Josu Iraeta
Idazlea

Bide onetik goaz

Estatutik estatura, sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia minoritarioen arazoek modu desberdinak hartzen dituzte. Nazio arazoa bera ez da arazo berdina Jugoslavian, Italian, Frantzian edo Espainian. Horrela diote eta egia da.

Erakunde estatal bat daukagunean, eta nazio bat baino gehiago haren barruan, desberdinak beren artean (estatu plurinazionala), zein izan daiteke jokabide hoberena: askatzea, beraz, nazio bakoitzak bere erakunde estatal berjabea burutzea? Estatu berean elkarrekin jarraitzea, federazio edo konfederazio gisa? Arazoa hori da.

Beharbada horregatik helburu zehatzak argi jakinarazi eta hauek denei ongi ezagutaraztea derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioaz, elkarte nazional arrotzetatik estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita, estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik demokrazia teoriko hutsa den Estatu espainolaren baitan bizi garela, eman beharreko urratsak ongi neurtu beharrean gaude, aurre egin nahi badugu.

Euskal ezker abertzaleak –edo Antonio Gramscik, italiar idazleak, esango lukeen bezala– “ezker abertzale historikoak” azken berrogei urte hauetan erakutsi du –ongi erakutsi gainera– borrokan badakiela, baina orain «politika egiten» ere badakiela erakutsi behar du.

Ezker abertzaleak gobernatzeko gauza dela erakutsi behar du. Orain, jendetzaren konfiantza irabazteko, kudeaketa publikoa eramateko «teknikoki» gai dela erakutsi beharra dago. Ez oposizio egiteko bakarrik. Horretarako koadroak ez ezik, jende ongi prestatua eta antolaketa sakona behar da. Bestela, jendeak haren oposizio lana estimatuko du, baina ez du aginpidera eraman nahiko.

«Demokrazia» politiko kontrolaezineko ia 50 urte luzetan, eginkizun publikoen agintea kasta berri baten pribilegio izan da eta da. Jendetzari sinetsarazi diote, kudeaketa publikoa ikaragarri gauza konplikatua dela eta tekniko batzuek bakarrik dakitela hori eramaten. Are gehiago, horien kudeaketan konfiantza behar duela, ustelkeria ugari ikusten badu ere.

Garai berriak sortu nahi ditugu, eta garai berri horietara egokitzen hasi beharrean gaude. Orain arte, Euskal Herriko jendetzak, biztanleriak –nahi ala ez–, erreferentzia garbi eta seguru bat izan du azken hamarkadetan: ETA. Autoritate zaila, baina era berean irmoa. Kontrolatzerik ez zegoen justu zer zen, baina autoritate oso-osoa zen. Autoritate bezala osoki aitor zitekeena eta harekin osoki identifika zitekeen, nahiz ez partaide izan…

Orain? «Gehienetan» nahiko erraza da, buruzagi-agintariei jarraitzea. Horiek zer diren eta zer dabiltzan ikustea, eta zein demokratago bai edo ez, lehian dabiltzan arren, ez dira jendetzak behar zuen eta duen erreferentzia garbia izatea iritsi. Agian oker dago jendea eta ezin daitekeena eskatzen du.

Bestelako denborak dira, ordea. Bestelako dohainak behar ditu gaurko agintariak, baina hala ere, lan sendoaren emaitzak izango dira datozenak. Edo ez dira izango.

Egia da etsaiak –Estatu espainolak– gure sukaldeko altzari gehienak, askotan, hankaz gora jarri dituela eta ez dela erraza bertan plater goxorik antolatzea. Egia da, bale, baina nire ustez, ezker abertzalea osatzen duten alderdiak «lehen» ganbaran gordeta zegoena jaten ari dira. Denbora aurrera doa eta oraindik, handik bizi dira, eta errentatik ez dago luze bizitzerik.

Gaur ez daude, egia da, hainbeste erakunde politiko, baina –nire ustez– orduan bezala gaur, alternatiba gutxi eta alderdi asko dago hemen.

Betidanik, borroka luze eta gogorrez bakarrik lortzen baita askatasuna. Beraz, nola edo hala, iraultza da eta lortzen denean festa izan ohi da. Gero –ez dakit noiz–,  baina festa egunak pasatzen direnean, nazio sentimenduak epeltzen hasten dira. Arras normala. Arazo berriak laster agertuko dira, eta lehen hainbesteko garrantzia zuten gauzei –nazio hizkuntzak adibidez– garrantzi gutxiago ematen zaie.

Ataka hori ez da politikarien afera hutsa, baina egiazkoa da eta horregatik, kontuak garaiz ateratzea hobe. Egia baita, herri zapalduan aukera gehiegirik ez dela izaten nazio hizkuntzak galdutakoa berrirabazteko. Gaur bertan, gaztelania euskara zapaltzen ari baita. Horregatik entzuten dugu, tolerantea izan behar dela, zapaltzailearen hizkuntza besterik ez dakitenekin. Ez dela gehiegi eskatu behar. Baina agian aukera gehiago izateak gogo gutxiago ere ekartzen ahal du. Eta nahi omen «luketelako» hartatik; ezin dutela, zaila dela, ez dela hain garrantzitsua….

Lehen nioen helburu zehatz eta argiaren ezagutza ezinbestekoa dela, orain gehiago sakonduz, berriro Estatuari begiratuko diot.

Helburuen arabera, estatu kontzepzioak teoria eskatzen du eta teoriak, adimena eta buruargitasuna. Ezinbestekoa da, gizarte zibilak pentsatzen duena jakin eta behar bezala ulertzeko. Gizarte zibila ez baita batasun hermetiko bat, sailkatuta dago mila era, talde eta maila sozialetan. Derrigorrezkoa ikusi arren, esperientziak erakusten du, alderdiaren adimena, lana eta indarra, zuzen-zuzenean txertaturik beharrezkoak direla. Horrela, lan sendoa eginez, «borondate kolektiboa» lor daiteke, eta horrekin, aginpide politikoa eskuratzea posible da.

Nik horrela uste dut, baina hala ere kontuan hartzekoa da «borondate kolektiboaren» bidetik jo beharrak, ustekabean, agintariak aldatze hutsa ekar dezakeela. Eta hori ez da helburua.

Bilatu