Idazlea
Euskal gizarteari

Ez zioten egin, egiteko zeukan epaiketa eta pozik zegoen. Berriz herritar «normal» bat zen, ez markatua, ez susmagarria, eta bizi egin nahi zuen. Bizi. Espetxea eta urte beltz haiek ahaztu.

2017/08/10

Noizean behin, oso gutxitan, ustekabeko dardara  sumatzen dugu, barrutik datorren zerbait izaten da beti, eta min egiten digu, min.

Oraingoan «Kixoteren» lurraldetik heldu zaigu berri txarra. Sistemaren «oparia», lehen beste asko izan ditugun bezala. Urteak joan, urteak etorri, ez dugu ikasten, zenbat holako behar ditugu ba esandakoak egi bihurtzeko?

Urrats zailenak eman behar zituenak emanda, zertan gabiltza besteak, zertarako eskatzen diegu bozka herritarrei, instituzioak kudeatzen ditugunak, nori begira egiten dugu lan?

Eskerrak, euskal gizartea, poliki-poliki bada ere –handik eta hemendik entzuten duenari sinesgarritasun gutxi emanez–, dagoena ikusiz eta datorrena sumatuz, egoeraren larritasunez jabetzen hasia dela, baina ez bere osotasunean.

Beharbada horregatik, egoera bitxia ari da sortzen, eztabaida politikoak jendartean alor guztiak bustitzen dituen bitartean, sasi-botere amarauna eraikitzen ari dira eta lanabes egokiekin aurre nahi zaionerako berandu, beranduegi izan daiteke. Eta –nire ustez– hori da larriena.

Egungo espainiar sistemari begira nago, Francoren oinordeko zitalaz ari naiz. Sistema hau, aspaldidanik ongi barneratutako erregimen politikoa baita askorentzat. Eta ez nago soil-soilik Madrilera begira. Saiakera nabaria da baina, itxurazko txukunketak egin bazaizkio ere, ukaezina da bere izaera diktatoriala.

Edozein tirania instituzional baino fin eta eragingarriagoa azaltzen da, ez baitu estatu kolperik ez gerra zibilik behar inposatzeko. Aitzitik, normaltasun demokratikoaren itxura baketsupean jartzen dute indarrean, eta demokrazia urruntzen doan neurrian, indartzen dira muturreko frankista berriak.

Hau da –asko kostata bada ere– erabat egoera aldatuz, elkarbizitzari bidea ireki dion erakundeari –ETAri– ematen ari zaion erantzuna, ze pena. Horrela, aspaldian «zatorren pare» bizi direnentzat, etxera itzultzeko daudenentzat, uste baino etorkizun ilunagoa. Beraz, bakea, elkarbizitza, demokrazia, nolakoak dira, non daude, norentzat dira? Agian igeltsero ez izanik, karea erabiltzen dutenentzat?

Datozen lerroak, begien aurrean duguna hausnartzeko egokiak direlakoan nago, beraz, zuen baimenekin, banoa:

Ni bezala urte mordo batez fraide artean lehenik eta beste bost edo sei handik at ikasten  ibilitako lagun zahar bat, atxilotu eta torturatu ondoren espetxera eraman zuten. Ziotenez, ETAko bati laguntza eskaintzeagatik. Ni bezala, afizioz pilotaria zen eta bestela, administrazioko langile. Urte pila bat espetxe barruan pasa ondoren, libre utzi zuten, baina bere lana galdu egin zuen.

Urte latzak hurrengoak, etxean egoten zen, eta nahiko lan diru sarrerarik gabe bizitzen. Jakina, «markatua» zegoen, espetxean egon izanaren mesedeak. Beti ere susmagarria zen «auskalo zergatik bota zuten lanetik». Eta haren lagunak beldur ziren laguntzeko. Denbora honetan egiazko miseria ezagutu zuen. Beti beldurrez, poliziak sarri egiten zion «bisita» etxera.

Urteak pasa eta ez nuen lagunaren berririk. Eskola garaiko lagun baten elizkizunak tarte, ikusi nuen. Esan zidanez, berriro ere administrazioko langilea zen, bere bizitza egiten zuen, eta golf  jokatzen zuela esan zidan, baina pilotan ez. Zioenez, orain ez zituen gustuko garai bateko bazterrak.

Bere bizitza gogorra kontatu zidan. Nola hasi zen han-hemenka lan txikiak egiten. Nola diru pixka bat irabazten, autoak aparkalekura eramaten, baita enkargu txikiak eginez langileei, bere lehenagoko lankideei, eta nola azkenean berriro lehengo lantokian hartu zuten, adiskideoi eskerrak.

