Maria Apellaniz eta Bea Martxueta
LAB sindikatua

Denok langile garelako aukera berak behar ditugu

Enpleguak bidea zabaltzen du ekonomian, gizartean eta kulturan murgildu eta parte-hartzeko. Halere, lan-merkatuak ez du beti berdin jokatzen, jakina baita aniztasun funtzionala duten pertsonak baztertuak direla. Horregatik, Europako administrazioek zenbait neurri hartu dituzte lan-merkatua arautzeko eta bazterketarekin bukatzeko: Lan-erreserba da neurrietan garrantzitsuena.

Arlo pribatuan eta publikoan ezarrita dagoen araua da, baina betetzen ez dena. Legeak hor egonik ere aniztasun funtzionala duten pertsonak lan-merkatutik baztertzeak agerian uzten du zein neurrikoa den gure enpresarien eta instituzioen erantzukizun soziala: ezin eskasagoa.

Hego Euskal Herriko lan-egoerari begiratu bat emanez gero, argi ikusten da aniztasun funtzionala bat duten pertsonek lan gutxi eta, oro har, ezegonkorra dutela. Lan egin nahi eta ahal duten asko langabezian daude, eta lanean ari diren hainbat eta hainbat soldata baxuagoko lanetan zein mailaz igotzeko aukera gutxi ahalbidetzen dituzten lanetan ari dira. Aurreko urteetan egindako zenbait ikerketa kontuan hartuta esan daiteke enplegu tasa %35 ingurukoa dela, hau da, hiru lagunetik batek baino ez duela lan egiten. Datuak konparatzen baditugu lan egiteko adina duen populazioa ora har hartuta agerian geratzen da 2013an, Gaindegiako datuen arabera, jarduera tasa %70ekoa zela, eta enplegu tasa, berriz, %59koa. Nabarmena, beraz, dagoen aldea.

Argi dago aniztasun funtzionala duten pertsonen lan-egoera askoz prekarioagoa dela lanean ari den populazioak orokorrean bizi duena baino, jardueraren tasa askoz baxuagoa baita eta langabeziaren tasa, berriz, askoz altuagoa. Bestalde, kontuan hartzen baditugu generoa, ezgaitasun mota eta graduaren aldagaiak, zenbait kolektibo askoz egoera okerragoan daudela ikusiko dugu, batez ere aniztasun funtzionala duten emakumeak, desgaitasun intelektuala dutenak eta minusbaliotasun gradu handienak dituztenak. Horregatik, salatu nahi dugu gaur eguneko lan-politiketan ez direla kontuan hartzen aniztasun funtzionala duten pertsonen egoera, ez direla kontuan hartzen bizi dituzten lan-baldintzak, dituzten beharrak. Kolektibori begirako enplegu duina, kalitatezko enplegua ez da sekula lan-politiketako agendetan egon eta, ondorioz, ehunka, milaka langileren egoera prekarioa da, eta lanik ez duten beste hainbesteren egoera esklusioa eta pobrezia da.

Enplegu-zentro Bereziak saiatu dira hainbat hutsune eta gabezia estaltzen. Langile askoren prestakuntzarako ezinbesteko gune izan dira. Baina ere berean, agerian utzi nahi dugu Enplegu-zentro Berezietatik lan arruntera  doazen  langile kopurua benetan txikia dela, langile askoren lan-irtenbidea mugatu egiten dutela. LABen iritziz Enplegu-zentro Bereziek ez dute zertan izan ezgaitasuna duten pertsonen lan aukera nagusia eta askotan bakarra, ez baitute ziurtatzen lan merkatu arrunterako zubi-lana. Gure ustez, kolektiboaren laneratzeko politikak bideratu behar dira lan merkatu arruntera, eta horretarako lan-enklabeak eta laguntza bidezko metodologia izan behar dira oinarri.
 
Hori dela eta, LABen apustua da enplegu plan baten alde egitea, aniztasun funtzionala duten pertsonenak lan-merkatu arruntean ari daitezen lanean, behar diren kasuetan laguntza bidezko metodologia  baliatuz. Administrazio publikoek eta enpresa pribatuek izan behar dira kontratatzaile nagusiak, enplegu sortzaileak, aniztasun funtzionala duten pertsonak gure artean lan egiteko bideak zabaldu behar dituzte, jendartean, lantegietan gurekin lan eta bizi daitezen. Garapen inklusiboa izan nahi badugu, jendarte kohesionatua nahi badugu, ezinbestekoa da pertsona guztiak aukera berdinak izan dezatela gure artean parte-hartzeko, baita gure ekonomian ere. Horretarako, baina, herritar guztiak izan behar dugu ahalmen eta aukera berdinak, inolako trabarik gabe lan-merkatuan parte-hartzeko, aniztasun funtzionala duten pertsonek ate guztiak izan behar dituzte zabalik gure lantokietan aritzeko, prestakuntza jasotzeko eta hala eskatzen duten kasuetan egokitzapenak egiteko. Eredu berri bat behar dugu, gaur eguneko gizarte aurreratuen printzipio eta moldeetara egokitua.

Hego Euskal Herrian aniztasun funtzionala izan eta lan egiteko adina duten pertsonak langileriaren %4a ordezkatzen dute, eta horietatik ehuneko handi baten egoera bat-bateko gertaera baten ondorioa izan da, gutako edozeini gerta dakiokeen egoera baten ondorioa, hain zuzen ere. Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileen eskubideak langile guztien eskubideak dira, eskubide kolektibo bat da, negoziazio kolektibo guztietan presente egon behar den eskubidea. Aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak defendatzea langile ororen eskubideak defendatzea da, gure eskubideak defendatzea da, eta horren alde egingo du LABek, beti ere, aniztasun funtzionala duten pertsonen ahotsa izateko asmoarekin eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen aldeko Nazio Batuen Konbentzioaren printzipioarekin bat: desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekimenik ez, beraien hitza eta erabakia kontuan hartu gabe.

Bilatu