Jose Maria Rivadeneyra
GHK-ko lehendakariorde ohia

Erraustegia egitea nahi al duzu?

Hori da inoiz egin ez dizuten galdera. Zubietan eraiki nahi den erraustegia guk, herritarrok, ordaindu beharko genuke gure osasun eta gure diruarekin, baina inork ez digu galdetu  erraustegia nahi dugun ala ez.

Are okerrago oraindik, Gipuzkoa eta Madrilgo gobernuek espresuki debekatu diote Usurbilgo Udalari horretaz guri galdetzea, espresuki debekatu diote 1.185 hiritarrek eskatzen ziotena betetzea. Ez dute nahi herriak hitz egitea.

Osasun arazoa izateaz gain, demokrazia arazo ere bilakatu dute erraustegia. Horrenbesteko kezka sortzen duen gai batean, ezinbestekoa da gizartearen parte hartzea aktibatzea. Guztion artean informazioa, aukerak, eta argudioak alderatu, eta, azkenean, adostasunik ez badago, bozkatu.

Baina agerian utzi dute zenbait gaitan, zehazki diru asko mugitzen den gaietan, demokrazia onartezina dela alderdi politiko batzuentzat. Erabakiak beren bulegoetan hartzea besterik ez dute onartzen, lau urtean behin, hauteskunde bakoitzean, txeke zuri bat jasoko balute bezala.

Bada garaia politika ulertzeko era horrekin amaitzeko, bada garaia elite politiko-ekonomikoaren inposaketa gainditzeko. Sistema politiko honetan pitzadura izango da herriak bozkatzea zer egin erraustegiarekin, aurrerapauso bat betiko politika zikinarekin amaitzeko.

Demokrazia, herriaren aginpidea, gobernuak herritarrek erabakitzen dutenaren menpe izatea, hori da nahi duguna. Orain erraustegiaz, baina baita herriaren interesek eta agintarienak talka egiten duten bakoitzean ere. Horretarako lehenengo urratsa asteburu honetan egingo dugu, botoa emanez.

Egun hauetan berebiziko garrantzia du herriak duen demokrazia gosea argi erakusteak. Dagoeneko helburua ez da bakarrik agintariei jakinaraztea zer nahi dugun erraustegiaz, orain gehiago nahi dugu: jakin dezaten ez gaudela konforme sistema politiko eskas honekin, non herriaren hitza baztertua eta ukatua izaten den, non alderdiek baduten beren interesak guztion interesen gainetik jartzea.

Ideologia politikoez gain, demokrazia dago. Zilegi da errausketaren alde edo kontra izatea, baina ez herriaren hitzaren kontra egitea. Oraingoan gurea da hitza eta erabakia, inork ez dezala hori debekatu. Herriak erabaki dezala.

Bilatu