Ixabel Etxeberria

Euskaraz bizi nahi dugulako

Irakasleak otsailaren 28an Donostian euskararen aldeko manifestazioaren deia luzatu du. Horretaz gain, euskararen normalizazioaren alde lan egin duen Kontseiluaren ibilbidea aipatu du. "Euskalgintzaren bilgune bihurtu den Kontseilua". Halaber, Ipar Euskal Herrian euskarak bizitu dituen erasoak azpimarratu ditu, adibidez Uztaritzeko Herriko Etxearen kontrako erabakia euskararen ofizialtasunaren inguruan.

Duela aspaldi, Jack Lang kultur ministro zelarik, Baionara egin zuen bisita batean, gure protestei erantzuteko erran zigun : « Izan zaitezte euskaldun ! ». Alegia ez zuela inongo oztoporik ikusten gure euskaldun bizitzeko nahikeria asetzeko. Geroztik, ministro asko ezagutu ditugu, Lang, Leotard, de Villiers, Santini, Tasca, Biasini, Kiejman, Jeanenney, Toubon, Doust Blazy, Trautman, Duffour, Aillagon, Donnedieu, Albanel, Mitterand, Fillipetti, Pellerin. Tartean, erregularki gobernu aldaketarekin, Lang kultur ministeriora itzultzen zen, baina euskal kulturaren aurrean, euskararen alde, gauza gutxi aldatu da. Tramankulu batzuk eraiki dituzte presioa jaisteko, gure protesten leuntzeko, baina euskararen estatutua ez da inoiz aldatu, bigarren mailakoa gelditu da. 1981an piz zezakeen esperantza itzaliz joan zen, frantsesa hizkuntza ofiziala bakarra izendatu zuten Lamassoure bertako hautetsiaren laguntzarekin. Gobernuen kolore desberdinek euskararekiko politika bera eraman dute.

Urteak joan dira eta egoeraren plazaratzeko Kontseilua sortu zen duela hamar urte, 46 eragileren eskutik. Guztiek euskararen alde lan egitea dute helburu eta bakoitzak bere kabuz jardutea baino, guztiak euskararen normalizazioa bultzatzeko elkartzea erabaki zuten. Horrela sortu zuten euskalgintzaren bilgune bihurtu den Kontseilua.

Egitura asko sortu dira, euskararen alde egiteko asmoarekin. Haatik, euskararen presentzia gure karriketan, gure gizarteko eremu askotan euskararen presentzia eskasa da, horren lekukoak gara egunero. Euskararen irakaskuntzarako espazioak gero eta gehiago dira baina euskaldunen kopuruaren emendatzeko zailtasunak daude. Ez gara hasiko bizi garen gizartearen kritika egiten, lan asko egiten da, indar asko galtzen da soilik politikak erabaki baitu euskararen estatutua bigarren mailakoa izanen dela. Parisen agintean daudenek, eta agintean ez daudenen artean ere askok ez baitute errealitate horri aldaketarik ekarri nahi.

Uztaritzeko Herriko Etxean urrats itzela eman zuten euskara ofiziala bilakatuz. Ukatu diote erabakia, garaile Uztaritze, agerian gelditu baita frantses estatuaren itsutasuna. Argien garaia desagertu zen Frantziatik.
 
Hau da IEHn ezagutzen dugun egoera, HEHn euskarak eraso franko jasaten ditu ere. Gertakari guztietan Kontseilua hor dago erantzuten. Kontseiluak euskaldun guztien babesa behar du. Hizkuntza desberdinen bizi iraupenaren alde dauden guztien babesa behar du Kontseiluak. Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugulako eta horretarako gutxieneko baldintzak beharrezkoak direlako. Horren alde Donostian arratsaldeko 5ak eta erditan larunbatarekin manifestaldi garrantzitsua iraganen da. Euskaraz bizi nahi dugunok han elkartuko gara.

Bilatu