Igor Estarellas Lacasa
Osakidetzako langilea

Darpon eta osasun sistemaren txertoa

Urrian diru publikoak ordaindutako propaganda berri baten lekukoak izan gara, “Galaxien arteko gerra” filma erabiliz txertoaren kanpaina berria sustatzekoa; Goebbelsekoaren modukoa eta helburu hau bilatuz: EAJ-ri esker, txertoak dauzkagula eta merezi ez dugun osasun sistema ere badaukagula erakustea eta sindikatukoek haien gestioa zikindu nahi dutela herritarroi ulertaraztea.

Baina gure osasun sistemaren atzetik dagoen errealitatea borroka bat da, Star Wars-ena bezalakoa, baina kasu honetan onura pribatu eta onura publikoaren artekoa, eta hain luzea denez aukera daukagu egiteko bai trilogiak, bai aurreko eta hurrengo filmak ere.

Aipatu dudan bezala, hau ez da berria, gure osasun sistema gaixorik jaio zen Azkuna eta Bengoa jaunen eskuetatik eta ez zen hobera joan Inclan jaunarekin. Baina azken bi legealdietan, kapitalismoaren berrikuntzarekin eta Bengoa «aditua» osasun publikoaren enbaxadore bihurtuta, urrats txar eta oso arriskutsua eman dugu «iraunkortasunerantz». Gure Osasun Publikoa ez omen da iraunkorra eta horregatik zatika saldu behar diegu enpresa pribatuei.

Osasun Publikoaren enbaxadorea, Bengoa, hedabideetan ateratzen zen sare publikoa babesten eta botiken berrordainketaren kontra zegoenez azaltzen; areto ilunetan ostera, enpresariei oportunitate berriak eskaintzen zizkien eta berrordainketa, ezarri baino lehen, moldatu behar zela azaltzen zien.

Bere atzetik Darpon heldu zen, Bengoaren arrakastaz liluratuta, bere irakaspenak jarraitzea erabaki zuen. Gaur, esku batekin zer ondo dagoen Osakidetza erakusteko propaganda banatzen duen bitartean, beste eskuarekin Osasun Enporioarekin negozioak antolatzen ditu. Eta hori azaltzeko hona hemen bi lagin hauek:

Lehenengoa da Onkologikoaren Integrazio funtzionala. 2013ko martxoaren 7an legebiltzarrean, UPyD, PSE eta EHBildu-ri esker, Onkologikoa Osakidetzan integratzea erabaki zen. Aste bat geroago Onkologikoaren langileriak eskerrak emateko gutuna aurkeztu zuen legebiltzarrean. Baina Darpon jaunak bost hilabetez Kutxarekin antolatutako negozioa bide bakarra zela esan zuen eta izena aldatuz, integrazio osoa «integrazio funtzionala» bihurtu zigun. Onkologikoko langileria sinetsi ezinik geratu zen, nola legebiltzarrean hartutako erabaki bat perbertitzen zuen ikustean. Gaur Onkologikoa Ospitalea nahiz eta %85 diru publikoarekin ordainduta egon Logik Klinika bihurtu da integrazio funtzionalari esker.

Bigarrena eta zabalagoa (37.154 m2), Urdulizen «nahigabeko» esku pribatuen sartzea, dirudienez aurreikuspen faltagatik, 2010 urtean iragarri zen eraikuntza honetan ez omen dutelako beste aukerarik izan. Kasu honetan, Villar S.A. garbiketa enpresa lizitazio moldaketa bati esker sartu da ospitalean, hau da, G/207/20/1/0597/O441/0000/022014 lizitazio espedientea moldatu da eta lehenengo arretako osasun zentroak garbitzetik, anbulatorio horiek eta ospitaleko irekitako zatia garbitzera pasatu dira, prezio berean urtebeteko prorroga baten truke!!

Gaur egun espediente horren moldaketa ez da argitaratu, 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa bete gabe, baita ere Europako parlamentuko kontratazio publikorako 2014/24/EU direktiba bete gabe eta, beti bezala, Osakidetzako langileen lan akordioa ere bete gabe. Azken hau, Osasun sailburuaren kabinete zuzendariaren arabera agortuta dago orain dela 7 urte eta haiek beti betetzen dute indarrean dagoen arautegia.

Bigarren puntu horretatik azpimarratu behar dut ordenamendu juridikoaren kontrako jokaera honen arduraduna ESI Uribeko gerentea dela, eta bere senarra ere, arduradun subsidiario bezala, Osasun Sailburua den heinean. Nire uste apalean legeak ez betetze hau fede txarragatik edo aurreikuspen faltagatik izan da, baina bi kasutan egoera derrigorrez konpondu behar dute, eta legea ez betetzeagatik, beharbada, dimisioren bat eskaini.

Besterik gabe, agurtzen zaituztet triste, Darpon jauna Osasun sailburua berriz dela ikusteagatik. Osasun sailburu euskaldun batek Osasun sistemari txertoa jarriko liokeela espero nuen, benetako Osasun publikoa eta demokratikoagoa izateko. Baina ziur aski, saria eman diote Darpon jaunari bere papera ez egiteagatik, hau da, osasun publikoa defendatzea.

Bilatu