Xanti Begiristain Madotz

Euskara debekatua pilotalekuetan

Hegoaldeko pilotaleku guztietan behintzat bai (Ipar Euskal Herrian ez dakit oso ongi nola dagoen gaia), artekari guztiak, beti, espainiera hutsez aritzen dira apustuak egiterakoan, eta, antza denez, inor ez da lotsatzen, ez gorritzen, ez eta deus ere egiten.

Honela esanda, badakit gogor samarra gerta daitekeela baieztapen hau, baina gutxi barru uste dut arrazoia emanen didazuela, irakurleok.

Izan ere, uste dut, dagoeneko hau laugarren aldia dela honen inguruan idazten dudana, eta, oso garbi dagoen bezala, inolako aurrerapenik lortu gabe. Euskara eta artekariei buruz ari naiz, noski.

Konturatu bazarete, profesionalen pilota partidu guzti-guztietan, edozein lekutan, berdin da Logroñon, Burgosen, Tuteran, Tafallan, Iruñean, Arbizun, Leitzan, Eibarren, Bergaran, Tolosan, Donostian, Bilbon, Baionan, Donibane Loizunen, Donibane Garazin edota zakurraren ipurdian ere, berdin-berdin-berdin da, baita herririk euskaldunenetan ere, Hegoaldeko pilotaleku guztietan behintzat bai (Ipar Euskal Herrian ez dakit oso ongi nola dagoen gaia), artekari guztiak, beti, espainiera hutsez aritzen dira apustuak egiterakoan, eta, antza denez, inor ez da lotsatzen, ez gorritzen, ez eta deus ere egiten. Gauzarik arruntena balitz bezala hartzen omen du jende gehienak. Eta, pentsa ezazue bestalde, gero, pertsona batzuek nola hitz egiten eta goraipatzen duten pilota euskal kirol peto-petoa bezala; bere dohain eta bertute guztiak goresten dituzte, baina gero sarritan ikusten eta entzuten ditugu pilotari profesional eta botilero euskaldun bat baino gehiago, erdara hutsean beraien artean, beren patxada osoarekin, EITBko kamera eta mikrofonoen aurrean, batere lotsagorritu gabe.

Baina, bueno, hau beste gai bat da, eta beste egun baterako utziko dugu. Gaur artekari, apustu enpresa eta pilota enpresei buruz hitz egin nahi baitut. Egia esan, nik ez dakit seguru norenak diren artekariak. Suposatzen dut Asegarce eta Aspe (Jugadores de Pelota SL. Debekatuta ote dago horixe bera euskaraz erregistratzea? A zer burujabetza gurea!) enpresenak izanen direla; ez dakit batere seguru. Baina, denok gutiz seguru dakiguna da, artekaririk euskaldunenek ere, burua makurtu eta norbaitek ematen dituen aginduen arabera jokatzen dutela, alegia, gazteleraz mintzatuz, nahiz eta pilota, munduko kirolik euskaldunena eta jatorrena omen den, eta hemen ez dut uste Gaztelan gaudenik.

Argi eta garbi dago, itxura denez, euskarak ez duela dirurik ematen, eta, dirudienez, hemen, beste deusek baino lehen, diruak dauka lehentasun osoa. Ni, horrekin, zeharo lotsatu egiten naiz, baina, ikusten denez, beste pertsona arduradun batzuk, ordea, ez omen dira batere lotsagorritzen.

Azken inkesta soziolinguistikoak eta azken kale neurketak esan digute, Euskal Herrian, oro har, gero eta jende gutxiagok hitz egiten duela euskaraz kalean, nahiz eta gero eta pertsona gehiagok dakien. Badakit hau ez dela arrazoi bakarra, baina guztiz nabarmena da, jokabide horrek ez duela batere laguntzen eta bultzatzen, jendeak euskaraz hitz egin dezan; erakusbide oso txarra da eta gure hizkuntzari prestigioa kentzen dio.

Eta gutxi balitz bezala, beste horrenbeste gertatzen da, azken bolada honetan, pilotalekuetan ikusten den Codere izeneko apustu enpresarekin. Hori ere ez da asko nabarmentzen euskaldunon hizkuntza eskubiedeak errespetatzeagatik.

Gogoratzen dut, hau ETB1en Xabier Euzkitzek esanda, duela urte batzuk, artekarien arduradunei proposatu omen zietela, urte hartako abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, pilota partidu batzuetan, artekari batek euskaraz kanta zezan. Hasieran, baietz erantzun omen zuten, baina, gero, ez dakit zein arrazoirengatik, kontua da, egun berezi hartan ere espainieraz abestu zutela, beti bezalaxe. Zer gertatu zen; auskalo!

Suposatzen dut, besteak beste, AEK, IKA, Kontseilu, EHE, Sortzen eta Euskaltzaindiko jendeari ez diola batere graziarik eginen honek guztiak, hala nola mundu osoko edozein euskaltzaleri, baina, momentuz, honela dago egoera tamalgarri hau.

Ea nor edo zein den afera larri honi, seriotasun eta ardura handiz heltzen dion lehen pertsona, talde edota erakundea.

Zain naukazue, irrikaz.

Bilatu