Eurofilia vs. Eurifilia

Ez da fobia edo filia kontua, borroka ideologikoa baino, eredu borroka.

2017/08/13

Euskal preso politikoen sakabanaketaren diseinuan parte hartu zuten, baina presoei eta ezker abertzaleari leporatzen die egoeraren gordina Urkullu presidente erregionalak. Familien errua aipatzea falta izan zaio. Kepa eta beste askoren heriotzak bere kontzientzian egongo dira, halakorik baleuka.

Lemoizko zentral nuklearraren alde zeuden, bestela, azak jan behar genituelakoan (Arzalluz dixit). Orain aza ultra-kozinatuak erosten ditugu BMn, Lidl-en, edonon... eta baserritarrik ez dago apenas. Eskerrak. Abiadura Handiko Tartak ez du azarik zapalduko. Abiadura handiko «desazalerazioa». Orain, Garoña ixteaz pozten ei dira. Maroto ere bai (manda güevos). Atez atekoaren kontra daude, deserosoa eta «antiestetikoa» omen delako, sistemarik eraginkorrenetarikoa izan arren. Europan txalotua eta PSOEk eta hainbatek Espainian babesten duten sistema; Euskal Herrian, ez, ordea. Horren ordez, «Ekoerraustegi berdea» saldu digute eta guztion diruarekin ordaindu. Green bada, ez dago eztabaidatu beharrik. Badaezpada, 5. edukiontzia eta antzekoak ezartzen hasi dira.

Orain, hainbat herritara dagoeneko kolapsoa ekarri duen eredu turistikoa sustatzen ari dira eta eredu horren aurkakoak kriminalizatzen. Kukutza eta Errekaleor bezalakoak eraitsi eta hotelak eta merkataritza gune handiak eraiki. Betiko dendak itxiarazi, frankiziak zabaldu, auzotarrak bota, lan baldintzak okertu –azken lan erreformek lagun–, euskara desagerrarazi. Jatorra ezkutatu eta dena da cool. «Welcome to Spain, tourist». Gentrifikazioa eta EH salgai. Ongi etorri errefuxiatuak, baita turistak ere, jakina. Guztiok izaten gara turistak noiz edo noiz, baina ez eredu turistiko beraren aldekoak, eta azken bolada honetako ekintzak eredu baten sintomak dira; ez, ez da mediku neoliberalek «diagnoasmatutako» turismofobia. Beti izan dira trebeak hitz berriak asmatzen. Baita protesta kriminalizatzen ere. Laster, euria bera ere kriminalizatu eta Iberdrola dorrean eguzki artifizial erraldoia eraikiko dute «basque sun festival» guztion diruarekin eta batzuen mesedetan, jakina. Lagunei jaten eman behar zaie. «Tenemos que cautivar a España» (Josu Jon Imaz). Eta, bitartean, gu Espainian gatibu, politika neoliberalen morroi: «Los lunes al sol».

Diru kontuetan hazi, hazi eta hazi beharra, etengabe, Azpiazu azkar baina totelka aipatzen saiatu zen ezelako «desazelerazio» barik eta kalteei edo sektoreko enpresario-magoek sortutako aberastasunaren banaketari erreparatu barik; euroen hizkuntzan esanda, «rapidito, que en castellano es más fácil». Eurofilia ote? Nazio gisa, ostera, «deeeespasiiitooo» (Ortuzarrek esana). Abiadura handi-txikiko jeltzaleak, besteon fobiak diagnostikatzen trebeak. Eta nik, ostera, euria maite dut, ostia! Eurifilia ote? Ez dut uste. Ez da fobia edo filia kontua, borroka ideologikoa baino, eredu borroka. Nik euria maite dut, geure-geurea delako eta guztiok berdin-berdin bustitzen gaituelako.

Artikuluak
Joxe Mari Olarra Agiriano
2017/10/19
Koldo Tellitu
2017/10/19
Antonio Alvarez-Solís
2017/10/19
Patxi Saez Beloki
2017/10/19
Gutunak
Patxi Aznar Bellido
2017/10/19
Javier Orcajada Del Castillo
2017/10/19
Alvaro Calderón Fernández
2017/10/18
Gurutze Arregi Mujika | Altsasuko Mugimendu Feministaren izenean
2017/10/18
Azken post-ak
Fito Rodriguez
2017/10/19
Martin Garitano
2017/10/19