Joxe Aldasoro

Estu hartu, boterea

Amerikako Estatu Batuetako Santiago Unibertsitateak emakumearen inguruan plazaraturiko ikerketak bazterrak ari da nahasten sarean. Lanak "Emakumearen egoeraren normalizazioa” du izenburu eta inkesta bidez jasotako datu kuantitatiboen interpretazioan oinarritzen da. Adituen arabera, emakumearen diskriminazioa gainditzeko paradigma berri baten aurrean egon gaitezke.

Ikerketaren lehenengo atalak gogor kritikatzen ditu orain arte emakumearen alde egin diren aldarrikapenak. Emakumea gizonarekin parekatu nahi dituzten diskurtsoek errealitatetik abiatu beharrean, idealismo antzutik edaten dutela diote. Adibidez, bi generoen arteko berdintasuna lortzea utopikotzat jotzen da ikerketan. Errealitatea itsusia izan arren, den bezalakoa da; berau onartzea, edozein aldaketarako premisa.

Diskurtsoa osatu baino lehen beraz, errealitateaz jabetzeko emakumearen egoeraren diagnosia egin beharko litzatekeela dio ikerketak. Behin datuak jasota, diskurtsoaren eta praktika politikoaren oinarriak eztabaidatu eta adostea proposatzen dute.

Bigarren atalean, ikerlariek, emakumearen aldeko edozein neurri hartu baino lehen,  jendartearen iritzia kontuan hartzea gomendatzen dute. Hauxe adibidea: emakumezkoen ehuneko handi batek, %88ra irits daitekeena hainbat zonaldetan, emakumearen aldeko neurriak eta politikak babesten ditu. Gizonezkoen kasuan ordea, halako neurriak babesten dituztenak erdira ere ez dira iristen. Errealitatea hauxe bada, lege edo dekretu bidez inposaturiko neurriak gizonezkoak aztoratzea besterik ez luke ekarriko.

Santiagoko Unibertsitatekoen datu gehiago. Badirudi emakumeek eskubideetan zentratutako diskurtso politiko erradikala erabiltzen dutenean, gizonezkoak uxatu egiten dituztela. Gizonezkoek emakumezkoak euren kontra jotzen ari direla uste dute eta beldurrez erreakzionatzen dute. Lehentasunentzat jotzen dute beraz, mota hauetako diskurtsoak  baztertzea.

Ikerketaren beste datu harrigarri bat: soilik emakumeek uste dute urratzen direla euren eskubideak. Gizonezkoen gehiengoak uste du gaur egun ez direla emakumeen eskubideak urratzen. Kontzientziazio maila honekin, alferrikakoa litzateke emakumearen aldeko neurriak sustatzen dituzten mezuak eskubideetan oinarritzea.
 
Datu esanguratsu gehiago. Emakume zein gizonezko gehienek uste dute emakumezkoek ulertu behar dutela gizonezkoek ezin dutela beste modu batean jokatzen ikasi. Txikitan, familian, eskolan zein lagunartean izan duten hezkuntza eredua dela eta, gizonezkoek ezin omen dute bestelako eredurik bereganatu. Ezin dute emakume izaten ikasi.

Hau horrela izanik, kontzeptu berria plazaratu dute ikerlariek: bizikidetzarena. Balore klabea emakume zein gizonezkoen arteko errespetuak iraun dezan eta elkarrekiko enpatia gara dadin.

Ez dira datuak ematera mugatzen “Emakumearen egoeraren normalizazioa” ikerketaren egileek. Hiru erronka proposatzen dituzte:

Lehenengoa. Emakumeek beraiekiko mesfidati direnak bereganatu behar dituzte. Gizonezkoak emakumearen unibertsora erakarri nahi badituzte, mezu atseginen bidez izan beharko du.  Gizonezkoek emakumea politikarekin eta mezu erasokorrekin erlazionatzen jarraitzen badute jai daukate. Aldiz, gizonek, emakumearekin bat eginez gero denek irabaziko dutela ulertzera iritsi behar dira.

