Laura Mintegi
GAUR8

Etikaz mintza gaitezen

Politikaren ezgaitasunak etikaren inflazioa eragin du. Demaseko ustelkeriari edo bortizkeria politikoari aurre egiteko, etika eskaintzen da euste-horma gisa, gainezka egindako urak ubidera birbideratu nahian: zoru etikoa aldarrikatzen da bortizkeriaren aurretiko egoera «ez-bortitzera» itzultzeko, eta batzorde etikoak eratzen dira jarduera politikoaren epai «morala» egiteko.

Badirudi «etika» aipatze hutsak eremu birjinal batean kokatzen gaituela, lege eta arauetatik baino gorago dagoen nonbait, eta etika markak autoritate berezia ematen diola epaiari.

Arazoa da, baina, eremu politikoan darabiltzaten etika hori ez dela horren birjinala, sema eta zama dituela, eta hurbilago dagoela moraletik, Kantek eta Nietzschek ulertzen zuten moduan, Aristotelesen etikatik baino. Ehun urteko aldeaz, filosofo alemaniarrek zioten morala dela gizarte batek ezartzen duen arau multzoa, garaian garaikoa, agintarien zerbitzura jarria eta herritarren portaera kontrolpean edukitzeko egina.

Etika, ordea, beste eremu batekoa da filosofoen ustean. Etikak ez dio erantzuten aurretik ezarritako kode bati, baizik eta gizakiarengandik sortzen den berehalako erantzuna da. Rousseauk uste zuen, bertuteak bezala, etika berezkoa dela pertsonengan, eta unibertsala dela, eta uste zuen gizakiek ahalmena dutela etikaz jokatzeko, justizia gogoan.

Erakundeetatik bolo-bolo dabilen etika hurbilago dago moraletik filosofoen etikatik baino. Etika «instrumental» honek oinarri eta helburu du gaizkia definitzea, hau da, argi bereiztea zer den intrinsekoki gaitza edo maltzurra («estuvo mal»), eta definizio horren inguruan «kontsentsu zabala» biltzea lortzen du. Egia esateko, Zuzenbide osoa hori baino ez da, gaizkiaren aurkako araua. Zuzenbide-estatua aldarrikatzen denean aldarrikatzen ari da, finean, gaizkia identifikatu duen espazio baten araua ezartzea.

Ahotan darabilen etika honek ez du definitzen ongia, errazagoa baita esatea zer ez egin, zer egin behar den baino. Ongia xedatzen du gaizkiaren ifrentzutik abiatuta. Eta gaizkia, esan berri dugu, Estatuak definitzen du –eta Estatuaren zerbitzura dagoen Zuzenbideak–. Kontua da etika hau ezegonkorra dela, gaizkia definitzeak ez baititu ekiditen berekoikeria edo bortizkeriaren hedapena.

Ez da hutsala, beraz, ondo bereiztea zertaz ari garen etikaz ari garenean. Etika izenpean saldu nahi zaiguna, azken batean, Mendebaldearen kontserbadurismo kerra eta zaharraren gotorlekua da, non moralak –ad hoc eginikoa– marrazten duen onargarriaren eta ez-onargarriaren arteko marra fina; eta berak ezartzen duen zer den ezberdina izatea eta, jakina, zenbateko ezberdintasunak onartuko dituen.

Etika honek bidaide funtzioa betetzen du, bidelagun gisa. Iritzi mailakoa da, printzipiorik gabekoa. Bateragarria da interes ekonomikoek ezartzen dituzten injustiziekin. Bateragarria da batere «etikoak» ez diren portaera politikoekin. Bere xede bakarra da iritzi «kontsentsuatua» eta etsitua ezartzea zenbait interesen mesedetan.

Bestalde, bestera pentsarazi nahi bazaigu ere, ez dago etika orokorra; egiazko etikak banan-banan aztertu beharko lituzke egoerak. Baina logika parlamentarioa ez da saiatzen egoera bakoitzaren gainean hausnarketa egiten, ezta jokabideak printzipioetan oinarrituta zehazten ere. Eta larria da, etikak ez bailuke izan behar pentsamenduaren ukapena, etikaz mintzo garenean ezinbesteko baldintzak baitira hausnarketa eta argumentazioa.

Etikak helburu izan behar luke gizakiaren eskubideak ordenatzea eta jarduera gizatiarrak zehaztea. Hau da, positiboan ezarri beharko lituzke definizioak. Horren ordez, etikaren izenean damua eta errefusa exijitzen dira. Oker. Damua adierazteak ez du gezurra egia bihurtzen. Egia ez da transformatzen. Enuntziatua aldatzen da, ez errealitatea.

Bilatu