Gorka Elejabarrieta
GAUR8

Bidea egiten Katalunian

Kataluniak independentziarako bidean pauso irmoak ematen jarraitzen du. Zentzu horretan, aurtengo Diada egunean antolaturiko 400 kilometroko giza katea benetan arrakastatsua izan da.

Iritzi ikerketek plazaratu dutenez, Katalunian jendartearen gehiengoak independentziaren alde egoten jarraitzen du, eta lehenago egindako ikerketekin alderatuz joera horrek goraka jarraitzen duela aipatu beharra dago. Jendartearen gehiengoa alde. Baina hori baino garrantzitsuagoa dena, eta azken urteetako Diadetan eta bestelako ekimenetan argi ikusi dena, jendartearen parte oso handi batek bide horretan aurrera egiteko bere burua inplikatzeko prest jarraitzen du. Gero eta gehiago dira inplikatzen direnak, gero eta konbentzituago daude.

2014an erreferenduma antolatuko dute. Barne tentsio izugarriak daude Katalunian, eta kanpo presio are handiagoak ere. Baina guzti horren gainetik herri baten borondatea dago. Horregatik uste dut 2014an erreferenduma egingo dutela, traba guztiak atzean utzirik. Jendartearen gehiengoa independentziaren alde dago, baina erabakitzeko eskubidearen alde daudenak gehiago dira. Katalunian oso gutxi dira, gero eta gutxiago, erreferenduma oztopatzeko intentzioa daukatenak. Baita unionisten artean ere.

Horregatik, eta giroa epeldu beharrean gero eta gehiago berotzen ari dela ikusirik, ez dut uste CIUk erreferenduma atzera botatzerik daukanik. Politikoki bere buruaz beste egitea litzateke. Jendarte zibila da prozesu honen motorra eta horregatik ez du atzera bueltarik. Mugaren beste aldean Estatu espainolaren presioa, mehatxuak eta erasoak daude. Hauek ere denbora aurrera eginez areagotuko dira, baina Rajoyren gobernuak arazo larri bat dauka. Gobernu espainolaren jarrera eta ekinbide ez demokratikoak independentista gehiago sortzen ditu Katalunian. Zenbat eta posizio gogorragoa izan, gero eta independentziaren aldeko boto gehiago.

Erresuma Batuak 1998an bere estatuaren erreforma burutu zuenean ez zuen egin abertzaleen mesedetan, baizik eta etorkizunean Batasuna mantentzeko modurik eraginkorrena zelakoan. Oroitu 1998an berretsi zituela Ostiral Santuko bake akordioa, Eskoziako Akta eta Galesko Akta ere. Bere estatu barruan zeuden nazioei gobernu eta eskubideak eman, independentismoa geldiarazteko asmotan. Horien garapena herrietako bakoitzean ezberdina izan da.

Erresuma Batua aldeen arteko joko arauak aldatzeko prest agertu zen, konfrontazioa ahalik eta gehien demokratizatzeko asmotan, jakin bazekielako Eskozian, Irlandan eta Galesen jarrera ez demokratiko batek independentisten kopurua handitu besterik ez zuela egingo. Joko mahaiaren beste aldean alderdi abertzaleak daude, eta beraien azken hamarkadako agenda politikoaren lehentasuna independentziaren aldeko indarrak biltzea izan da. Eta hor jarraitzen du borrokak.

Balantzaren beste aldean, eskoziarrek badakite aurrera daramaten prozesuak garantia demokratiko guztiak izango dituela, eta erabakiko dutena errespetatua izango dela. Bai Erresuma Batuaren partetik eta bai nazioarteko komunitatearen gehiengoaren aldetik.

Katalunian ez da hori gertatzen. Gobernu espainolak ez dizkio subjektu izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortzen. Nazioartean presio eta lan diplomatiko handia egiten ari da, nazioarteko komunitatearen aldetik inolako onarpenik egon ez dadin. Baina, prozesu honek duen (Eskozian ez bezala) jendartearen inplikazio masiboak legitimitate osoa aitortzen dio, bai bere herriaren aurrean eta bai nazioarteko komunitatearen begien aurrean. Aurtengo Diadak nazioarteko komunikabideetan jaso duen oihartzuna ikustea besterik ez dago horretarako. Duela gutxi Naiz-ek argitaratutako elkarrizketa batean Mario Zubiagak esaten zuen bezala, «lehenengo erabakia da eta gero eskubidea». Eta erabakitzeko bidean doa Katalunia.

Bilatu