Pedro Mª Mtz de Lagos, Amparo Fernández, y Pedro Ezeolaza
Kristau Elkarte Herritarrak, Herria 2000 Eliza, Euskal Herriko Apaiz Koordinakundea

Gernika atzo eta gaur: bake prozesua adoretzen

Gernikako bonbardaketaren –1937ko apirilaren 26an– 80. urteurrena, Durango eta Otxandiokoaren ondoren, Euskal Herriaren errebindikazio-oroitzapena da; bizirik irauten duen haren oroimena  bultzada da gaur egun bakea gauzatzeko beste zenbait herrirekin bateratsu horien guztien eskubideen aitortza eginez.

Aldi honek gure herriaren aurkako errepresio urte luzeak hartzen ditu eta bortizkeria eta liskar ezberdinek eragindako biktima anitzentzat luzaroko sufrikarioa; bestealde gatazkaren konponbide zuzen baterako eta Euskal Herriaren aitorpen osorako burututako saiatze askoren aitortza ere bada. Horregatik, bada, urteurren honetan, mugak eta errakuntzak ukatu gabe, gure Herria defendatzeko eta bere ezaugarriak, eskubideak, hizkuntza indartzeko gorputz eta arima aritu diranen lana balioesten dugu eta justizian oinarritutako bake iraunkor eta  behin-betikoa erdiesteko saiatu diranen ahalegina.

Apirilaren 8ko data historikoaz itxarondako eta desiratutako ETAren armagabetzeaz sortutako egoera berria, nazioarteko eta lekuko instantzia ezberdinen lankidetzaz burutua izan da eta, halaber, euskal jendarte zibileko agenteen bidez. Gatazkaren dimentsio eta kausa guztiei aurre egiteko abagune garrantzitsu eta erabakigarria da, liskarren eta hainbeste biktima eragin dituzten konfrontazioen eta bortizkerien ondorenak gainditzeko eta etorkizunari itxaropenez eta kemenez begiratzeko.

Beste talde eta pertsona askorekin batera, aukera ezberdinak errespetatuz, bakearen eta adostasunaren eraikuntzaren pozesua, biktima guztien erreparazioa bultzatu nahi ditugu, justiziaren baitatik normalizatutako jendartean.

Egin beharreko bidea oraindik zaila izango da, izan ere bakea ez baita alde bateko indarkeriaren absentzia. Beste indarkeria politikoak, ekonomikoak, ekologikoak, kulturalak bere horretan diraute eta bake, bizikidetasun eta adiskidetze osorako prozesua mehatxatzen darraite. Eta nazioarteko esparruan «Gernika» berriak eta milioika migratzaile eta errefuxiatu eragiten dituzten gatazka odoltsuak, gerra mehatxuak, neofaxismo ekonomiko kapitalistak, fundamentalismo erlijiosoak areagotzen ari dira.

Egoera hauen aurrean, Gernikaren triskantzaren 80. urteurrenean, diktaduraren urte luze eta larrien ondoren eta haserako itxaropenen arabera gauzatu ez den trantsizio aldi zail eta neketsuan,

Lehenik, bitarteko demokratiko eta elkarrizketatuen bidez ekidin behar izan ziren bortizkeria ezberdinen biktima guztiekiko gure solidaritatea adierazten dugu. Gure aitorpena, eta justizia eta erreparazio eskaera guzti-guztientzat, diskriminaziorik gabe.

Instantzia politiko ezberdinei eskatzen diegu

-urrats trinko, zintzo eta konbentzigarriak elkarrizketaren eta akordioaren bideetatik, batez ere estatu espainiar eta frantsesari.

-biktima guztiei, salbuespenik eta diskriminaziorik gabe, lehentasunezko arreta.

-arrazoi politikoengatik espetxeratu eta atzerriratutakoen arazo larri eta urgentziazkoa justiziaz eta gizatasunez konpontzea, mendekuzko sakabanaketari amaiera emanez, batez ere larriki preso daudenena.

-justizia soziala eta guztien ona sustatzea, eredu ekonomiko berrien bidez.

Mugimendu sozial eta herritar guztiei proposatzen diegu:

-bake prozesuan aktiboki inplikatzea, ezberdintasun eta aurkakotasun antzuak gaindituz.

-baseen, herriaren eta herriko jendearen ahotsa onartua izango den ekintza eranginkorretan bateratzea.

-Euskal Herriaren erabaki askearen ariketa bultzatzea.

Gaur egungo prozesuan, zeinetan guztiok gaude konprometituak, uste dugu Euskal Elizari erantzukizun berezia dagokigula gure herriaren aniztasun politiko eta sozialaren barnean bakearen eraikuntza erdiesteko.

Horregatik, bada, gure gotzainei eskatzen diegu:

-batua izan behar duen Euskal Elizaren barnean diren joera guztiekin harreman zintzo eta irekia bultza dezatela, jarrera alderdikoiak saihestuz, mendekotasun interesaturik gabe, askatasun ebanjeliko eta profetikoz.

-injustizia nabarmenen  aurrean  izan duten isiltasunaren autokritika bere egin dezatela eta, bazterketarik gabe, inplikatutako alde guztien arteko elkarrizketa bare eta errespetuzkorako jarrera irekia erakus dezatela, guztiok agente garen gatazkaren bakebide gisa.

-indarkeria eta injustizia kultural, politiko, judizial eta polizial (torturak eta tratu txarrak) guztien desagerpena galdegin dezatela, bereziki espetxe-politikan gertatzen direnenak.

-kontutan  eta aintzat har ditzatela zenbaitzuk konponduta ikusteko interesik ez duten gatazkaren biktima guztiak.

Guri dagokigunez, Euskal Herrian den Elizaren kide bezala  eta idazki honen sinatzaile izanik, honako eskeintza hau egiten dugu:

-erabakitzeke den gatazkaren  ondorioz gertatu  diren injustiziak argitzeko elkarlanean aritzeko gure prestutasuna; zeregin horrek  memoria, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditu, alde bakoitzak dagozkion erantzukizunak bere eginda.

-bizikidetasun, bake eta adiskidetzezko etorkizuna zintzotasunez eta zinezkotasunez eraikitze ahaleginetan ari diren talde sozial eta politiko guztiei gure lankidetza.

-beste kristau taldeekin batera gure sostengua instituzioen urrats eta akordioei, justizian eta adiskidetzean oinarritutako bakebiderako aurrerabide positibo eta beharrezko diren heinean.

Egungo egoerak  garaien benetako zantzuak erakusten dizkigu zeintzuek ebanjelioaren ikuspuntutik interpretatu eta erantzun behar diegun, egia, justizia eta bakearen alde, benetako gogoz, ari diren borondate oneko pertsona guztiekin batera; azken baten pobreen, presoen, pertsegituen, krisi ekonomikoak bortizkien kolpatutakoen ekintza askatzaile bilakatuko den maitasunez ari direnekin, bai Euskal Herrian eta bai herri guztietan justizian oinarritutako bakea eraikitzeko.

Gernikako bonbardaketaren 80. Urteurrenean. 2017ko apirila.

Bilatu