Josu Jimenez Maia
Idazlea

Galiaren hortza

Euskal Herrian aspaldiko ohitura zaharra bazen ume baten hortz erori berria sutara botatzea, «Tori hortz zaharra eta ekartzu berria» eskatzen zelarik; gaur egun Maritxu Teilatupekok eta Perez Sagutxok ordezkatu dute, salbuespenak salbuespen.

Galia izeneko neskato sahararrak Berriozarko gure etxean eman ditu udako hilabete beroak Oporrak Bakean programari esker. Gu bisitan joan gatzaizkio errefuxiatu bizi den kanpamentura, Aaiun izenekora. Behin Berriozarko gure etxean ahaztutako esnezko hortz bat eraman genion, aurreko udan eroria, eta kutxa baten barruan eman geniolarik istorio polit bat jaso genuen ordainetan, tearen inguruan aletzen diren istorio horietako bat.

Galiaren aita Balalek kontatu zigunez, umeari esnezko hortz bat erortzen zaionean, eguzkiari eskaintzen zaio Saharan, hauxe esaten den bitartean: «Tori asto-hortz hau eta eman jirafa-hortz bat». Antza, jirafaren hortza astoarena baino askoz ere gogorragoa omen da. Izan ere, ume sahararrak gogorrak izan behar hamadan bizi direlako, basamortuaren basamortuan, udan 50 graduko bero kiskalgarria pairatzen, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharara noizbait itzultzeko itxaropena galdu gabe.

Sahararrek 40 urte baino gehiago daramate errefuxiatu Tindoufen, Arjeliarrek utzitako basamortu horretan; hilaren 27an 41 urte beteko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik. Berrogei urte baino gehiago borrokan emanda, eta, horretarako, Nazio Batuen Erakundearen akordioak, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen erreferendumari buruzkoak, bete egin behar dira behingoz, zeren bada garaia Maroko Mendebaldeko Saharatik ateratzeko, sahararrak errefuxiatu kanpamentuak utzi eta Mendebaldeko Saharara itzul daitezen.

Hilaren 27a SEADen sorrera Saharan ez ezik Euskal Herrian ere ospatuko dugu; han eta hemen, erakutsi hortzak!

Bilatu