Xabier Olano
Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia

Euskara gehiagorekin denok gara garaile!

Badabil airean zer bat, zer den ondo ez dakidana, doinua den, lurrina, argia, edo denak batera, iradokitzen diguna euskaraz bizizaleok ahalmentzen ari garena. Aldarri bat badabil, usaina hartu diogu. Argitzen ari gara. Euskararen garapen osoaren aldeko garai berri bat bizitzen ari gara Euskal Herrian.

Urteetako militantziei, norbanako euskaltzaleen eta euskalgintzako elkarteen ahaleginei esker, eta noski, erakundeok erabaki eta ezarri ditugun neurri egokienei esker ere, euskararen ezagutzak aurrerapauso handiak egin ditu, bereziki, Gipuzkoan. Gaur egun, gipuzkoar gehienok euskaldunak gara, eta euskaltasun hori naturalki praktikatzeko gogoz bizi gara. Gainera, gure erakundeak herriar­en nahiarekin bat datozelarik, asmo bera dutela nabari dugu. Horrek autoestimua indartu digu, nor bagarela berretsi digu. Euskaraz naturalki bizitzeko gogo biziz gaude Gipuzkoan, eta horretan saiatuko gara.


Horren jakitun dira Espainiako Estatua eta bere morroiak. Garai bateko Erregeorde gisa ari den Urquijo jaunak oztopatu eta debekatu nahi izan digu euskal erakundeoi euskaraz aritzea gure artean. Espainola inposatu nahi izan digu euskaldunon hizkuntza bakar gisa. Espainiar agintariek ohi dutenez, ez ditu bere legeak aintzat hartu ere egin, areago, euskaldunok gure hizkuntzaren mesedetan adostutako lege eta arauak gutxietsi eta zangopean hartu ditu. Euskaldunok erantzun bikaina eman diogu, eta euskaraz bizitzen jarraitu dugu. Era berean, erantzun aproposa eman dio EAEko epaile batek gogoraraziz badagokiola berari ere euskaraz jakitea, legez, 30 urteko atzerapena daramala, eta ez duela zertan bere gabezien zama beste inori pasatu. Tamalez, nabarmen geratu dira Jaurlaritza eta EAJ, Urquijori eman dizkioten erantzunak herabeak eta ahulak izan baitira.


Beti izaten dira trakeskeriak kopiatzen abilak diren pertsonak, eta Urquijok ere baditu, kasurako, PSEko Idoia Mendia edota Andoni Unzalu. Azken egunotan EAEko erdal hedabideetan zabaldu dituzten hainbat iritziren bidez, zalantzan jarri dituzte euskaraz bizitzeko bidean urte luzetan egindako lorpenak, eta egiten ari den lanari atzerako martxa jartzea eskatzen aritu dira. Badirudi EAJri eta Jaurlaritzari bidalitako mezuak direla, ez dezan bat egin EH Bilduren hizkuntza politika eragingarriarekin. Okerragoa litzateke, PSEk iritzi horiek plazaratu balitu ustezko boto apur batzuen truke, euskararen aldeko adostasun soziala zalantzan jartzen ari baita. Edonola, jarrera ahula eta arduragabea da! Euskaldunok bigarren mailan, asimilatuta eta eskubiderik gabe mantendu nahi gaitu PSEk? Euskara ikasi eta erabili nahi ez dutenek ezartzen diguten morrontza amaitu behar da, gizarte kohesioaren mesedetan. Espainolaren hegemoniaren aldeko jarrera hori baztertu dezala eskatzen diogu PSEri, eta gonbidatzen dugu bat etor dadin EH Bildurekin, herritarrek euskara ikastea doan izan dezaten egin dugun proposamenarekin. Herritarrek laguntza behar baitute ezagutzaren bidean eta ez ezjakintasunaren morrontzarik.


Erakunde publikoek erraztasunak eman behar dizkiegu herritarrei, eta datorren legealdirako horixe da gure asmoa, herrialdeko udalekin eta arloko eragileekin elkarlanean, euskara ikasketa erabat doakoa eskaintzea.


Eusko Jaurlaritzak eta EAJk, aldiz, euskalduntze prozesuan inbertitzeko dirurik ez dagoela diote. Dirua, egon badago, borondate eta lehentasun kontua da. Esaterako, Abiadura Handiko Trenaren kilometro bakoitza eraikitzeko, denon artean 28 eta 30 milioi euro artean ordaintzen ari gara. Bera­z, AHTren 70 metro eraikitzeko erabili behar den aurrekontuarekin, euskara ikastea erabat doakoa eta unibertsala izango litzateke Gipuzkoa osoan.


Gipuzkoako herri erakundeok ahalegin handia egiten ari gara gero eta gipuzkoar gehiagori euskara ikasten laguntzeko. Gure erabakia sendoa da, euskaldun berri gehiago nahi ditugu lehenbailehen. Euskararen normalizaziorako funtsezkoa baita helduen euskalduntzea, euskaraz bizi ahal izateko guztiok euskaraz jakitea, alegia.


EH Bilduren konpromisoa argia da, euskarak izan dituen lorpenei eutsiko diegu eta biderkatuko ditugu, lorpen horiek euskararen herriarenak baitira, euskaldun guztionak, ez gipuzkoarronak bakarrik. Gipuzkoan euskarak irabazten duen guztia arnasa eta hauspoa da irabaz dezan ere euskararen herriak, Euskal Herriak. Euskara gehiagorekin denok gara garaile!

Bilatu