Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea

Euskal sozioekonomia 2016

Itxura batean atzean utzi ditugu aurreko urteetako albiste ezin ilunagoen zaparradak. Itxura batean diogu, izan ere, ekonomiaren ohiko legeak jarraitzen baitu Mundua eta harremanak arautzen. Hots, errentagarritasuna inoren eta ezeren bizkar, mugarik gabe. Herri xedea aintzat hartuta, nola begiratu 2016. urteak eman duenari?

Iazkoa petrolio merkearen urtea izan da –bigarrena–, eta euskal industriak behar zuen abagunea aurreko urteetan ezagututako aldi iluna gainditzen ari ginela ikusarazteko. Urtea, ordea, petrolio merkearen aroa amaitzera doala ikusiz itxi dugu. Pentsatzekoa da, beraz, olatu horretan ibili diren enpresen eraginkortasun ekonomikoa ere ahuldu egin daitekeela hurrengo urteetan. Hego Euskal Herrian trantsizio energetikoa sinesgarri egingo duen prozesurik abiatu ez denez, ikusteko dago gure aterabidea.

Zentzu horretan, 2016ak zerbait utzi badigu argi garai berri batean sartu garela da. Izan ere, arrakasta ekonomikoak, euskal kasuan bederen, lotura handia du, handiegia, iraganeko eredu produktibo, teknologiko eta sozialarekin. Hortik so, 2016. urteaz ezer esatekotan horixe esan beharko genuke, trantsizio edo bitarteko urte bat izan dela, non emaitza makroekonomikoek ezaugarri positiboak izan dituzten arren (enpresen fakturazio eta kontratazioen aldetik, batez ere), ez den aro berri bati erantzutera datorren urrats aski proaktiborik ezagutarazi. Beharbada, ezinezkoa zatekeen Hegoaldean hauteskunde urte betean halakorik espero izatea.

Brexitak edo Trumpen garaipenak, nazioarteko merkataritza itunen izozteak edo Txinak altzairuaren merkatuan eragiten duen dumping delakoak ederki erakusten dute dagoenak ez dituela asetzen herrialde horietako gehiengoak (gehiengo kuantitatibo zein kualitatiboak). Baina ez zegoen halakoren beharrik euskal ehun produktiboak 2016an zein gabezia eta ahulezia izan dituen ikusteko. Izan ere, 80ko hamarkadan ontzigintzarekin bezala, azken urte hauetan altzairugintzari lotutako krisiak ederki adierazi digu gure-gurea izan dugun sektore hau (eta bere inguruan dagoen guztia) iraunarazteko egungoa baino eredu eraginkorrago bat beharko dugula; ACB eta Sidenorren inguruko gertaerek ezin argiago adierazi dute.

Euskal ekonomiari lotutako izen handiek estutasunak bizitzea baliteke nazioarteko ekonomiaren ondorio logikoa izatea. Ez da gauza bera, ordea, estrategia lokal batek lideratzea edo kanpoko eragile batek. Arcelor edo Gerdauren ihesak, aurretik Gallardo taldeak egin bezala, edo Fagor-CNA taldeak aurrera egiteko erakutsi dituen zailtasunek agerian uzten dute esandakoa. Baliteke Jaurlaritzak euskal enpresa estrategikoetan partaidetza indartzeko sustatutako bideak emaitzak uztea hurrengo urteetan. Bazegoen horren premia. Ikusteko galdutakoa berreskuratzeko gai den.

Urtea Hego Euskal Herrian enpresari elkarte eta sindikatuen arteko elkarrizketa giroan amaitu dela dirudi. Ikusteko dago ELA eta LABen arteko balizko batasunak edo enpresari elkarte berri baten sorrerak (GAREN) ekarri duen aldaketa hori. Baina ez da zalantzarik 2016. urtean orain arte bere burua ahalguztidun ikusi duen Hegoaldeko patronal nagusiaren baitako gutxiengo indartsuenak ezin diola orain arteko moduan nagusigoari eutsi. Aldaketa zinez interesgarria gertatu dela esan beharko dugu. Batetik, sindikatuek euskal eredu bat gorpuzteko (eta ez nork bereari eusteko) lankidetzari ekin diotela baitirudi. Eta bestetik, euskal sena eta euskal erroak dituzten enpresak enpresa-elkarte berri baten inguruan biltzen hasteko beharra sentitu dutela. Pentsa daiteke euskal eredu sozioekonomiko bat osatzeko aukera oro zartatu duen enpresa elkarteari bizkarra emanez ari direla. Gako horiekin etor daiteke hurrengo urteetan euskal xedea duen eredu sozioekonomiko berri bat gorpuzteko aukera.

