Garazi Goia
GAUR8

Erantzun perfektuen bila

Deserriak eta erbesteratzeak sortutako sentimenduak Maria Teresa Leonen ia liburu guztietan azaltzen dira.

Duela hiruzpalau urte, nobela baterako bilaketa lanetan ari nintzela irakurri nituen bere idatzi batzuk eta orduan atentzioa eman zidan “Memoria de la melancolia” liburuan esaten zuenak: «Non hilko naizen ez jakiteak sosegu eza sortzen dit. Erbesteratuen tristura handienetako bat da hori. Izan ere, zer esanahi dute guretzat bizi garen hirietako hilerriek?». Ironikoki, bere bizitzako azken urteetan herrira itzuli zenean, deserriratze psikologikoak sortutako gaixotasunak kendu zion bizitza Leoni.

Itzulerak badu konnotazio positibo hori, askotan okerra dena. Itzulera gogorragoa izan daiteke sarritan, memoriak eta errealitatea aurrez aurre jartzea eskatzen du-eta. Kanpoan gaudenean, memoria berreraikitzeko saio horrek laguntzen digu ahanzturari aurre egiterakoan. Baina, denboraren iraganarekin, memoria horiek distortsionatzen hasten direnean, atzerriko perspektibatik beste modu batera definitzen ditugu oroitzapenak; aspaldiko erreferentziak oraingoekin nahasten ditugu, paretan zintzilikatuta ditugun argazkien estatikotasunari bizitza berria ematen diogu, atzean utzitako jendea orain gure inguruan dagoen jendearen ezaugarriekin janzten dugu. Horregatik, itzultzen garenean, ahokatzen ez diren pieza bihurtu garela ohartzen gara. Hori gertatu zitzaion Leoni. Paradisu galdua beste zerbait bihurtu zen. Galdu egin zen memoria errealean.

Gerrako haurren proiektuan murgilduta nenbilenean, atzerrian hirurogeita hamar urtetik gora zeramatzan jendea elkarrizketatzeko zortea izan nuen. Denborak haien bizitzetan izan zuen eragina eta jaioterriaz zuten pertzepziori buruz zuten ikuspuntua eta sentimenduak interesatzen zitzaizkidan. Iruditzen zitzaidan, akaso, deserriratze fisikoari hainbeste denbora gehituz gero, iritsiko zela une bat deserriratze psikologiko hori ahultzen hasiko zela. Nongoak sentitzen ziren galdetu nienean, batzuen erantzunek benetan harritu ninduten: «ni ez naiz inongoa» esan zidaten. Indar handia dauka horrek. Begirada galduak zituzten, ez hemen eta ez han, beste nonbait, existitzen ez den leku baten bila, erantzun berri batzuen bila. Horrela, utzi ninduten ni ere, isilik, kezka batekin: zenbat aldiz galdetuko ote zieten gauza bera, eta nor nintzen ni berriro ere haien oroitzapenak berpizteko, zauriak ireki eta zulo sakonagoa egiteko, mingarria den lekuraino. Leonen zalantza bera zuten: sustrairik gabeko hilobietan amaituko zutela beraien bizitza. Baina, arrazoi ezberdinengatik. Haiek, Leonek ez bezala, edo nik ez bezala, behartuta utzi zuten herria.

Denboraren iraganak sortzen dizkigun kezkak eta galdera horiek gure bidaia lagun bihurtzen dira urteetan zehar, han eta hemen, hemen eta han kontziliatzeko borroka horretan. Egun batzuetan, distantzia motza nabari dut, gertu sentitzen dut jendea, nire herria, oroitzapenak; neure burua hobeto ezagutzen dudala iruditzen zait kanpoan nagoenetik; herria gehiago maite dudala; nire herriko arazoak hobeto ulertzen ditudala; nahi dudanean itzuli naitekeela jakiteak lasaitzen nau. Beste egun batzuetan, distantzia hori handitu egin dela nabaritzen dut; kritikoago bihurtu naizela eta hainbat kontuk frustrazioa sortzen didatela konturatzen naiz; oreka alde batera nabarmen mugitzen dela; hutsune asko aurkitzeko beldurrak gainditzen nau.

Galdera berriak sortzen zaizkit kontraesan horretan. Leonek zituen etorkizuneko kezken antzekoak konpontzen saiatzen naizenean, baina erantzunik aurkitzen ez dudanean artega jartzen zait. Damuaren mamua inoiz azalduko ote den hipotesia azaltzen denean; maite ditudanen pentsamenduak asmatzen hasten naizenean. Ez dago erantzun perfekturik. Hori da kontua.

Bilatu