Iñaki Soto
GAUR8

Ekialde Hurbileko herri demokratiko bakarra?

Gazako sarraskia aurrera eramaten ari diren bitartean, sarri entzuten dugu agintari sionisten ahotik Israel dela Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra, eta, horrexegatik, nazioarteko komunitateak euren gobernuak egiten duen oro babestu beharko lukeela. Tamalez, biktimismoa eta demagogia israeldar kultura politikoaren ikur bihurtu dira.

Egia esan, eskualde hura ez da demokraziaren oasia, inondik inora. Nolanahi ere, guda egoerek ezarritako salbuespenez harago, hango herrialde gehienak dira zuzenbide estatu eta, zentzu horretan, demokrazia. Baita Israelen aliatu nagusi bihurtu den egiptoar diktadura berria ere, jakina. Ziur asko, lehiaketa maltzur horretan, israeldar agintarien ustez zilarrezko medaila Egiptorentzat da, palestinarren kalterako.

Israelek demokrazia esaten duenean, ordea, ez-arabiar esan nahi du, batez ere. Euren ustez arabiarrak ezgai baitira demokraziarako. Silogistika maltzur horretan, arabiarrak desagerraraztea demokraziaren baldintza da, Netanyahuren politikak argi erakusten duen bezala. Izan ere, Palestinako auzian bi estatuen aukera praktikoki ezeztatzen bada (okupazioaren eta kolonizazioaren bitartez) eta judutar ez direnei, are eta sionista ez direnei, herritartasuna ukatzen baldin bazaie (bazterkeriaren eta segregazioaren bitartez), terminologiak terminologia, nabarmena da israeldar demokraziaren definizioak arraza-batasunaren proiektu tradizionalekin duen lotura.

Munduko paria izatetik munduaren salbatzaile izatera

Guk demokrazia esaten dugunean, ordea, herritartasunaren eta berdintasunaren zentzuan esaten dugu, pluraltasunaren kudeaketa politikoaren eta eskubideen zentzuan, alegia. Bere historia asaldatuak ematen dion berezitasun guztiekin, demokraziaren zentzu horretan eta Ekialde Hurbileko estatuetara mugatuz gero, Libano Israel baino askoz demokratikoagoa dela esan daiteke. Bakea edo sikiera ez-gerra mantentzeko batzuek eta besteek gorde behar dituzten orekak oso ahulak izan arren.

Nolanahi ere, eskualde hartako demokraziaren lehiaketa sionisten amarru dialektikoa ez balitz eta lehiaketa herrialdeetara ez ezik eskualde hartako herrietara ere zabalduko bagenu, oraintsu protagonismo berezia hartu duen nazioa litzateke, ziur asko, horien guztien artean demokraziaren txapeldun: herri kurdua, hain zuzen ere.

Munduko paria izatetik, bat-batean, Irakeko okupazioaren eta AEBen aliatuak ez diren gobernuak desestabilizatzeko politika zoroaren ondorio den Estatu Islamiarraren aitzinatzeari aurre egiteko ezinbesteko agente izatera pasa dira kurduak. Euren genozidioa babestu zuten agintari berberek armak emanen dizkiete orain. Hartara, kurduak arazo izatetik soluzio izatera igaro dira.

Geoestrategikoki kurduak beti arazo gisa ikusi izan dituzte, besteak beste interes antagonikoak dituzten herrialdeetan banatuta daudelako: Turkia, Armenia, Siria, Iran eta Iraken, hain zuzen ere. Interes horiek ere batasun falta eragin dute kurduen artean. Historikoki Turkiako kurduak inperioaren etsai izan diren bitartean, une batetik aurrera Irakeko kurduak AEBen aliatu instrumental izatera igaro ziren. “Hoja de ruta” liburuan (Txalaparta, 2013) Abdullah Ocalanek bikain azaltzen du hori, Irakeko «Kurdistan txikia»-ren adibidea azalduz, hain zuzen ere.

Orain Kurdistanen parte hori independizatzeko aukera berpiztu egin da. Auzia oso konplexua da eta kurduen estrategia osoa baldintza dezake. Geopolitika batzuek uste dutena baino ankerragoa dela erakutsiz, Israelek independentzia babestuko lukeela esan du, baina AEBak aurka daude, besteak beste beren politikaren porrota irudikatuko bailuke. Aliantzok proiektu kurdua desitxura dezakete, baina, sistemaren kontraesan eta desorekok ez badituzte baliatzen, suntsituak izateko aukerak ere badituzte. Eta herrien lehen ardura beren burua salbatzea da, ez mundua. Demokraziaren bidez, ahal bada, eta zuri etsaiek egin zizutena besteei egin gabe, edonola ere. Kurduak, baita honetan ere, eredu izan daitezke.

Bilatu