Xabier Arregi Gordoa

Eskubideak, probokazioak eta tabernak

Orain asko ez dela, bi guardia zibil (berunezko buru hezurrak, eta txarolezko arimak, Lorcaren hitzetan) Altsasuko taberna batera sartu ziren, euren bikotekideekin, 02:30ak aldera. Zalantza gutxi dago hartu zuten erabakia ondo jabetuta hartu zutela, eta bazekitela euren presentziak egonezina eragingo zuela taberna horretako ohiko bezeroen artean.

Denok hartzen ditugu makina bat erabaki egoerak kontuan izanda, pentsatu barik legeak babesten gaituen. Erabaki horiek erabaki moralak izaten dira, edo inmoralak, eta hartzen ditugu kontuan izanda gure ekintzek erkidego bizitzan izango duten eragina. Horrela jokatzen dugu gaizki–ulertuak edo tentsio–egoerak saihesteko zerbait esateari uko egiten diogunean, taberna batera sartzeari uko egitean, modu batera edo bestera janztean… Beste batzuetan aurkakoa ere egin dezakegu, eta modu batera jokatzea erabaki dezakegu, jakin arren gure jokamoldeak tentsio–egoera sorraraz dezakeela, eta, ondorioz egonezina, edo iskanbila sortu daitekeela. Kasu honetan, gure jarrera probokatzailea dela eta, ez da arraroa izango baten batek guri aurpegira botatzea hartu dugun erabakia, baita erruduntzat joak izatea ere. Irizpide moralei jarraitzean, denok jokatzen dugu erkidego–loturen harmoniari eusteko nahiak baldintzatuta, eta ez lege–zigor baten beldurragatik. Batzuek harmonia horri eusteko joerari heltzen diote, beste batzuek harmonia hori haustera jotzen dute. Ematen du bigarren aukera hobeto egokitzen dela guardia zibilek hartu zuten erabakiarekin.

Gertaera haiei buruz egin den kontaketa harrigarria izan da komunikabideen, elite politikoaren gehiengoaren, eta hainbat gizarte eragileren aldetik. Denak bat etorri dira ezagutzen ez zituzten gertaera nahasi batzuen inguruan, eta exijitu dute onartu behar zela hor gertatu den gauza bakarra izan dela gorrotoz jositako mozkor–horda batek herritar zintzo eta inozo batzuk egurtu zituztela. Eraso hori Oinarrizko Eskubideen urraketa larritzat jo da, baita bizikidetzari eraso zitaltzat, eta emakume batzuen aurkako tratu txar koldartzat ere. Guardia zibilak herritar inozo eta eskubidedun aingeru modura aurkeztu dira, elkarbizitzaren eta Oinarrizko Eskubideen apostoluak, zerutik etorri berriak balira bezala. Baten batek galdegingo balu zer egiten zuten taberna hartan ordu haietan guardia zibilek, galdera bera onartezintzat joko zen, eta erantzuna izango zen nahi duten tabernan sartzeko eskubidea zutela. Erantzun politiko hori nahikoa ez, eta guardia zibilei eman nahi izan zaie babes morala. Horrela, taberna hartan sartzeko erabakia elkarbizitza sustatzeko urratsa izango litzateke, eta, aldi berean, balioko luke Altsasun, eta Euskal Herrian, zabalduta dagoen bizikidetzarako ezintasuna eta gorrotoa agerikoa egiteko.

Alde batera utzi da guardia zibilen urrats horren alderdi probokatzailea. Pasan si quieren pasar da euren legea, hala zioen Lorcak. Hortik abiatuta, guardia zibilek euren eskubidea baino, euren harrokeria erabili zuten, begiratu gabe euren ekintzak elkarbizitzan eta erkidego–harmonian izan zezakeen eraginari. Ez zaio inori burutik pasatu ere egin esatea ez zela hori lekurik eta ordurik egokiena guardia zibilak handik ibiltzeko, eta nahikoa dugula, altsasuarrek eta euskaldunok, eurak kontroletan eta gure herrietako kuarteletan ikusita, baita gure oroimenaren alderik ilunenetan ere. Guardia zibilen jarrera hori ulertzekoa da, kontuan izanda ez dutela altsasuko (eta Euskal Herri osoko) herritarrekin inolako konpromiso moralik. Euren konpromisoa politikoa da, eta Espainiarekin.

Gertaera horien ondorioz zazpi altsasuarrek kartzelan bukatu dute, eta, terrorismoa leporatuta, Espainiako Entzutegi Nazionalean epaituko dituzte. Elite politiko–mediatikoaren lorpen horretan Oinarrizko Eskubideen aldarrikapenak eztabaidaezineko pisua izan du. Gaur egun Oinarrizko Eskubideek praktika eta eztabaida politikoaren atzekalde absolutu modura jokatzen dute. Eremu politikoa osotasunean hartu dute, eta bihurtu dira botere–praktiken zuritzaileak, legitimatzaileak eta sendotzaileak. Horrek eman dio botere–egitura politikoari aitzakia bere eskuetan hartzeko Oinarrizko Eskubide horien kudeaketa eta zehazpena. Horrekin nahikoa ez, eta elite politiko–mediatikoak aitzakia modura hartu ditu Eskubide horiek eremu morala inbaditzeko, betebehar moralak finkatzeko, herritar zintzoen jokamoldea zehazteko, eta jokaera gaiztoak eta onak zein diren erabakitzeko. Eremu morala inbaditzeko ahalegin horretan egitura politikoak konplizitate sarea osatzen du bere inguruan: elite politiko, kazetari, tertuliano, eta hainbat GKE-z osatuta. Denen artean indartuko dute sistema politikoa herritar bekatariaren aurrean, eta sustatuko dute egitura politikoaren funtzio moralizatzailea. Dena dela, eremu moralaren inbasio hori nagusikeriarako eta despotismorako aitzakia bihurtzen da, Oinarrizko Eskubide horiek ez baitute eremu neutrorik marrazten, eta batzuen oinarrizko eskubide politikoa, besteari betebehar moral modura ezartzen zaio. Betebeharra hautsiz gero, neurri bariko zigor penala ezarriko zaio. Altsasun gazte batzuen neurri bariko kartzelaraketa eta lintxamendu politiko–morala har dezakegu horren adibide garbitzat.

Bilatu