Iratxe Urizar
GAUR8

Denborak ez du etenik

Normalean gertatzen ez bada ere, bulegoan badugu epaileak sakon eta luzarotik ikertzen ari diren tortura salaketa bat. Orain egun gutxi jaso berri dugu epaitegitik beste jakinarazpen bat (mugimendua dagoen seinale ukaezina).

Kasua 2012. urtearen hasieran atxilotu zuten gizon batena da: Guardia Zibilaren esku hiru egunez inkomunikatua egon eta gero, tortura salaketa aurkeztu zuen, eta ordutik ari da auzia atzera eta aurrera. Epaitegia ia segituan jarri zen lanean, eta oraindik ere horretan ari da. Hala ere, epaileak kasuaren gaineko interesa agertu badu ere, ez da, pentsa genezakeen bezala, zer gertatu zen argitu nahi duelako, noiz eta non gertatu zen zehazteko baizik. Bai, ondo irakurri duzue. Izan ere, auzia Donostian aurkeztu zenetik, Gipuzkoako Lurralde Auzitegitik beste herrialde batzuetakoetara hara eta hona dabil. Gizona Gipuzkoako bere etxean atxilotu zuten, eta handik Madrilera eraman. Bada, auziaren espedientea bera ere Madrilera bidean diren hainbat auzitegira bidali dute jada. Orain urtebete, deklarazioa hartu zioten biktimari, bideokonferentziaz; izan ere, espetxean daukate, urrunduta, epaiketaren zain. Bertan, hainbat galdera egin zizkioten, eta agerian geratu zen zein zen galdeketaren benetako asmoa: zehaztea tratu txarrak non hasi ziren, erabakitzeko nork hartuko zuen kasua bere gain. Horrela, eta lotsagorritzeko inolako beldurrik gabe, kolpeak hasi ziren unean non zegoen ba ote zekien galdetu zioten torturatuari, eta honek Madrilera burua estalita eraman zutela esan zuenean, a zer-nolako etsipena epailearena!

2015eko otsailean gaude, salaketatik hiru urte pasatu dira jada. Kasu honetan agerian geratu diren elementuez gain (hau da, biktimarekiko erabateko errespetu falta, zer gertatu zen jakiteko asmorik eza), ondorio larriak ekar ditzaketen eta kontuan hartzekoak diren beste zenbait gauza ere badaude. Alde batetik, egoera ikusita, oraingoz ikerketarik eman ez dela esan daiteke. Bestetik, salaketa inoiz epaiketara helduko balitz, balizko inputatuek –guardia zibilek– aringarri moduan erabili ahal izango dute beharbada auziak horren luze jo izana. Izan ere, denboraren inguruan asko idatzi eta esan da, besteak beste denbora gutxiegi inbertitzeari buruz (euskaldun batek bere eskubideak urratu izanagatik salaketa jarri eta kasua jarraian ixten denean), edota tempus judizialak helburu politikoekin erabiltzeari buruz. Hor ditugu, esaterako, epaiketa amaigabeak (18/98 sumarioa kasu, “errekor” bat ezarri zuena bi urtez luzatu zen ahozko bistarekin!). Horren adibide argia da ere 2007an hainbat euskaldunen atxiloketarekin abiatu zen 4/08 sumarioa; ordutik daude 35 euskal herritar epaiketa zain, zer gertatuko zaien jakin gabe. Horren aurrekoa dugu 35/02 sumarioa ere, «herriko tabernen sumarioa» bezala ezagutu duguna; hamar urte eman ditu epaiketara heldu arte eta oraindik ez dago itxita. Denbora horretan guztian zehar, epaileak ezarritako neurri zorrotzen pean bizi beharra izan dute auzipetuek: pasaporterik gabe, ezinbestean epaitegira maiztasun zehatz batekin sinatzera joanez.. Zama hori guztia, batzuetan, ahaztu egiten zaigu. Erabat baldintzaturik bizi dira, nahiz eta espetxean egon ez edota epaiketaren ondoriozko zigorrik jaso ez. Kontuak kontu, bada, ematen du kasu horiei ez zaiela aplikagarri lehen aipaturiko denbora-aringarria...

Espainiar prentsarentzat ere erabat agerikoak dira urraketok, sarri irakur ditzakegu-eta «pentsatzekoa da defentsak Europara joko duela» bezalakoak, espainiar justiziaren ibilbide naturala hori dela adierazi nahi balute bezala. Hau da, kanpotik etorriko dira portaera horiek zuzentzera, lau, bost, sei… urte barru. Horixe da helburua: goazen bitarte horretan gure mende daudela erakustera, eta, gero, gerokoak.

Agian ez da urraketa zehatz baten aurka jotzeko unea, sistema osoak egiten duelako posible eskubide urratze etengabea. Tortura salatu edota hura posible egiten duen sistemaren kontra jo? Tratu txarrak ikertu beharrean hiru urtez auziaren gaineko eskumena nork duen eztabaidatzen aritu den epaileak badu erantzukizunik, batik bat hainbeste denbora pasatuta oso zaila denean tortura egon dela frogatzea. Hamar urte epaiketaren zain egon eta gero, inputatuak zigortzerik ba al dago?

Egunotan Nazio Batuetako bost esatari berezi eskubideen urratze zehatz bat inoiz ez bezala salatzen ikusi ditugu. Bat egin eta eskubide urratzeak ahalbidetzen dituzten espainiar legedia eta zigor kodea jarri dituzte jomugan. Urratze sistematikoak ahalbidetzen dituen sistemari aurre egitea: hori da, agian, gauzak aldatzen hasteko bidea.

Bilatu