Iratxe Urizar
GAUR8

Berriz min hau

Konpondu gabeko arazoek behin eta berriro bueltatzeko joera dute. Tortura, beste behin ere, agenda politikoan kokatu da bete-betean, Espainiar gobernua kondenatzen duten Estrasburgoko bi epaien eskutik, Oihan Ataun eta Bea Etxeberria gazteek aurkeztutako tortura salaketak ikertu ez zituztela leporatuz.

. Bi kasu hauek ez dira horien urrun gelditzen denboran, eta oihartzunak oraindik ere badiraute; Ataun oraindik ez da epaitua izan, eta ondo gogoratzen dugu Bea Etxeberriaren inkomunikaturik eman zituen egunetako testigantza, orain hiru urteko martxoaren hasierako egun horietan, kolore guztietako instituzio eta medioek emakumeen aurkako indarkeria salatzen zuten bitartean… euskal gazte honek pairatutakoaz entzungor.

Bi epai hauek jada emanak ziren beste hiruri gehitu behar dizkiegu. Denak Entzutegi Nazionaleko epaileek aurrera eramandako sumarioei dagozkienak eta bere garaian gazte hauek kontatzen zituzten tormentuei inolako egiazkotasunik emateko arrazoirik ikusi ez zutenak, Baltasar Garzon da horietako bat. Duela gutxi Jot Down aldizkarian eskaintzen zuen elkarrizketa bat epaile honek eta bertan, jakinaren gainean egon arren ezer egin ez zuen hainbat irregulartasun onartzen zituen gorritu gabe. Amedo eta Dominguez direla ziurrenik hatz-marka eman ez zuten espainiar Estatuko preso bakarrak esaterako, edota gatazka konponbide prozesu batean, egia, justizia eta erreparazioak duten garrantzia. Konplexurik gabe. Munduaren bestaldera eraman dion diskurtsoa erabiliz, Argentina, Txile bezalako herrialdeetara, non hobe zuen ikasi irakatsi baino.

Duela gutxi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta, Elisabeth Lira ikerlari txiletarrarekin Donostian solasaldia izateko aukera izan genuen. Lira, Tortura eta Espetxe Politikorako Nazio Komisioko (2003-2005 eta 2010-2011) kide izan zen, Valech Komisioa izenagatik ezagunagoa egin zena. Errekonozimenduaren bidean instituzioen inplikazioak zer garrantzia duen gogorarazi zigun, testigantzak jaso, dokumentazioa osatu eta erantzukizunak argitzeko bide horretan. Lan horretan sentsibilitate ezberdinak barnebiltzean (ezin ahaztu dezakegu tortura eta kartzelaldia pairatu zutenen nortasuna ezartzeko sortu zen Valech Komisioak bertan parte hartu zuen gotzainari zor diola izena) sentsibilitate ideologikoa dutenen aurrean proiektuak autoritate osoa izango du. Horren aldean eta gurera bueltatuz, bere burua giza eskubideen abangoardian kokatzen den Estatu espainiarrak 1970eko hamarkadaren bukaeran Komisio batek bildutako dokumentazioa publiko egiteari ezetz esan dio. Bilduma horretan, Euskal Herrian garai horretan tratu txarrak pairatu zituztenen inguruko informazioa agertzen da. Amaiur talde politikoak birritan eskatu eta gobernuak birritan ukatu dio.

Horrekin guztiarekin, hala ere, Liraren hausnarketa batekin geratuko naiz: estatuko biolentzia pairatu dutenen identitatearen bilketa oso garrantzitsua da egia, justizia, erreparazio eta berriro errepikatuko ez denaren bermearen bidean eta, horretarako, Egi Batzordeek beraien funtzioa ondo bete dezakete. Hala ere, bada arazo handi bat: egingarriak izateko, garai zehatz bati atxikituak behar dute izan. Denbora muga bat ezartzen da baina tortura ez da bat-batean agertzen den praktika bat. Txilen ere tortura ez zen diktadura garaian asmatu, lehenago ere erabilia zen. Bere praktika modu masiboan hedatu eta instituzionalizatzean izan zen gizartea mugitu zela, hori ondo ez zegoela salatuz. Tortura, gizarte baten demokrazia neurtzeko modua izan daiteke ere bai; handik gatoz, hemen gaude. Hori gara, hona hemen horren ondorioa. Eta hori aldatu arte, ezin ziurta daiteke berriro ez errepikatzearen berme hori.

Komisioaren lana funtsezkoa izan zen Txileko gizarteak torturaren existentzia errekonozitzearen bidean. Komisio hauen beste helburuetako bat inpunitatearekin bukatzea izan beharko litzateke: egindakoaz erantzun beharko duela ziur bada, ez du egingo.

Argentinan, ministro ohi bat, polizi buru bat eta tortura zentroko beste erantzule batzuk 13 urteko espetxe zigorretik biziarteko espetxe zigorretara kondenatu dituzte. Fase bat itxiz, gertatutakoa argituz. Gurean, oraindik errekonozimenduaren bidean, behin eta berriro mahaigaineratu beharreko gaia izaten jarraitzen du. Beak epaia bere urrundutako ziegan ezagutu du, eta inputaturik ez dela egon jakitearen minarekin. Min hau. Berriz min hau.

Bilatu