Inaki Irazabalbeitia, Lorena López de Lacalle, Ayem Oskoz eta Maite Ubiria
Euskal Herria Bilduren Nazioarteko arloko ordezkariak

Europa demokratikoa, soziala eta independentea behar dugulako: Gu Greziarekin bat

Europako gobernuak, Europako erakundeak eta Nazioarteko Moneta Funtsak, elkar harturik,  ziurrenik  nazioarteko banku handien eta bestelako erakunde finantzarioen kontrol zuzenaren pean, Greziako gobernu aukeratu berriaren eta Greziako herriaren kontra presiorik handiena egiten ari dira, mehatxu argien, txantajearen eta gezurrez eta izuz betetako komunikazio-kanpaina baten bidez.

Greziako gobernuari eskatzen dioten “erreskate”-programarekin eta 2010eko maiatzean ustez Grezia “lagundu” eta “salbatu” behar zuten inposatutako “erreformekin” jarraitzea eskatzen diote.

Programa horren ondorioz, Greziak 1945etik hona Europan jazo den hondamendi ekonomiko, sozial eta politikorik handiena pairatu du. Bere BPGaren % 27a galdu du, Lehen Mundu Gerran Alemaniak eta Frantziak izan zituzten kalte materialek suposatu zutena baino handiagoa. Bizi-maila maldan behera joan da, ongizate sistemaren baitako eskubide sozialak deuseztatze bidean dira.

Mende bateko borroken ondorioz lortutako eskubide sozialak desagertu egin direla ikusi dute greziarrek. Gizarte-sare osoak suntsitu dira eta gero eta herritar gehiago etsipenezko egoera batera kondenatuta daude.

Demokrazia formalitate huts bihurtu nahi du Troikak, Greziako herriak hautatutako ordezkariak bere esanetara egotea nahi baitu. Aldi berean, programa horrek gainditu behar zituen bi arazoak, Greziaren zor soberanoaren eta lehiakortasunaren auziak, larri higatu dira.

Orain, Europako gobernuek eta erakundeek kontzesiorik oinarrizkoena eta txikiena ukatzen diote Atenasko gobernuari; are gehiago,  itxurak salbatzeko formula minimo bati uko egiten diote. Halaber, Greziako gobernuak eginiko azken urratsen aurrean baldintzak zorroztu egin dituzte. Greziako gobernuaren errendizioa nahi dute, umiliatu eta suntsitu egin nahi dute. Trajedia nazional eta sozial horri irtenbide demokratikoak ukatzean Grezia kaoserantz bultzatzen ari dira. Bidenabar,  intentsitate baxuko gerra ez-deklaratua gertatzen ari da babesgabeen, gaixoen, gazteen, zaharrenen, ahulenen eta zorigaiztokoen kontra. Hori al da nahi dugun Europa?

Baldintzarik gabeko babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu herri greziarrari bere duintasunaren, irtenbide nazionalaren eta sozialaren alde eta Troika inposatzen ari den tutoretza neokolonialistaren kontra egiten diharduen borrokan.

Europako gobernuei eta erakundeei eskatzen diegu Greziarekiko duten politika bidegabeari amaiera emateko. Elkarlanerako agenda, Greziako egoera ekonomikoa bideratzeko eta herri horretan jazotzen ari den giza hondamendiaren aurkako larrialdi programa eskuzabala abian jar dezaten eskatzen dugu.

Aldi berean Greziako gobernuak Troikaren presioen aurrean herriari galdetzeaz hartutako erabakia txalotzen dugu. Demokrazia-lekzioa izan dela uste dugu. Gaur gure bihotza Grezian dugu, eta greziar herriari gure sostengua emateko, plataforma zabalak Bilbon deitu duen erreferendum herritarrarekin bat egiteko asmoa dugula adierazi nahi dugu.

Jakintun gara Grezian jokoan daudenak ez direla greziarren soldatak edo pentsioak, greziarren eskolak edo ospitaleak edo nazio baten etorkizuna soilik. Grezian jokoan dagoena euskal herritarren, italiarren, portugesen nahiz alemaniar herritarren soldatak, pentsioak, gizarte-laguntzak eta ongizate-estatua dira. Europako demokrazia bera, hots Europa bera, dago jokoan. Greziari so egin behar zaio, Europako elite ekonomikoak europar herritarrontzat prestatzen ari diren etorkizuna ikusteko.

Gure ustez gero eta premia handiagoa dago europar zorraren berregituratze erradikalarena, sektore finantzarioaren jarduerak kontrolatzeko neurri serioak ezartzeko, Europarako, eta bereziki hegoaldeko herrialdeentzako austeritatetik harago eredu sozio-ekonomiko jasangarria abian jartzeko.

Egungo Europako ereduaren birformulazio ausarta paratzea eta bultzatzea premiazkoa da, oraingoa jasanezina dela frogatuta dago. Europa demokratikoa, soziala eta independentea behar dugu, Europa berria mundu poloanitz batean.

Bilatu