Judit Garcia
EH Bilduko batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Bi abiadurako ekonomia eta gizartea

Herri gisa etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezin dugu epe motzeko ikuskerarekin zein politika neoliberalekin jarraitu. Beste garapen eredu baten alde egitea lehentasunezkoa da.

Gure lurraldea oasi ekonomiko gisa irudikatzen duten agintarien mezu triunfalistei aurka eginez, langile andana eta sindikatu ezberdinetako ordezkariak izan ditugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan legealdi honetan. Azkenekoak, Ingemar-Usurbil eta Xey-Zumaiako langileak. Agerraldi hauetan behin eta berriz, tamalez, errepikatzen ari diren egoerak mahaigaineratu dira: enpresetako arduradunen utzikeria proiektu produktiboarekiko eta planta saltzeko edo deslokalizatzeko asmo garbia; kudeaketa iluna; instituzioen gaitasunik eza lanpostuak eta jarduera produktiboa mantentzeko gutxieneko bermeekin; langileen babesgabetasuna eta enpresarekiko inplikazio ekonomiko zein pertsonala eta sindikatuen borroka produkzioak martxan jarrai dezan. Honetaz gain, konstatazio bera: Estatutik inposatutako eta hemen baliatutako lan legediari esker, zein merke ateratzen zaion kapitalari plantak alde batetik bestera mugitzea edota saltzea, lurraldearekin inongo konpromisorik hartu gabe.

Logika neoliberala hemengo instituzioen oniritzi eta baliabide publikoen laguntzekin ematen da, gainera. Xey-Zumaiaren kasua horren adibide garbia da. Kapitalaren herena Eusko Jaurlaritzaren esku dago. Hala eta guztiz ere, ez du bilakaera ekonomikoaren jarraipenik egin, ez du informaziorik izan eta, une honetan, ez du gaitasunik taldeak Zumaiako planta ixteko duen asmoa baldintzatzeko. Politika ekonomikoak gero eta erabakigune urrunagoak dituzten enpresa handien interesen aldekoak dira. Enpresetara dirua bideratzen da, baina jarraipenik egin gabe eta maizegi, ikusten ari garenez, gizarteak ordainetan jasotzen duena langabezia eta prekaritatea izaten da.

Enpresen bizitza-zikloan, normaltzat har daiteke proiektuak aldatzen joatea, baina azken hamarkadan gertatzen ari dena, enpresak kanpoko kapitalari saltzea eta ekoizpena deslokalizatzea, politika neoliberalekin eraikitzen joan den sistema globalizatuaren ondorioa da. Lurraldean errotutako ehun produktiboa sustatu beharrean, lurraldea bera, instituzioak barne, ekonomian eragiteko gaitasuna galtzen ari da, elite ekonomikoaren mesedetan.

Instituzioek hamaika ekimen komunikatibo antolatu dituzte krisitik ateratzeko politikak eta kudeaketaren eraginkortasuna irudikatzeko. Baina, lurraldean aberastasuna sortzeko eta banatzeko politikak bultzatu beharrean, gure agintarien helburua da makroekonomiako adierazleak hobetzea. Barne produktu gordina, langabezia tasa eta enpresen esportazioak dira Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere estrategia planaren bidez, hobetu nahi dituen parametro hotzak. Adierazle horietan epe motzean eragin handia duten sektore eta ereduak bultzatzen ari dira.

Politika sektorialei dagokienez, eliteak sustatzen ari dira eta, horiekin elkarlanean, zehazten ari dira sustapen ekonomikorako politikak. Eliteen interesak sektoreen interesak direlakoan, lehen sektoretik hirugarrenera, eliteak pozik izatea da helburua. Horraino ematen du gobernantza berriak.

Tamalez, datuek adierazten dutenaren arabera, eliteen egoeratik harago, lurraldearentzako estrategikoak diren sektoreen osasuna eta aurrera begirako aukerak oso kezkagarriak dira. Gipuzkoako sektore industrialak 2008tik 2014ra 2.000 enpresatik gora eta 30.000 lanpostu inguru galdu zituen, eta honekin batera ekoizpen gaitasuna %30 jaitsi zen. Gaur egun, oraindik, oso urruti gaude krisi aurreko datuetatik, eta hilabete honetan bertan EAEko beste 2.000 lanposturen arriskuaren berri jaso dugu. Lehenengo sektoreari dagokionez, lanpostuen galera etengabea aspalditik dator eta azkeneko hamabost urteotan gizarte segurantzako kotizazioak %30 baino gehiago jaitsi dira. Baserritarren kasuan, beherakada %50 ingurukoa izan da.

Eliteetatik urruti dauden autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak, merkatariak, baserritarrak eta gainerako langileak makroekonomiako adierazleek irudikatzen dituzten hobekuntzetatik at geratzen ari dira. 2016an inoiz baino aberastasun gehiago sortu da Hego Euskal Herrian, baina ez da eliteetatik kanpo islatu, aberastasunaren banaketa askoz ere ezberdinagoa baita.

Bi abiadurako ekonomia sustatzen ari da gurean eta prekaritatea zabaltzen ari da jendartean. 2016. urtean Hego Euskal Herrian egin ziren kontratu berrien %8,1 bakarrik ziren mugagabeak eta sinatutako kontratuetatik %36,4 lanaldi partzialekoak ziren.

Gero eta agerikoagoa den errealitate hau ez da bide ofizialetatik jasotzen dugun bertsioan islatzen. Bide horietatik, Gipuzkoaren egoera onaren irudia helarazten zaigu etengabe. Azken hilabete honetan, berriz, Batzar Nagusietatik pasatu diren ELA eta LAB sindikatuek, garapen agentzietako kideek eta Adegiren irizpideetatik urruti dauden enpresa munduko hausnarketek kezkatzeko errealitate sozioekonomiko zailago baten berri eman digute.

Orkestra Institutuak azkeneko 10 urteetan Euskadiko lehiakortasunari buruz egindako diagnosiaren ondorioetan, euskal ongizatearen ereduari buruzko hausnarketa estrategikoa behar dugula esan du. Ados gaude, herri gisa etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezin dugu epe motzeko ikuskerarekin zein politika neoliberalekin jarraitu. Beste garapen eredu baten alde egitea lehentasunezkoa da, herria eta herritarren zaintza, aukera berdintasuna, lan baldintza duinak, kalitatezko elikadura, osasuna, hezkuntza eta ingurumenaren zaintza politiken erdigunean kokatuta. Aukerak baditugu. Lurraldearen garapen iraunkorrerako politikak zein epe motz, ertain eta luzerako estrategiak hemen erabaki behar ditugu. Horretarako, burujabetza politiko zein ekonomikorako bideari ekitea beharrezkoa da.

Bilatu