Bittor Arbizu
Euskal Filologian lizentziatua

Gabonetan eros ditzagun euskal opariak!

Urte bukaera nolabait opari sasoia izaten denez, Olentzero dela eta, aukera egokia dugu, egoera ekonomikoak uzten digun neurrian euskarazko produktuei eusteko.

Oso garrantzitsua da gure haurrei euskarazko materiala eskaintzea: kantak, pelikulak, ipuinak, etab, haien belarrietan hizkuntzari nolabaiteko sostengua eta ohitura eman ahal izateko, batez ere euskaraz entzuteko horrenbeste aukera ez dagoen tokietan.

Beste aldetik nekez dabilen diskografia eta liburugintzari aupada bat emateko aukera izateaz gain, gure barruari bizipoza txiki bat eskaintzeko parada ere bada. Aurten poztasunaz hartzeko izan dira Durangoko Azokaren emaitzak, baina hala ere jarraipena izan behar dute.

Gure kantari klasikoez gain -Benito Lertxundi, Laboa, Gorka Knorr, Lete, Erramun Martikorena, Ordorika- oraingo belaunaldikoen bultzada ere badugu, Gozategi, Gose, Eñaut Elorrieta… Eta, hauen barruan ere, oso hunkigarria egin zitzaidan Behenafarroako Anne Etchegoyenen, Frantzian urrezko diskoa izan denaren, ‘Txoriak txori’ren ETBk iaz egin zuen bideoklipa. Benetan ederra, Laboaren ‘Hegoak’ kantaren bertsioa, non Anne Etxegoienen ahots gaztea Aizkoa koruaren heldutasunarekin maisuki uztartzen den, Euskal Herriko mendi, itsas-labar eta bazter magiko eta koloretsuen gainean hegalaldi liluragarri batez.

Azkenik bukatzeko proposamen bat. Duela urte batzuk Araiako (Araba) lagun batek kontatu zidan herrian urtezaharrari amaiera emateko lastozko txorimalo moduko bat erretzen zutela. Kontua zen bertan erabiltzen zuten errepuierre hitzaren esangura azaltzeko, berak erdaraz esan zidanez ‘urteari ipurdia erretzea’ zela, beraz erre + ipurdia + erre genduke, hau da, esandakoa ‘balio ez duena, albo batera utz dezagun’ gutxi gorabehera. Bide batez hainbat asmo berri izaten ditugu urteberriari ekitean, horietariko bat ondoko hau ondo etorriko litzaiguke: euskarari eustea ahalik eta gehien, eta bukatzeko irakurle sufritua eta estimatua, urteberri on zuri ere.

Bilatu