Gurutz Garmendia
Piztu, Urola-erdiko energia burujabetza lantaldea

Energia burujabetza edo amildegi energetiko zein ekonomikoa

Urte asko dira argi gorriak piztuta daudela. Egoera energetikoa Urola-erdiko eskualdean eta oro har Euskal Herri guztian negargarria da. Ez dakigu asko eta ez digute esan nahi, baina Gipuzkoan, adibidez, sortzen den energia %5era bakarrik iristen da.

Alegia, lurralde honetan kontsumitzen den guztiaren %95a kanpotik dator eta ondorioz, menpekotasun energetikoa ia-ia erabatekoa dugu. Urte asko dira hainbat eta hainbat aditu gertatzera zihoanaren berri ematen ari zitzaizkigula eta jadanik gainean daukagu iritsi beharrekoa. Gehien erabiltzen ditugun lehengaiak, petrolioa, gasa edo ikatza adibidez, ez daude oraindik agortuta, urte luze batzuetarako gelditzen da oraindik, baina egiak egia, gero eta jende gehiagoren artean banatu behar ditugu lehengai hauek. Jasan beharra daukagun, mundu mailako globalizazio negargarria dela eta, aipatutako lehengai hauek mundu mailako banaketa daukate eta gero eta gehiago gara mahaian jaki berdinak jateko. Delako «desarrollismo» zoro hau dela eta, Txina edo India bezalako herrialdeek gero eta kontsumo energetiko handiagoa daukate eta igotzen gainera eta horrek, prezioen igoera nabarmena dakar. Hasita daude argindarraren prezioak igotzen eta goraka egingo dute, etxe mailako ekonomiak zein enpresetakoak tinka larrian jarri arte.

Amildegitik behera egiteko zorian gaude eta gainera ez dago errezeta magikorik. Bai ala bai, aldatu beharra dago, eta aukera bakarra tokian tokiko burujabetza energetikoa bultzatzea da. Apurtu menpekotasunak eta txiki edo txiki-txikian lana egin. Horixe da aukera bakarra eta egingarriena, baina tokikoan ere, arazoak sortzen dira. Alegia, zein izan behar dira bultzatu beharreko tokiko lehengai eta baliabideak? Denak balio al du tokiko burujabetza energetikoa lortzeko? Aspaldi esan zuten energia nuklearrik gabe, azak jan beharko genituela, kandelen argiarekin, eta gaur egun ere berdinetan dabiltza, fracking deitzen zaion aldrebeskeria itzelarekin. Handik edo hemendik energia iturri berriak lortu behar ditugun aitzakiarekin, ingurugiroa erabat hondatzen duten frackinga bezalako era estraktiboak bultzatzen ari dira, eta arduradunek izen berdinak dauzkate. Ameriketako Estatu Batuetako multinazionalek bultzatutakoa gure alderdian Madrileko eta Gasteizko gobernuek babesten dute, eta nola ez, etekinak denok ezagutzen ditugun Estatu mailako enpresa energetiko erraldoiek eramaten dituzte. Bost inporta zaie handi-mandi hauei, ur putzuak kutsatzea, ur iturrietatik ura gasarekin nahastuta iristea edo lurrikarak gehitzea frackinga egiten den tokietan. Hauentzat diru etekina da nagusi, eta ingurugiroa zein auzoaren ongizatea, bost axola.

Baina frackingari ezezko borobila emateko arrazoi gehiago ere badaude. Euren betiko arrazonamendu ekonomikoan ere porrot nabarmena egiten baitu frackingak. Lur azpitik ateratzen den gas apurra urte gutxi batzuetan bakarrik baita bideragarria. Urte gutxiren buruan, era honetako esplotazioek galdu egiten baitute etekina eta ondorioz bertan behera utzi. Horrelakoez beteta daude Ameriketako Estatu Batuetako alderdi batzuk eta ematen duten itxura benetan negargarria da. Ingurumena zein ekonomia, biak ere lur jota gelditzen dira frackinga pasatzen den tokietan eta ez gainera epe motzerako soilik, hainbat eta hainbat urtetarako baizik. Eta hala ere frackinga aurrera doa gurean. Bada sasoia, begiak irekitzen hasteko eta ardurak hartzeko. Argi eta ozen hitz egiteko ordua iritsi da. Burujabetza energetikoa bai eta, aldi berean, frackingik ez.

Bilatu