Ez zioten egin, egiteko zeukan epaiketa eta pozik zegoen. Berriz herritar «normal» bat zen, ez markatua, ez susmagarria, eta bizi egin nahi zuen. Bizi. Espetxea eta urte beltz haiek ahaztu.

Estatuaren guztiahalmenaren morroi. Beldurrak, miseriak, bakardadeak. Lan pixka bat erregutzen leihatilaz leihatila eskale ibili beharrak. Hau da apaldu, hautsi, eta barrutik hustu egin zuten gizonaren historia.

Idealik gabe, adiskide gabe, «normaltasun» anonimoaren espazio txiki batean errefuxiatu behar izan zuen gizonaren historia. Horrela bizitzea oso gogorra da.

Ni ez naiz adiskidea epaitzeko gai. Nire ondoan, abertzale eta sozialista izana. Bere aita –nirea bezala– Francoren aurkako erresistentziatik preso eta espetxeratu izana. Nire adiskidea ez da  «damutua», ez jauna. Kemenez eta ideiaz beteta ezagutu nuen. Benetan sinesten zuen askatasunean.

Irribarre triste batekin kontatzen zidan, agian ulermen pixka bat erregutuz, bere miseria. Ezer barkatu gabe kontatu zidan, noraino makurtu eta hondoratu den. Nola bere ahuldadeaz baliatuz, ezagun zituen torturatzaileekin kolaboratzera behartu zuten. Malkoak begietan zioen, egin behar izan duen guztia, «berriro» gizon bat izateko.

Nahiko zalantzagarria bada ere diktadura batzuk demokraziaren antzeko zerbait bihurtzen dira, nahiz orain espainiarrak lehengo egoerara itzuli nahian urratsak ematen ari. Jende asko eta asko, aldaketa bakoitzaren ondoren, saguak bezala ateratzen dira zulo guztietatik. Lehen Francisco zena orain «Patxi» deritza. Eta nola ez, PSOE euskaldunez lepo dago, baina hori bai, euskaldun-espainolez lepo.

Herriaren etorkizuna aske erabakitzeko daramagun borroka luzeak, gogortu, zaildu egin du euskal gizartea, baina ez bere osotasunean, horregatik –nire laguna– ilusioz beterik eta sakrifizioz kargaturik ibili ondoren hainbat urte, etsi eta jota dago. Oso nekatua, abailduta, garaitua…

Nire lagunak aski ongi daki, arazoak ez direla bukatu, zapalkuntzak gero eta zorrotzagoak direla. Francorik gabeko frankismo latzena inposatuz, demokrazia formal bat besterik ez zena, Madrildik, PPkoen zauriak sendatzen dituzten laguntzekin, hura ere itotzen ari direla.

Gizarte sozial berri baten beharra dagoela, jakin bai, badaki, baino bizi egin nahi du. Eta bere garaian borrokatzen zuen Estatuaren barruan, «ustezko» bake berriaren epelean, bere bizitza egiten du, isil-isilik.

Nire adiskidea sekula ez da heroi bat izan, baina gorriak eta beltzak pasa ditu, eta orain bizi nahi du.

Hau ez da heroi baten historia, argia da, etsi egin duen batena baizik. Bere beldurrarekin xantaia egin diotenaren historia da. Baina zoritxarrez historia ez da nire lagunarekin amaitzen. Egia da bai, bere burua makurtu zuen, bale, baina etsi beharrean, eutsi egin dutenei, zer eskaintzen diegu?

Tarteka etortzen zait burura eta irudikatzen dut gure auzoko kai politean barne, «Pantxikaren» aurretik pasatzen, bere bake pertsonala egin nahi zuena. Torturatzaileen Estatuarekin kontziliatzeko arima saldu zuena.

Hori da etxetik urrun, eta espetxean ditugun lagunei eskaintzen dieguna?

Artikuluak
Leopoldo Santos Ramírez
2017/08/18
Oskar Fernandez Garcia
2017/08/18
Fernando Sanz y Mikel Arizaleta
2017/08/18
Sabino Cuadra Lasarte
2017/08/17
Gutunak
Iker Iturralde | En nombre de la Junta Directiva de la Unión Artesana
2017/08/18
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2017/08/18
Iñaki Uriarte | Arquitecto
2017/08/18
Juan Manuel Garmendia | Secretario de la Junta Directiva de la Cofradía Vasca de Gastronomía
2017/08/17