Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García, Joxe Mari Muñoa
Etikarte

Botoa nori eta zertarako? (II)

1-Maiatzeko hauteskundeak gero eta hurbilago ditugun honetan, gaurkotasun handia du milaka euskal herritarrek beren buruari egiten dioten galdera horrek. Behin baino gehiagotan egin dugu gogoeta gai honi buruz. Oraingo honetan ere ongi eta erantzukizunez hautatzea dagokigu.

2-Datozen hauteskundeak, baldintza sozial eta ekonomiko onenetan izango ez badira ere, erabakitzeko askatasun esparru batean gauzatuko dira, eta gogoan  izan behar dugu ez dela beti horrela izan gure herrian: bai hauteskunde mapa eta bai hautatuen geroa baldintzatuta egon baitira. Ez genuke hori ahaztu behar.

Krisi ekonomikoa oraindik indarrean dugula, erakunde publikoekiko eta haiek ordezkatzen dituzten pertsonekiko konfiantza kinka larrian dagoen honetan, hauteskundeetan parte hartzeak erantzukizun are handiagoa eskatzen die bai hautesleei eta bai hautagaiei.Horregatik, kezka sortzen digute iritzi publikoan oihartzuna izateko xedez era itogarrian egiten ari diren kanpainaurrearen zenbait alorrek. Egia da hauteskunde-prozesuek muturrera eramaten dituztela alderdien arteko aldeak, baina boto gehiago lortzeko helburuak ez du justifikatzen hauteskunde-borrokan edozein prozedura erabiltzea. Promes faltsuak, mezu engainagarriko hitzontzikeria iruzurgilea, aurkarien kontrako etengabeko deskalifikazioak, irainak, arerioaren fama belztea beste helbururik ez duten eguneroko salaketa publikoak, erdi-egien bidezko informazio manipulatzaileak, herri-ordezkaritza eta espazio publiko osoaren monopolio bidegabea, jarduera politikoaren judizializazioa,“eta hik gehiago…"bezalako argudio pobreak… horiek guztiek zeharo degradatzen dute aktibitate politikoa eta zerbitzu kaskarra egiten diote bakearen eta bizikidetasun demokratikoaren kausari, guztiak hitzez horien alde agertu arren, praktikan ez baitute halakorik erakusten. Horrela dantzatzen da “ustelkeria-opereta” hau,errua beti besteari egotziz.

Beharrezkoa zaigu, ahal den eperik laburrenean, birgaitze demokratikoa xede duela,premiazko neurriak biltzen dituen programa bat. Hor jaso beharko dira ustelkeria modu guztiekiko zero tolerantzia, baliabide publikoak arrazionaltasun zorrotz eta arduratsuz kudeatzeko etika, alderdi politikoen legearen errebisioa, alderdien demokratizazioa, hauteskunde legea eta zerrenda itxien sistema, etab.

3. Zehazki, herritar bakoitzak juzkatu eta hautatu behar du, aurkezten zaizkion hautagaitza eta programen artetik. Juzku arduratsu horretan datza, neurri handi batean, demokraziaren kalitatea, zenbait alditan, hautesleak promes faltsuen bidez limurtzeko formulatzen baitira programak. Beste batzuetan, lortu ezingo dituzten aldaketak agintzen dituzte hauteskundeetara aurkezten diren alderdiek eta taldeek. Ez da, beraz, harritzekoa, herritarren eszeptizismoa gero eta handiagoa izatea. Oso gutxitan aitortzen da beste aukera politiko bat ordezkatzen dutenen jarduera egokia eta nekez adierazten dira honelakoak: “Guk eramango dugu azken burura gure aurretik egon direnek hasitakoa”. Alderdi batzuen portaerak, berak pausoa aldatuta eramanik, desfilean doazen gainerakoei pausoa oker eramatea egozten zien soldaduarena gogorarazten digu…Kontu handiz egin beharrekoa eta zaila iruditzen zaigu, bestalde, hautagaitzen osaketa, hautagai guztiak ez baitira beti ongi prestatuta egoten hautesleen aldetik eskatuko zaienari erantzuteko.Hautagai gehienei aitortzekoa zaien arren erkidegoari beren zerbitzua eskaintzean erakusten duten eskuzabaltasuna, kontuan izan behar da, orobat, arazo askori irtenbidea emateko guztiz beharrezkoa dela prestakuntza tekniko eta profesional egokia, eta hori ez da ohikoa izaten.Hautagaiaren konpromisoak norberaren programarekiko leialtasuna eta beste aukera batzuk aldezten dituztenekin lan egiteko prestasuna konbinatzeko ahalmena eskatzen du, zeren eta itunak egitea, malgutasunez negoziatzea eta akordioetara heltzea ez baitira etsitzearen eta amore ematearen sinonimoak. Prestasun horrek, kritikarako ahalmenarekin batera, autokritika egitera obligatzen du.

4.Erkidegoan bizitzeak, bestalde, azterlan serio eta objektiboak egin ondoren, praktikara eraman daitezkeen proiektuak, aurrekontuak eta planak gauzatzea eskatzen du, norberaren itxaropen guztiak asetzen ez dituzten kasuetan ere. Desadostasunean elkarri leial izateak herria eraikitzen du, masa izan ordez. Aktibitate politikoa ez da, esan izan den bezala, irabazi ala hiltzea, edo agonia-egoera batetik irtetea “zerua irabazteko”, edo “gerra egiteko beste modu bat”, baizik eta agindu dena egingarri eta eraginkor egitea.

Jarduera politikoa eta konpromiso soziala, bere akats guztiekin, gizarte zuzenago, zintzoago eta egiazkoago baten alde lan egiten dugun guztiok ezagutu dezakegun zeregin prestuen eta ederrenetako bat da.

Bilatu