Emakumeek eta emakumearen aldekoek gizonei sentiarazi behar diete  alboan duten kultura oso bat, munduaren ikuspegi diferentea eskainiko diena, desberdina, aberasgarria, galtzen ari direla. Galera sumatzen badute, mesfidantza gainditzea askoz errazagoa izango da. 

Bigarrena. Gizonen interesa piztea. Gizonek emakumeen munduarekiko duten interesa txikia da. Interes urria ekoizpen literario, artistiko zein ohiturekiko, mezu positiboak igorriz soilik piztu daitekeena ikerketaren egileen iritziz. Emakumeen unibertso kulturala gizonei hurbiltzeak bigarren erronka hau gainditzen lagunduko luke.

Hirugarrena, «Eguneroko erronka» deitu dutena. Kontzeptua emakumeek berez duten botere eta potentzialtasunean oinarritzen da. Emakumeen egunerokotasunean badaude legea eta administrazioa iristen ez diren hainbat esparru. Lau identifikatu dituzte: bikotea, lagunartea, lantokia eta aisialdia. Planteatzen dutena erraza da ulertzeko: emakumeek gizonen ohiturak aldatzera irits daitezke egunerokotasunean determinazio handiagoz jokatzen badute.

Lantokian, adibidez, emakumeek eskatuko balute errespetatuak izatea gizonen erreakzio positiboa eragingo lukete eta ohiturak aldatzeko konbentzitu. Edo lagunartean, nahikoa litzateke emakumeak irmoago mantentzea egoera deserosoetan, gizonek atzera egiteko euren jarrera diskriminatzaileetan.

Honaino ikerlari taldearen iritzia, soziologo, ekonomista, unibertsitateko irakasle, idazle eta  kazetariez osaturikoa. Haietako asko emakumeak edo emakumearen alde urteetan aritutakoak.

Artikulua honaino irakurtzen jarraitzeko adorea izan duzuenok zur eta lur egongo zarete, edo sutan agian, hainbat pentsamenduekin aztoratuak: emakumeek jasaten duten zapalkuntzari premisa horiekin erantzutea matxismoaren aurrean amore ematea dela pentsatuko duzue; edo feminismoak hamarkadetan eraman duen borrokari bizkar ematea dela; edo printzipio horietan oinarrituriko diskurtso zein praktika politikoak gizonezkoen pribilegioak iraunaraztea ekarriko duela; edo diskriminazio egoera jasaten duena, emakumea, alegia, iraintzea dela; edo emakumea egiten duela bizi duen egoeraren erantzule; edo emakumearen bizkar jartzen duela bere egoeraren ardura; edo egoera injustua gainditzeko ahalegin handiena egin duena, emakumea alegia, errudun egiten duela; edo orain arte eroso bizi den gizona ez duela inolako beharrik sumatuko bere jarrera aldatzeko; edo pribilegioei eusten dieten bitartean biktimismo erosoan uzten dituela gizonak; edo…

Nik asmaturiko Santiagoko Unibertsitateko taldearekin eta nik sortutako ikerketarekin ariketatxo bat egitea proposatuko dizuet orain. Irakurri berriro mesedez, artikulua, eta «emakume» hitza «euskara»-rekin, «emakumeak» «euskaldunak» hitzarekin, «gizona» «espainola» hitzarekin eta «gizonak» «espainoldun» hitzarekin ordezkatu.

Zergatik emakumeentzat (edo zapaldurik bizi den edozeinentzat) onartezina litzatekeena baliogarria ez ezik eredugarria, berritzailea, aitzindaria, zientifikoa eta kosmopolita iruditzen zaie euskal instituzioei, euskalgintzari eta euskaldunei oro har?

Injustiziak zuzentzea botere publikoei dagokie. Injustizia jasaten dutenei elkartasuna eman behar zaie. Euskaldunok ordea, epel jokatzen ari gara euskararen etorkizuna bermatzeko boterea dutenekin eta estu hartzen ditugu, oso estu (ezinezkoa dena eskatzeraino, hots, Euskal Herrian euskaraz bizitzea) egoera iraultzeko ahalmen txikiena duten norbanakoak. Boteredunekin uso eta ahulenekin otso. Hemen zerbaitek huts egiten du.

Bilatu