Gorka Elejabarrieta
GAUR8

Ez da berdin

Londresek agindutako autonomia erreformaren harira bada gure artean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Estatutuak eredu gisa hartu duenik. Horien ustez, Eskoziak, Galesek eta Irlandako Iparraldeak guk daukagun eskumen mailarekin amets egiten dute, eta gure egungo jokalekua beren helmuga ideala da. Hori esaten dutenek ere ez dute halakorik sinesten, diot.

Zergatik ezin dira alderatu Erresuma Batuaren estatu erreforma eta Espainiako “kafea denontzat” prozesua?

Menpeko nazioekiko helburu bera dute Londresek eta Madrilek, baina hori erdiesteko modua eta, bereziki, muga oso desberdinak dira, eta hor dago aldearen gakoa. Erresuma Batuak, iragan hurbilean ez bezala, egun, badaki ezinezkoa zaiola nazio horien biztanleen nahiari kontra egitea, gauzak bere horretan uzteko. Horregatik, bi nazio hauen arteko harremanen muga demokratikoa da: herriaren iritzia eta erabakia. Horregatik, halaber, Erresuma Batuak iraganean bezala gaur ere planteatzen dituen erreformek helburu hori dute, Eskozian, Galesen eta Irlandako Iparraldean bizi diren biztanleen gehiengoak Erresuma Batuaren parte izaten jarraitu nahi izatea. Hori gabe bereak egin du. Eskoziako “krisia” estatu osoaren erreforma egiteko erabiliko du, iraganean Irlandako gatazkaren konponbidea ere erabili zuen bezala. Lau nazio ezberdin hauen arteko harremana errespetuan eta berdintasunean oinarrituta dagoela adierazi nahi dute, nahiz eta berdintasun hori birtuala izan, desoreka handiak dituztelako oraindik ere, eta egoera estaturik gabeko nazio hauentzat idealetik oso urruti dagoelako.

Dirudienez, oraingo erreforman, lehenagokoetan ez bezala, Ingalaterrak autonomia eskuratuko du, bere parlamentuaz eta gobernuaz gain. Azken urteetan dezente indartu da ingeles abertzaletasuna; hor dago UKIP bezalako alderdien gorakada, eta asko dira orain arteko egoerak ingeles nazioari kalte egin diola uste dutenak. Federalismorako bidean pausu garrantzitsua da hau, lau nazio hauen artean berdintasun harreman bat eraikitzeko aukera paregabea, baina, zalantzarik gabe, independentisten interesen kalterako izan daiteke. Badira kontrako ondorioak aurreikusten dutenak ere; Ingalaterrak berezko autonomia edukita, lau nazioek batera egoteko behar eta nahi txkiagoa izango dutela uste dute. Bestelako herri eta estatu eredu aurrerakoiagoa aldarrikatzen duten abertzaleen ustez, Ingalaterrako, Eskoziako, Irlandako edo Galesko gizarteak eta “estatuak” norabide eta balio desberdinen arabera eraikitzen diren heinean, Batasun horren populazioa eta babesa txikiagoak izango dira.

Borroka esentzialista, abertzale eta ideologikoak, alderdi demokratikoekin, praktikarekin eta gizarte ereduarekin lotzen direnean, joko arauak eta, ondorioz, egitekoak nahitaez aldatzen dira. Bide horretan, nire ustez, hegemonia elektorala lortzeak bezainbesteko garrantzia du ideia, helburu eta urrats jakin eta zehatzen aldeko hegemonia politikoa eskuratzeak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo zabalak independentziaren aldeko gehiengoari eman behar dio bide eta, horrela, helburuz helburu, pausoz pauso, aurrera egin behar da. Horretarako, borroka elektoral eta instituzional egokiaz gain, guztiz beharrezkoa da gizarte mugimendu eta borroka indartsua, sektorez sektorekoa, eta sektoreek zeinek bere ikuspegiarekin ekitea. Hegemonia elektorala eta politikoa aldi berean bultzatzeak kontraesan eta arazo ugari eragiten ditu, eta funtsezkoa da biak ez nahastea, bakoitzari merezi duen garrantzia aitortuz. Demokraziaren ikuspegitik, eta norberaren helburuen aldeko babesa eskuratzeari begira, garrantzitsua da aitortzea arerioaren helburua norberarena bezain zilegi dela, arerioaren proiektua ongi ezagutzea ere ezinbestekoa den bezala. Nelson Mandelak sutsuki defendatzen zuen, eta, hala, Apartheid sistemaren nondik norakoak (historia, hizkuntza, eta abar) ikasi zituen. Baina, berak esaten zuen bezala, «beti dirudi ezinezkoa, lortzen den arte».

Bilatu