Asier Blas
Daviden aldeko elkartasun asanblada

David eta besteak aske nahi ditugu

Guztiei salbuespen legedia ezarri diete eta horrek abokatu eta atxilotuen arteko komunikazio oztopatu du nabarmen, ondorioz, ziurgabetasun egoeran eta babes juridiko gabe egon dira. Ez da harritzeko, neoliberalismoaren eta inperialismoaren kontra borrokatzen dutenen aurka horrelakoak ohikoak dira EBean. Horregatik da garrantzitsua irailaren 25eko epaiketaren aurrean David eta gainontzeko atxilotuekin elkartasuna adieraztea eta beraien egoera salatzea.

Preso politikoak daude, hemen, Estatu espainiarrean eta Europar Batasunean (EB). Bai, Europar Batasuneko herrialde desberdinetan zure ideologiagatik atxilotu zaitzakete eta kartzelara eraman. Espainiak interneteko sare sozialetan eginiko txiste politikoengatik jazarri zaitzake, batez ere ezkerrekoak edota separatistak badira. Erreferendum bat antolatu nahi duzula herriari kontsultatzeko? Zureak egin du. Baina ez pentsa Espainia salbuespena denik, EBk ez du gehiegi atsegin herrien borondatea, batez ere neoliberalismoaren aurkakoa bada, erreferendum ugari ez ditu hartu kontutan eta beste batzuk, Greziakoa bezala, emaitza kontutan hartu zuen greziar herria gehiago zigortu eta pobretzeko.

EBeko herrialdeetan politikariak kartzelaratu dira beraien ideologiagatik eta herritarrak atxilotu dira eta unibertsitateko irakasleak kanporatu EBaren edota NATOren aurkako gogoetak Facebooken argitaratzeagatik. Disidentziaren gaineko kontrolak ez du gehiegi diskriminatzen, Giulietto Chiesa, kazetaria eta Europar parlamentari ohia lehenengo Demokrata eta Liberalen taldean eta ondoren Sozialisten taldean, Tallinnen lurreratu zen hitzaldi bat emateko eta Estoniak detenitu eta deportatu egin zuen EBaren oniritzi isilarekin.

Adierazpen askatasuna urratzea larria da, baina ez da bortxatu den eskubide bakarra, bestela galde diezaietela EBeko herrialde desberdinek sortu, sustatu edota babestu dituzten gerretako biktimei, ez da gai ezta ere ihesi datozen errefuxiatuei behar bezalako harrera emateko. Ez da harritzekoa, Europar klubean bertan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 15.1 artikuluaren kontra, laugarren eta bosgarren belaunaldiko «etorkinen» seme-alabak jaiotzen direnean Letonian eta Estonian aberrigabeko gisa jaio dira, herritartasunik gabe. Halere, beraientzat ez dago elkartasun kanpainarik. Berdin gertatzen da Hamburgera G20aren kontra protesta egitera joan eta atxilotuak bukatu duten herrialde desberdinetako pertsonekin. Horien artean dago David Rincón bilbotarra.

1970. hamarkadan zehar sortu zen G7a, krisi ekonomiko latz baten erdian. Mendebaldeko zazpi herrialde aberatsenek osatzen dute: Alemania, Amerikako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada. Talde honen helburu nagusia nazioarteko politikari eta ekonomiari buruzko diagnostiko eta ekintza plan adostuak egitea da, beti ere Mendebaldeko herrialdeen eta beren aliatuen interesak babestu eta sustatzeko.

Urteak dira G7ak errezeta neoliberalak eta inperialistak munduan zehar barreiatzen dituela. Halere, herrialde batzuen gaineko kontrola galtzen joan den heinean, ezinbestean taldeak garrantzia galdu du eta beste egitura batzuk sortu ditu munduan eragiten jarraitzeko. 1999an Asiako krisi ekonomikoari aurre egiteko G7ak bilera bat burutu zuen beste herrialde batzuekin egoera kontrolatu ahal izateko. Talde horrek baina, ez zuen funtzionamendu dinamika egonkor bat hartu 2008ra arte. Urte horretan nazioarteko krisi finantzarioak eztanda egin eta G7ak goi bilera bat deitu zuen Washingtonen munduko herrialde aberatsenen artean eta gorabidean zeuden herrialdeen artean. Guztira, 19 herrialde gehi EB munduko biztanleen etorkizun ekonomikoa erabakitzeko era ez demokratiko batean eta neoliberalismoa hauspotzeko borondate irmoarekin.

Urtero biltzen da G20a pertsonen, herrialdeen eta naturaren etorkizuna erabakitzeko gurekin kontatu gabe. Beraien artean interes kontraesankorrak egon arren, orohar, neoliberalismoa sustatzea dute helburu, sufrimendu eta pobrezia sortzen duen sistema ekonomikoa elikatzea aburu. Motibo ugari daude G20aren aurrean protestatzeko, aurten mundu osotik ailegaturiko manifestariak gerturatu ziren Hamburgera. Protestek jakinarazi nahi diete boteretsuei herriari bizkar emanez agintzen dutela, gehiengoaren eta naturaren interesen kontra ari direla.

Hamburgen Alemaniako gobernuak gogor erreprimitu zituen manifestazioak. Poliziak 41 pertsona atxilotu zituen, horietako bat David Rincón bilbotarra, lagunekin afaltzen ari zenean. Guztiei salbuespen legedia ezarri diete eta horrek abokatu eta atxilotuen arteko komunikazio oztopatu du nabarmen, ondorioz, ziurgabetasun egoeran eta babes juridiko gabe egon dira. Ez da harritzeko, neoliberalismoaren eta inperialismoaren kontra borrokatzen dutenen aurka horrelakoak ohikoak dira EBean. Horregatik da garrantzitsua irailaren 25eko epaiketaren aurrean David eta gainontzeko atxilotuekin elkartasuna adieraztea eta beraien egoera salatzea.

Bilatu