Argia Ituarte Arkotxa
Ondarruko alkatea

Gaixorik dauden presoak etxean egon behar dira

Gizalegezkoa delako, legezko eskubidea dutelako eta bakerako  bidean ezinbesteko pausoa delako, gaixorik larri dauden euskal presoak etxeratzearen alde hitzordu bat dugu azaroaren 29an Bilbon.

Osasunerako eskubidea eskubide unibertsala da. Pertsona guztiok berezkoa dugu eta legez bermatua  izan behar dugu.


Kartzelan presoek askatasun eskubidea galtzen dute baina bestelako eskubideak mantendu beharko lituzkete. Eta eskubideen artean, zelan ez, osasunerako eskubidea. Preso dagoenak kalean dagoenak jaso behar duen besteko osasun arreta jaso behako luke eta administrazioari dagokio gainera beharrezko osasun arreta hori bermatzea. Zoritxarrez ez da horrelakorik gertatzen. Uneotan hamar euskal presok gaixotasun larri eta sendaezinen diagnostikoa daukate; baina preso mantentzen dituzte, eta zortziren kasuan, gainera, dispertsaturik Euskal Herritik urrun.


Ezinezkoa da gaixotasun larriek eskatzen duten arreta kartzelan jasotzea. Kartzelan, eta  gehienetan, etxetik ehunka kilometrotara eta askotan bakartze egoeran. Gaixorik eta etxetik urrun. Gaixorik eta bakarrik. Gaixorik eta etxekoen  eta lagunen berotasunik eta laguntzarik barik.


Kartzelan,  osasun eskubidea urratzeaz gain, duintasun eskubidea ere urratu egiten zaie presoei. Eta intimitatearena,  eta  baita konfiantzazko medikuarena ere.


Gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen egoera hau ez dute presoek beraiek soilik jasaten, ez dute  beraien etxekoek  eta lagunek bakarrik sufritzen, horrelako egoera injustuek  jendarte oso zabal  batean eragina dute.


Nazioarteko zuzenbidetik hasi eta espainiar legedira, luze eta zabal jasotzen dira gaixorik  dauden presoen eskubideak.


Ustezko eskubide estatuetan, Espainiako eta Frantziako estatuetan, espetxe legediak aukerak nahikoak ematen ditu horrelako egoera injusturik gerta ez dadin.


Espainiar kode penalaren 92. artikuluak jasotzen du baldintzapeko askatasunerako eskubidea  gaixotasun larri eta sendaezinagatik eta Espetxeetako araudiaren 104. artikuluaren 4. puntuak, espetxe arindua edo baldintzapeko askatasuna ezartzeko aukerak ahalbideratu egiten ditu gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoentzat.  


Batean zein bestean, baloratu egiten da presoaren gaixotasuna dela-eta delitua egiteko duen zailtasuna eta baloratu behar da ere delitu bera egiteko dagoen arriskua. Euskal Herriak bizi duen prozesu politikoaren testuinguruan bistan da  delitu bera egiteko inolako arriskurik ez dela.
Euskal preso politikoentzat lege hauek ez dira betetzen eta baldintzapeko askatasun eskariak,  salbuespenak salbuespen,  atzera botatzen dira.


Beraz, kontua ez da legeak ez duela aukerarik ematen, euskal presoekin interes politikoen araberako legearen interpretazio maltzurra egiten dela baizik. Estatuek, legeak eskatzen ez dituen betebeharrak eskatzen dizkiete euskal preso politikoei eta gizatasunik barik eta ardurarik barik mantendu egiten  dituzte gaixorik eta preso.


Euskal Herrian bakerako eta normalizazio politikorako  bidean inoizko aukerarik argiena dugu. Egiten ari garen bidea, tamalez, ez da erreza izango eta pausuz pausu egin beharko dugu. Pausu horietako bat, une honetan benetan garrantzia handikoa, gaixotasun larri eta sendaezina duten  presoen gaia bideratzearena da.


Indarrean dagoen legedia betetzea eta gaixotasun larria eta sendaezina duten presoak etxeratzea eskatzea lehentasunez bideratu beharreko gaia delakoan nago.


Derrigorra da egoera larri honekin amaitzea eta berehala amaitzea gainera. Euskal jendarte osoaren ardura da.


Bizirik  behar ditugulako. Gaixorik dauden euskal presoak etxera!

Bilatu