Beatriz Arana Ortiz eta Dornaku Lanz Tolbes
AHT Geldituko kidea eta Labore Txingudiko kidea

Elikadura burujabetza versus politika burugabeak

Etekin ekonomiko pribatua eta hazkunde ekonomikoa helburu dituzten politika burugabeak geldiarazten ez ditugun bitartean gure herriaren eta beste herrialdeen elikadura burujabetza gauzatzea ezinezkoa izanen da.

La Vía Campesina osatzen duten nekazari erakundeek elikadura burujabetza lortzea dute helburu. Herri eta komunitate bakoitzak behar dituen elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Multinazionalen jarduerak nekazari txikiak erasotzen ditu, zuzenean. Atzerrira joanen diren landare uztak jasotzeko lur hektarea kopuru itzela lapurtzen dizkie herri eta komunitateei eta ehunka baserritar bortizki lekualdatzen ditu. Landaketa horiek gurea bezalako herri industrializatuetara iristea dute helburu. Esportazio horien menpeko bizi gara. Guk elikadura burujabetza garatzen ez dugun bitartean beste herrialdeen eskubidea bortxatzen ari gara.

Hori gauzatzeko lurra behar da. Eta lurralde antolaketarako politikek lurra kentzen digute. Ekonomia kapitalista globalizatuaren tsunamiak hainbat gauza eraman ditu euskal baserri mundutik: mendeetan zehar ernatutako eta hobetutako haziak, baserriak, nekazari ustiaketa txikiak eta antzinako jakinduria. Ekarri ere ekarri dizkigu gauza batzuk: milaka kilometro bidaiatzen duten elikagaiak, energia menpekotasuna, agrotoxikoek eragindako lurraren eta uraren kutsadura, hondakinen kopuruaren hazkundea eta zor ekonomiko itzela. Ekonomia kapitalistaren tsunamiaren gandorrean surfa egiten dakiten bakarrak politikariak, banketxeak, enpresa pribatuak eta multinazionalak dira.

Eusko Jaurlaritzako alderdi kontserbadoreak ere gandorrean surf egiten badakite eta etekin zukutsuak ateratzen dizkiote tsunamiari: nekazari lurren birkalifikazioak, lurren salerosketak, eraikuntza enpresen gizentzea, aberatsen mesederako zerga politika eta energia enpresen aberastea batez beste. Bitartean biztanleok olatuaren ur haserreen astinduak sufritzen ditugu: korridore ekologikoen apurketak, mendien zatiketak eta zulaketak, bailaren artifizializazioa, akuiferoen eta lur emankorren desagerpena eta sistema nekazalhirindustrialaren ezarpena. Hauxe da lan eta jendarte eskubideen murrizketak, prekarietatea, zorpetzea eta txiroen zergekin aberatsen egitasmoak gauzatzea.

Izaki berri bat sortu da Euskal Herriko industriaguneren batean duela hamarkada batzuk: Porlanjaun du izena erraldoi mekanikoak. Ez du bere besoen indarra kontrolatzen eta bailara zukutsuak, erreka gardenak, ibaiak, akuifero goxoak, bailara emankorrak, baso freskagarriak, mendi magal gurinak eta mendiak sugeak bezala besarkatzen zituzten bihurgunez jositako errepide txikiak suntsitzen ditu zartako batez. Gure mendiak «oztopo orografikoak» besterik ez dira erraldoiarentzako. Bere zangoen indarra ere neurrigabea da: ehunka landa espezieren desagerpena eta animali mota askoren lekualdatze derrigortuak eragiten ditu ostikada batez. Basandere, Basajaun eta Intxixuak aspaldi etxegabetu ditu.

Inoiz ez ase eta beti gose. Harrobiak puskatzen ditu harriak jateko. Liseriketa astun xamarra sufritzen duenez beroketa klimatikoa eragiten duten puzkerrak etengabe botatzen ditu. Puuuf Puuuuf. Hesteak mugituak dituela altxatzen da siestatik eta kaka botatzeari ekiten dio: tunelak, zubibideak, ezpondak, lubakiak, autobiak, autopistak errotondak eta ingurubideak defekatzen ditu. Bere azken kakalarriaren ondorioz bi mila natur hektarea inguru porlanez estali ditu Porlanjaunak: horiek dira lurreko hegazkina den AVEak behar dituenak Euskal Herrian ezartzeko.

Porlanjaunak libratzen jarraitzen duen bitartean ezinezkoa izango zaigu elikaduran burujabe izatea. Etekin ekonomiko pribatua eta hazkunde ekonomikoa helburu dituzten politika burugabeak geldiarazten ez ditugun bitartean gure herriaren eta beste herrialdeen elikadura burujabetza gauzatzea ezinezkoa izanen da. Hemen Euskal Herrian lurraren eta uraren defentsan borrokan aritzen garenok txikizioa gelditzea galdegiten diogu Eusko Jaurlaritzari. Horretarako ibili ginen Bergaratik Deriora; Berta Cáceresek eramandako borrokarekin bat egiten dugulako. Besarkada bero bat Bertari, egun hauetan Derion dagoen bere alabari.

Bilatu