Xabier Arregi Gordoa

Biktimak bi mendez

Gatazka politikoetan aurkaria erabat arbuiatu gura denean, modu eraginkorrena izaten da berari izaera morala nahiz politikoa ukatzea, ez aitortzea solaskide modura, ez behintzat parekotasunean.

Planteamendu hori sendotu egiten da talkak indarkeria fisikoaren taxua hartzen duenean, eta garaile militar-poliziala dagoenean. Kasu horretan asimetria nabarmenagoa egiten da, eta garaileek interes handia izaten dute garbi gera dadin indarraren garaipena ideia zuzenen eta legitimotasunaren garaipenarekin batera etorri dela. Horren ondorioak izaten dira garaileen helburuak eta indarkeriazko ekintzak legitimotzat jotzen direla, eta garaituarenak doilortzat. Gatazka egoeraren arrazoiak, errua, osotasunean, garaituari leporatzen zaizkio. Garaitua deslegitimatze horretan esangura historikoz ere eranzten da beraren jarduna, zentzu barikotzat joz, loturarik ez baleuka moduan inolako gertaera kate historiko edo politikorekin.

Deuseztatze edo gutxieste moral, politiko edo historikorako argudio ugari erabiltzen da, garaiaren eta garailearen gustura: garaituak ideia totalitarioak ezarri gura dituela, estatuaren eta legezkotasunaren nagusitasun politikoaren eta moralaren aurka jokatzen duela, historiaren aurrerabidearen aurka diharduela, oinarrizko giza eskubideei erasotzen diela. Denak ere nahikoa argudio manipulagarriak izaten dira eta horien erabilera intelektuala, nola praktikoa, interesatua eta okerra izaten da. Komeni denean historia erabiliko da norberaren aldeko argudio modura eta komeni denean norbanakoen eskubide hutsen dogma jartzen da edozein gorabehera historiko, politiko edo komunitarioren gainetik.

Baina garaipen militarra eta garaituaren gutxiespen politikoa, morala eta historikoa ez da nahikoa izaten garailearendako, eta hori bezain garrantzitsutzat jotzen du gerora garaipena goretsiko duen kontaketa berea egitea, eta horretarako ezinbestekoa izaten zaio gatazkak eragin duen oinazearen kudeaketa patrimonializatzea. Era horretara, sufrimenduan ere asimetria ezarriko du, oinaze ezberdinen artean bereiziz, eta esangura eta aitortza maila hierarkizatu batean txertatuz. Horrela garaituei baita bere inguruko guztiei, senideei, kide politikoei- era bateko edo besteko zigor erantsiak ezarriko zaizkio, egunerokotasuna zailduz, erbesteraketak bultzatuz, iritzia emateari mugak jarriz, oroitzapena jazarriz…, neurri bariko ankerkeriara iristeraino batzuetan; aldi berean, garaileen oinazea aitortzen eta leuntzen duten neurriak ere hartzen dira.

Alderdi politiko moraletik garaituari bere bekatuen aitormena exijituko zaio, zoru etikoak ezarriz, garaileen gogoko sapai politikoaren ezarpena disimulatzeko. Oroimenean ere sartuko du eskua garaileak, eta erabakiko du zein den oroimena eta aitortza merezi duen gertaera edo biktima, eta zein ahaztu beharrekoa. Hemen, adibidez, erabaki dute frankismoak eragindako biktimek ez dutela oroimenik merezi ez gerra garaikoek ez diktadura pekoek: 1975eko irailaren hogeitazazpian afusilatutakoek, adibidez.

Biktimen, biktima politikoen, faltan ez gaude Euskal Herrian. Azken bi mende pasatxotan, gaur egun arte, eten bariko indarkeria politikoa ezagutu dugu: gerrak, diktadurak, jazarpenak. Horien ondorio ankerrak ugari izan dira. Iraultza frantsesak ekarritako heriotzak, erbesteraketak, Iparraldean. Hegoaldean, XIX. mende hasieratik hona, hiru gerra latz, diktadurak, jazarpen etnozidak, ezagutu ditugu. Eraso luze horri koherentzia politiko historikoa eman diona Espainiaren batasun zatiezina ezartzeko egitasmoa izan da. Helburua ondo zehaztua geratu zen XIX. mende hasieratik, Cadizeko konstituzioan: hots, gure lege foru sistema independente, jatorrizko eta errepublikazalea ezabatzea eta espainiar batasun, zatiezin “liberala” ezartzea. Hori izan da euren asmoa, eta bete dute.

Egingo bagenu egitasmo horren ezarpenak gure herrian eragin dituen hildakoen, erbesteratutakoen, migraziora derrigortutakoen, torturatutakoen… zenbaketa, emaitzak ikaragarriak izango lirateke, eta jarriko gintuzke genozidio isil eta luze baten proportzioetan. Hala izan da XIX. eta XX. mendetan hainbat lekutan. Matxinada foruzaleen garaietan bakarrik, gogora ditzakegu Arlaban, Irungo arpilatzea, Bilboko setioa; orainago, 36-39ko gerratean, Elgeta, Nafarroako errepide bazter eta leizeak, Gernika, eta gerra horren ondoko jazarpen ankerrak. Ez ditugu ahaztu behar Bilboko kartzeletan UGTkoek, sozialistek, sarraski batean, hil zituzten ehunka lagunak mendeku ekintza zital batean; horietako asko baserritar, kaletar, euskaldunak eta euskaltzaleak, ez zekitenak zer egiten zuten han. Horiek guztiek ez dute barkamen eskerik merezi, edo gorazarrea egingo dien oroitza museorik.

Hori dena gogoan, harrigarria egiten zait Euskal Herri osoan ez izatea azken bi mendetako egitasmo unionistaren ezarpenak eragin duen oinazearen oroigarria izango den tokirik, ez egotea gure arbasoendako aitortzarik, ezta inoren barkamen eskerik. Ulertzekoa da indar espainiarrek kontu horiek ezkutatzea, edo gure zaharren oinazea mesprezuz begiratzea, gure arbasoak atzerakoiak (karlistak-eta…) ei zirelakoan, eta indar espainiarrak “aurrerakoiak”. Azken baten hortik bizi dira, eta aitortza eta barkamen eskeak euren egitasmo politikoa, espainiar konstituzionalista bera, auzitan jartzea eskatuko luke. Ez da hain ulergarria guk ere hori estalita gordetzea, lotsa antzean. Garrantzitsua da oroitzea, baina ez da gutxiago ez ahaztea.

Bilatu