Iñaki Altuna
GAUR8

Euskal Bidea, bertute asko eta zenbait arazo

Berriki plazaratutako Euskal Bidea proposamenak ikuspegi orokorra osatu du. Helburu taktikoak –zenbait oso epe motzekoak: gehiengo berriak osatzeko aukerak edo Ipar Euskal Herriarentzat ezagutza instituzionala lortzeko eztabaida hortxe daude, adibidez– eta estrategikoak definitu ditu, baina eskema itxiak eta mekanikoak –honen ondotik beste hau dator eta horrela baizik ezin da gertatu– sortu gabe.

Berezko proiektua –EH Bilduren eta EH Bairen kasuan, Euskal Estatua– eta prozedura demokratikoa bereizi ditu. Oso korapilo garrantzitsuak askatzeko aukera eman du: lurraldetasunaren auzia eta gaur egungo erakundeen funtzio aldaketa lortzeko bidea. Nolabait laburbiltzeko, bidearen/prozesuaren ideiak josi du erabakitzeko eskubidea gako duen proposamen osoa.

Ikuspuntu historikotik hartuta ere, esan daiteke Euskal Herria zatitzeko, urtzeko eta asimilatzeko saioari aurre egin izanaren ondotik etorkizuna eraikitzeko gidoia eskaintzen duela. Nolabait esatearren, Euskal Bidean aurrera egiteak, besteak beste, «relato»-aren bataila famatuan arreta mami politikoan jartzea ahalbidetuko luke, damuaren moduko eztabaida antzuetan –batzuei beraien buruari uko egiteko eskatzen zaie, ez egindako kaltearen aitorpen beharrezkoa– ito gabe. Iraganaren irakurketa egokia egiteko etorkizuna behar da.

Beraz, bertuteak baditu proposamenak, baina baita gainditu beharreko kontuak ere. Batzuk etxe barrutik ere badatozkio, seguru asko; Euskal Bideak zer suposatzen duen jabetzea proposamena egin dutenei eta indar horiek ordezkatzen dituzten familia politikoei ere bai baitagokie. Ezker abertzalearentzat, zehazki, duela bost urte egindako estrategia aldaketa etorkizunera begira jartzeko aukera izan behar du, estatuekin aldebiko prozesurik –oraingoz– garatzeko aukera ezeztatu ostean.

Eta inguruan ere badira arazoak. Hauteskundeak hortxe daude, eta zaila da horrelakoetan eztabaidari behar bezala eustea. Proposamena hauteskundeei begira plazaratu izana leporatu dienik ere izan da. Hala balitz, hauteskunde asmo soila balego, luzera beraien burua baizik ez lukete kaltetuko EH Bilduk eta EH Baik.

EAJk eta, bereziki, Urkullu lehendakariak gogor hitz egin dute proposamenaren kontra. Euskal Herriaren interesei begira edo burujabetza prozesu bat adosteko txarra delako? Ez, horregatik ez, hala balitz ere. Proposamenak zer dioen gutxi axola zaie. Arazoa ez dago mamian. EAJk hautu bat egin du, eta eremu askotan argi bezain garbi antzeman daiteke.

Gatazkaren muinean dagoen estatus politikoaren eztabaida ez du azkartu nahi, horrek posizio bat hartzera behartuko lukeelako. Estatuarekin ez du sakoneko istilurik nahi, azaleko aparra baino ez. Gatazkaren ondorioei buruz oso posizio gogorra hartzen ari da, eta presio osoa, baita nazioarteko eragileena ere, ETAren eta ezker abertzalearen gainean jartzeko dena eta denak behartu nahi ditu, ultimatum eta guzti. Eta horrekin denarekin bat dator ezker abertzalearekiko tentsioa gero eta gehiago handitzeko jokabidea indartzea.

Lehen helmuga datozen hauteskundeetan du. Gipuzkoako Aldundia bereganatzea du lehentasun, nahiz eta bozketa ez irabazi. Orain arte, EH Bilduren atzetik geratu arren, halako berdinketa tekniko bat lortzea zuen helburu koalizioari gobernua kentzeko. Orain, diotenez, itunen bidez gehiengoa lortzen badu, gobernu bila joango da. Bost axola EH Bilduk hauteskundeak ondo irabazten baditu ere. Arrazoia: beste lau urtez segitzen badu Aldundian, EH Bilduk bere gobernua egonkortuko lukeelako nork daki noiz arte.

Bada esaten duenik Euskal Bidea bi indar politikok aurkeztu izana eragozpena izan daitekeela alderdien arteko tirabira giro honetan. Beharbada. Baina herri plataforma batek halakorik plantea zezakeen familia politiko baten itzalpean agertu gabe? Zaila hori ere.

Arazoak eta bertuteak, ez dago bide idilikorik

Bilatu