Jon Inarritu, Inaki Irazabalbeitia eta Patxi Zabaleta
Aralar

Europar Batasunak 60 urte, aukera demokrazia indartzeko

1957ko martxoaren 25ean Europako sei estatuk Erromako Ituna sinatu zuten, Europako Ekonomia Erkidegoari hasiera eman ziona zein egungo Europar Batasunaren lehen gunea izan zena. Alemaniako Errepublika Federalak, Belgikak, Frantziak, Herbehereek, Italiak eta Luxenburgok, Lehen eta Bigarren Mundu Gerren zauriak zuzenean nozitu baitzituzten, gatazkaren eta konfrontazioaren esparrutik irten eta elkarlanerako ituna sinatu zuten. Elkarbanatutako bakearen, demokraziaren eta oparotasunaren ametsa zuten.

Egun horretan sinatutakoa urteetako lanen ondorioa izan zen. Bigarren Mundu Gerraren osteko urte haietan Europaren ideia, bakearen berme moduan, hazi, koskortu eta zabaldu zen Mendebaldeko Europako intelektualen eta estatisten artean. Euskal Herriko ordezkari politiko hainbat ere ideia horren inguruan ibili ziren eta Europako Mugimendu Federalistako kide izan ziren hasieratik. 1948ko maiatzean Hagan eginiko Europako Kongresuan, orduko lehen mailako europar politikariekin batera, Francisco Javier Landaburu jeltzalea, Juan Carlos Basterra EAE-ANVko zuzendaritzako kidea –bi-biak beren erakundeen ordezkari eta maila pertsonalean– eta Jagi-jagiko Lezo Urreztieta jauna bildu ziren. Kongresu horren ondorio izan ziren Mugimendu Europarraren sorrera (1948) eta Europako Kontseiluarena (1949). Beraz, ezkerreko abertzaleok hastapenetik izan gara mugimendu europazalearen parte eta beldurrik barik esan daiteke Europaren eraikuntza gure DNAren geneetako bat dela.

Batasunaren sortzaileek batasun ekonomikoaren eta komertzialaren bidea hautatu zuten europarron artean harmonia lortze aldera. Bigarren urrats moduan ikusi zuten komunitate politiko moduan eratzeko prozesua. Gaurko ikuspegitik, osorik ez zutela asmatu esan dezakegu, integrazio politiko egokia delako egun Europar Batasunak dituen gabezia larrienetako bat. Prozesu horrek sortu duen Europar Batasunaren ereduak antzekotasun handiagoak ditu merkataritza sare batekin antolaketa demokratiko batekin baino. Hortaz ez da harritzekoa Europako herritarrok Batasuna globalizazioaren bultzatzaile edo batzuen interes pribatuen mesederako eratutako makineria burokratiko moduan ikustea.

Urrats oso positiboak egon dira. Nork du dudarik? Egitura-funtsek eskualde asko atzerapenetik ateratzea lortu dute. Europako legeei esker ingurumen estandarrak izugarri emendatu dira. Europar guztiok ordezkatzen gaituen parlamentua dugu. Herritarrok Europan zehar arazorik gabe mugi gaitezke. Ikasleek beste estatuetako zentroetan ikas dezakete, eta abar.

Prozesu horrek asko maite ez dugun egoerara eraman gaitu, bestalde. Euroguneak moneta bakarra du, baina ez du aurrekonturik, ezta gobernantza demokratikorik ere. Barne merkatua eratu da, non merkantziek eta zerbitzuek libreki zirkulatzen duten, baina langileak elkarren lehian daude eta ez dituzte eskubide sozial berdinak. Are gehiago, ez dago politika fiskal komunik. Bi faktore horiek injustizia eta desoreka eragiten dituzte Europako herritarren eta lurraldeen artean. Lehiakortasuna eta merkatua loriatzea besterik ez dute ahotan EBren arduradun politiko nagusiek. Bien bitartean, zerbitzu publikoak eta komunaren kultura desegin nahi dituzte. Zenbait gobernuk herritarren oinarrizko eskubideak bortxatzen dituzte eta Batasuna ez da deus egiteko gauza. Zer esan errefuxiatuen etorrera dela-eta egiten diharduen politikaz, non garai bateko Europaren mamurik itsusienak berragertzen ari diren? Hizkuntza eta kultura aniztasuna izanik Europaren ezaugarrietako bat Batasuna ez da gai alor horretan politika egokirik egikaritzeko eta zenbait estatuk hizkuntza eskubideak zapal ditzaten uzten du.

Bestelako Europa bat nahi dugu, Europa subjektu politikoa ezinbestekoa ikusten dugulako gure herritarren ongizatea bermatzeko eta munduak etorkizuna izateko. XXI. mendearen desafioak globalak dira: klima aldaketa, giza eskubideen errespetua, bioaniztasuna, energia iturriak, lehengaiak urritzea, gerrak, populazioaren desplazamenduak, teknologia digitalak, eta abar. Erronkok estatuen mugak gainditzen dituzte. 

Europa berreraikitzeko garaia da. Herritarren interesak eta ongizatea helburu izango duen Europa gura dugu, elkartasuna eta denon duintasuna ardatz izango dituena, non ekonomia tresna bat izango den eta ez helburua.

Europa demokratikoagoa, gardenagoa eta herritarrengandik gertukoagoa nahi dugu, osatzen duten herrien eta nazioen dibertsitatea ardatz izango duena. Horrexegatik, Jean-Claude Juncker-ek, Europako Batzordeko buruak, mahaiaren gainean jarritako etorkizunerako bost eszenatokietako bat bera ere ez dugu egoki ikusten Europaren etorkizuna eraikitzeko.

Europaren eraikuntzak egungo tratatuak gainditu behar ditu eta gobernantzarako tresna berriak eratu behar dira. Europak eredu konstituzional bat behar du, konstituzio deitu ala ez. Eredu horrek botereen banaketa antolatu beharko luke, corpus konstituzional konpartitu baten arabera herritarren oinarrizko eskubide eta askatasunak seinalatu beharko lituzke, Batasunaren barne zein kanpo helburuak klaru zedarritu beharko lituzke, instituzio bakoitzaren funtzioak eta ahalmenak definitu beharko lituzke eta baita erabakiak hartzeko prozesua ere.

Europa demokratikoago, solidarioago, gardenago eta herritarrengandik gertukoagoari bai!

Bilatu