Ez da, ordea, urte erraza izan sindikatu abertzaleentzat. Ipar Euskal Herrian LABen aurka CGTk jarritako salaketa ezagutu dugu; ELA eta LABi sindikatu izaera kentzeko mugimenduak izan dira Hegoaldean. Oraindik orain, euskal gorputz sozioekonomiko ahulak oinarrizko atalak galtzeko arriskua duela ikusi dugu. Eta mehatxuak hor dirau.

2016an langabezia kopuruek behera egiten jarraitu badute ere, ez da oinarririk jarri gazte, emakume edo immigranteek lanerakoan nozitzen duten prekaritatea gainditzeko. Prekaritatea ezer bada, bizimodu eskasaz gain, herri xederik ez duen dinamika ekonomiko bat da. Lan egin arren pobrezian edo ziurgabetasunean bizi diren pertsonen egoera jasanezina gertatzen ari zaio herri honi. Injustua izateaz gain, gure gaitasunak alferrik galtzen dituela ozen esan beharra dago. Aldaketa ekonomiko, teknologiko edo sozialen aurrean bere burua nola geroratu erabaki behar duen herri batek ezin du halakorik jasan.

Hegoaldeko pentsiodun askoren prekaritatea ere ez dirudi hobetuko denik prezioen bilakaeraren azpitik geratu den pentsioen igoerarekin. Nafarroako Gobernuak pobrezia egoera larrienak arintzeko hartutako bideak lehen emaitza positiboak utzi dituen arren, kontrako bidea hartu du Eusko Jaurlaritzak urteko azken asteetan, DSBE delakoa gutxieneko soldatatik bereiziz. Beraz, egoera larria izan arren ez da helburuetan adostasunik eraiki, ez egitasmo sakonik abiatu. Berriro ere, Madrilek jarri du neurria eta euskal administrazioek ez dute garaiak eta euskal kontestuak eskatzen zuen burujabetza ariketarik egin, euskal esparru sozioekonomikoa eduki eta politika propioz hornitzeko.

Antzeko bidetik joan dira Kontzertu-Komenio ekonomikoa berritu eta Kupoari dagokion kopurua zehazteko eztabaidak. Gurean baliabide ekonomikoen behar gorrian egon arren, oraingoz Madrilek du ezartzen ekarpenari lotutako sistema, zenbat, zertarako eta noiz. Gasteiz eta Nafarroako gobernuek portaera desberdinak jokatu dituzte, oraindik ere elkarren arteko sintoniatik zeinen urrun gauden erakutsiz, nahiz eta estutzen gaituen soka bera eta betikoa izan. 2017ari itxaron beharko diogu auzi honen bilakaera ezagutzeko. Eta premiak, antzekoak. Ipar Euskal Herriak lurralde elkargo formularekin finantziazio kontuak ezarriagoak izango ditu (legez), baina honek ere bere beharren kontzientzia kopuru ekonomikoetan jarri eta adostasun sozialak ehuntzen asmatzen badu 2017-2018 aldian Euskal Herriko lurralde eremu osoak izango ditugu autonomia ekonomiko handiagoa eskatzen.

Aipatu gabe joan zaizkigu urteak emandako hamaika auzi sektorial, lurralde antolamendua berritzeko prozesuak Hegoaldean, Herri Elkargoa osatzeko lana Ipar Euskal Herrian, PISA txostenaren emaitzek ekarri diguten erronka, I+Gko inbertsioaren bilakaera apala (eta Jaurlaritzak iraunkorki hobetzeko konpromisoa), ekonomia sozialeko proiektuen garapena. Esan daiteke, beraz, 2016. urteak ez duela ekarri behar genuena, baina bidean direla Euskal Herria sozioekonomikoki bere buruari begira jarriko duten prozesuak. 2017ak esango horrenbesteko indarrik baduten.

Bilatu