Iker Iraola
EHUko Soziologia irakaslea

Espazioak definitu dira

Ez zen sorpresa handirik espero EAEko hauteskundeetan, eta hala izan da. EAJk modu errazean irabazi ditu, eta ikusteko dago zein bide hartuko duen Jaurlaritza kudeatzeko orduan, unean uneko akordioetan oinarritutako gobernuarena edo koalizioarena.

Momentuz, zenbakiek bi bideetarako aukera ematen diote. Zalantza nagusia, baina, bigarren postuan zegoen, eta kasu horretan EH Bildu gailendu zaio Elkarrekin Podemosi, modu argian. Azkenik, PSEren eta Alderdi Popularraren gainbeherak oso adierazgarriak izan dira, Espainiakotik oso desberdina den alderdi sistema osatuz.

Emaitza hauek, nolabait, euskal agendaren eta espainiarraren arteko aldea azpimarratzen dute. Hautesleek EAEko klabean irakurri dituzte hauteskunde hauek, eta horren arabera eman dute botoa (eta herritar batzuk horren arabera ere ez dira aktibatu). Horregatik, iazko Batzar Nagusietarako hauteskunde emaitzekin alderatzen baditugu (orduan Podemos jada aurkeztu zen), emaitzak nahiko antzekoak dira. Finean, EAEko hauteskunde espazioak argitu dira; eta argi geratu da EAJ nagusi dela, ezkerreko indar nagusia EH Bildu dela, eta zein den gainontzeko alderdien pisua. 2019ra arte ez da hauteskunderik izango Euskal Herriko zati honetan, baldin eta Espainiako hauteskundeak berriz ere errepikatzen ez badira. Orduan, berriro ere agerian geratuko da, ziur aski, espainiar agendak Hego Euskal Herrian duen eragina.

Politikak, baina, emaitza kuantitatiboei eta kopuruei loturiko aldearekin batera, badauka beste alde zehaztugabeago bat, emozioei loturikoa adibidez. Maiz, emaitza hotzak baino, garrantzitsuagoak izan daitezke hautesleen eta alderdien oinarri sozialaren artean sortzen dituzten sentipenak. Zentzu horretan, bi alderdi abertzaleak agertu dira erosoen, EAJ haren garaipena eta igoera direla-eta, eta batez ere EH Bildu azkenaldiko gainbehera gelditu duelako. Elkarrekin Podemos bere izenak bultzatzen duen ilusiotik urrun ibili da oraingoan. PSE eta Alderdi Popularra, bestalde, erresistentzia posizioetan aritu dira askotan, bi alderdi garrantzitsuren jarreratik aldenduta.

Hauteskunde hauek ez dira, 2012ko EAEko hauteskundeak ez bezala, abertzaletasunaren barneko edota ezkerraren eta eskuinaren arteko lehia gisa planteatu, azken hauteskunde ziklo luzeak emandako emaitzen eraginez ziur aski. Adierazgarria izan da hori, baita Elkarrekin Podemos EAJrekiko jarrera lehia horretatik aldendu izana ere. Nolabait, aldaketaren aldarria bigarren mailan gelditu da hauteskunde hauetan, momentu hobeagoen esperoan ziurrenik. Aldi berean, herri akordioen eta ikuspegi estrategikoaren beharra mahaigaineratu dira. Zentzu horretan, aztertzekoa izango da hemendik aurrera EAJren eta EH Bilduren arteko harremanek hartuko duten bidea, baita Podemosek horretan jokatu nahiko duen papera ere. Alegia, ea hortik biderik garatuko den, edo orain arteko dinamikak gailenduko diren.

Izan ere, Gasteizko legebiltzarraren osaketa berria alde ugaritatik beha daiteke. Abertzaleak gehiengoa dira (ez dago hain argi zer gertatzen den independentisten kasuan), erabakitzeko eskubidearen aldekoen gehiengoa are eta argiago da, eta abar. Baina, aldi berean, beste aldetik erreparatuta, orain arteko legebiltzarrean ere mota horretako gehiengo teorikoak izan dira, eta ez dute biderik egin. Espazioak zehaztuta, ikusteke dago espazio politiko horien arteko hartu-emana zein izango den hemendik aurrera.

Bilatu