sortzeak ez du derrigorrez esan nahi balio ekonomikoa sortzea; eta beste aldetik, enpresez gain badaude berrikuntza sustatzen duten beste eragile batzuk, gizarte zibila esaterako. Gaur egun onarpen zabala du Berrikuntza Sozialak hiru eragile moten bultzadaz sor daitezkeela: gizarte zibila edo hirugarren sektorea (kooperatibismoa, gizarte-mugimenduak, boluntariotza…); sektore publikoa; eta enpresa batzuk (gizarte-ardura kooperatiboa…). Hala ere, modako etiketa batean geratzeko arriskua dago, baita merkatuko logika enpresarialak irenstekoa ere. Hori dela eta, hainbat autorek azpimarratzen dute, helburuak eta bitartekoak sozialak izateaz gain, praktika hauen sorrera eta hedapena gidatzen duten balore eta printzipio motari ere erreparatu behar zaiola.

Berrikuntza Sozialaren hedapenaren isla dira gai hauetan aitzindari izan zen Quebec-eko gobernuak argitaratutako txostenak, Erresuma Batuko Young Foundation eta NESTA erakundeen ikerketa eta proposamenak, 2009an Obama administrazioak sorturiko Office of Social Innovation and Civic Participation atala eta mundu mailako Social Innovation Exchange –SIX sarea.

Gure inguruan aipatzekoa da 2006tik aitzina Jaurlaritzak industria- eta berrikuntza-politiketan kontzeptua barneratu izana. Adierazgarria da oso, «2006-2009 Enpresa Lehiakortasun eta Berrikuntza Sozialerako Plana»-rekin gertatu zena: izenean eraman arren, bere 181 orrialdeetan ez da Berrikuntza Sozialari buruzko inolako atalik azaltzen. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2010 Planak (ZTBP-2010), ordea, bi orrialde eskaintzen dizkio. Baina bertan garatzen den planteamendu espezifikoa modako terminologia akademikoaz jantzitako hitzontzikeria hutsa baino ez da. Enpresa eta ekonomiaren zein globalizazioaren logikaren ikuspegitik lantzera mugatzen da modu orokor eta pobrean. Patxi Lopez administrazioak plazaratutako ZTBP-2015ean bederatzi orrialde eskaintzen zaizkio, eta Berrikuntza Sozialaren definizio egokiagoa jasota ere, zehazpenetan administrazio publikora, arlo akademikora eta enpresaren eremura mugatzen da, ekintzailetza, Enpresako Gizarte Erantzukizuna, internazionalizazioa bezalako enpresa-bektoreak lehenetsiz. Azkenik, indarrean dagoen ZTBP-2020 Planak aurrekoaren bidetik jarraitzen du, zehaztapen gutxiagorekin.

Azken gainbegiratze honetatik ondoriozta daiteke Berrikuntza Soziala kontzeptuaren erabilerak marketin politikoari gehiago begiratzen diola eta merkatu-ekonomiaren logikatik interpretatua dela neurri handian. Horrek ez du ukatzen administrazio publikotik Berrikuntza Sozialeko praktikak sortzen direnik, baina ez da gizartean eta gizarteko eragileetan sorleku diren ekimenetarako eta erakuts ditzaketen potentzialtasunentzako balioztatze, legitimatze eta sostengurako marko demokratikorik eskaini.

Hala eta guztiz ere, Berrikuntza Sozialaren balantzea plan instituzionalek erakusten dutena baino positiboagoa da gure ingurunean. Ezin ahaztu, ekimen mota hauek gizartean eta hirugarren sektorean dutela baratzerik emankorrena. Euskara, kultura, kirola, ekologia eta irakaskuntzaren eremuetan adibide aberats ugari ezagunak ditugu. Aldiz, eremu sozioekonomikoan oharkabean geratzen ari zaigu azken urteotako ekimen berritzaileen susperraldia. Arlo ezberdinetan gertatzen ari da: pribatizazioen aurka (Kutxabank, zerbitzu publikoak…), gizarte babesa indartzeko (gutxieneko pentsioak, Nafarroako aldaketaren erabakiak, errenta sozialak, elikagai bankuak...), birbanaketa (udaletako tasa eta zerbitzuetan errenta eta irizpide sozialak barneratzea, Gipuzkoako aurreko zerga-erreforma, gutxieneko soldatak, negoziaketa kolektiboaren defentsa), tokiko garapena (garapen estrategiak eta tresna berriak), ekonomia soziala eta komunitarioa (kontsumo sareak, moneta lokalak, ekintzailetza komunitarioa), osasuna (erraustegien paralizatzea, frackingen aurka, erretrobiralak), prozesu parte-hartzaileak eta inklusiboak (arrazismoaren aurka, etorkinen eskubideak, lan-txertaketa).

Esperientzia guzti honetatik hainbat ideia atera daitezke: Berrikuntza Sozialerako edo gizarte-eraldaketarako energiak aktibatuta daude, eta bere ahalmen gorena erakustetik urrun dago; egungo esperientzia 1980-90eko hamarkadetakoa baino aberatsagoa eta anitzagoa da; ekimen hauek sakabanatuta daude eta beraien arteko sinergiak aprobetxatu gabe; ezkerreko alderdi eta sindikatuek dinamika sozialaz diagnostiko egokia egin nahi badute, analisietan esperientzia hauek integratu behar dituzte; indar aurrerakoien beherakadari aurre egiteko erakunde klasikoak berriztatzeko bide bat izan daiteke aldarrikapen, mobilizazio eta instituzio-dimentsioei eraikuntza eta sormen dimentsioak gehitzea; gizarte dinamika eta erakunde publikoen arteko kontraesan, osagarritasun eta elkarlan espazioak erakusten dituzte; gizarte eta ekonomia sistema injustu hau irauli edo eraldatu nahi bada, esperientzia hauek baliagarriak dira gizartea ahalduntzeko, trantsizio tresnak eta oinarriak sortzeko, utopiak errealitateen bidez indartzeko, bizi-esperientziak eskaintzeko, identitate komunitario eraldatzaileak eraikitzeko eta elkartasunezko balore aurrerakoiak hedatzeko.

Bilatu