Arkaitz Zarraga
Basauriko Udaleko trebatzailea eta UEUko kidea

Euskararen biziberritzerako ezinbesteko tresna

Euskararen aldeko ekimenek bilakaera garrantzitsua izan dute azken hamarkada hauetan. Hizkuntzaren transmisioaren etenari konponbidea ematea izan zen lehen helburua, 60ko hamarkadan (ikastolak, gau-eskolak...), eta, neurri handi batean, asmatu egin genuela esan daiteke.

Folklorismo hutsa gainditu eta, azterketa akademikotik eta zientziatik baino gehiago, herri borondatetik eta intuiziotik tiratuta seguruenik, euskarazko irakaskuntzarako oinarri sendoak jarri genituen, euskarazko irakaskuntza orokorra bihurtu arte.

Gaur egun, baina, bat gatoz esatean eskola ez dela nahikoa hizkuntzaren biziraupenerako. Hizkuntza biziberritzeko bidea zeharkakoa izan behar dela aipatzen da hausnarketa-gune gehienetan. Hortaz, euskara kirola, ekonomia, merkataritza, hirigintza ere badela kontuan hartuta jokatu beharra dugu. Edozein arlotako edozein erabakik eragina du hizkuntzarengan. Edozein erabaki politikotan, beraz, hizkuntzaren irizpidea presente izan behar dugu, hizkuntza gutxituaren aurka egin nahi ez badugu; izan ere, eskurik ez hartzea, neurririk eza, liberalismo totala, zapalduen aurkako neurriak dira. Planifikaziorik eza hizkuntza-politika da; orain, eta hemen, euskararen aurkako hizkuntza-politika da.

XXI. mendea nahikoa aurreratuta dagoen honetan, ohikoak dira botila erdi beteta edo erdi hutsik dagoen aztertzera bideratutako eztabaidak. Nik esango nuke oraindik ere badirela folklorean oinarritutako zenbait hizkuntza-politika, baita pisu guztia eskolarengan jartzen dutenak ere; baina badira bide onean egindako azterketa, hausnarketa eta proposamenak ere. Zeharkakotasun horretan sakontzen ari gara eta, euskara irakasleak ez ezik, kirol-arduradunak, ekonomialariak, abokatuak, aisialdiko begiraleak eta hamaika esparrutako profesionalak ere ari dira hizkuntza normalizazioaren inguruko hausnarketan, lanean.

Azken bi urteetan arkitektoak, hiri-planeamenduetan ari direnak, politikariak, hirigintza arduradunak, zuzenbidean doktoreak, euskalgintzako ekintzaileak, bide-ingeniariak eta, oro har, lurralde antolamenduari lotutako profesionalak ikusi ahal izan ditugu euren arloan hartutako erabakiek hizkuntzaren normalizazioan edo anormalizazioan duten eragina neurtzeko eta ondorioak hobetzeko hausnarketan. Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea (Kontseilua, UEMA, UEU, Gipuzkoako Foru Aldundia) jardunaldietan izan da hori. Ekarpen benetan berritzailea eta eraginkorra, ardura dutenek kontuan hartzen badute.

Lehen urtean harrigarria izan zen hirigintzaren eta euskalgintzaren arteko lotura maila akademiko horretara ekarri izana. Jakin bagenekien hiri-antolamenduak, azpiegiturak hedatzeak eta abarrek badutela eragina hizkuntzengan. Askotan aipatu da, hizkuntza normalizazioaren inguruko jardunaldi eta argitalpenetan, trena lurralde jakin batera heldu izanak hizkuntzaren atzerapena ekarri zuela, etxebizitza ugari egin izanak tokian tokiko hizkuntzen errealitatean eragin zuzena izan zuela… Baina 2014ko urtarrileko jardunaldiak aro berria zabaldu zuen arnasguneen babeserako ordura arte genituen irizpideei dagokienez. Diziplinartekotasunaren beharra ez ezik, nazioarteko bestelako esperientzia batzuen berri jasotzeko aukera izan genuen, eta horrek, adorea ere eman zigun.

Bigarren urtean, gaiari lotutako erronkak eta eskura ditugun tresnak aztertu genituen. Lurraldetasunaren eta hizkuntzaren arteko loturan sakondu genuen, horri lotuta lurraldearen baitan eta gure hizkuntzan burututako jarduerei lege-babesa eman beharra azpimarratuta. Gainera, hizkuntzaren ekologiaren ikuspegian sakontzeak eraginkor aritzeko bidea marrazten lagundu zigun. Edozein esku-hartzek hizkuntzarengan izan dezakeen eragina neurtzeko txostenak egiteko aukerak indarra hartu zuen; ingurumenari lotuta egiten direnen antzeko txostenak, alegia. Harrezkero, lehen txostenak ere egin izan dira gainera! Tresna hori orokortzeko lehen urratsa egina dago. Fruituak azkar heldu dira, beraz.

Laster egingo dira Lurraldea eta Hizkuntza. Oraina & Geroa. III. Jardunaldiak. Orioko txostena ezagutu eta bere eragina aztertu ahal izango dugu, abian dauden zenbait egitasmoren inguruan hausnartzeko aukera izango dugu eta gaiari erpin askotatik helduko diogu. Zalantzarik gabe, bidea egiten jarraitzeko aukera izango dugu Donostian maiatzaren 12an burutuko den ekitaldi berri horretan. Ni aurten ere han izango naiz.

Bilatu