Joana Etxano Gandariasbeitia
Mugarik Gabe

Giza eskubideen defendatzaileak, guztion defendatzaileak

Gaur, azaroak 29, Giza Eskubideen defendatzaileen nazioarteko eguna, Mugarik Gabetik Emakumeen Giza Eskubideen defendatzaileek egiten duten lana gogoratu eta ikustarazi nahi dugu. Kolektibo feminista ezberdinetako emakume sozialak, egunez egun haientzako eta gizarteko gainontzekoentzako jendarte justuago eta parekideago lortzeko borrokatzen dutenak.

Leku ezberdinetako emakumeok, modu ezberdinetan bada ere, diskriminazio eta berdintasun ezagatik zapalkuntzei aurre egiten diogu. Elkar entzun eta babestu behar dugu, indarrak batu balioa erakutsarazi gure eskubideak baliatzeko.  

Emakumeen Giza Eskubideen defentsa, gaur egun ere beharrezkoa izateaz gain ezinbestekoa izaten jarraitzen duen borroka bat da, gobernuek ez baitituzte hauek baliatzeko neurriak bakarrik jartzen, urratzen dituzten horiek zigorgabetasunean uzten dituzte. Gobernuak dira propioki neurri murriztaileen bidez, beraien organoetako boterea baliatuz, beste foro batzuetan hainbeste aldarrikatzen diren eskubideak urratzen dituztenak.

Emakumeen Giza Eskubideen defendatzaileei autoritatea kendu diete, Giza Eskubideak defendatu eta emakume izateagatik mehatxatuak, erasotuak eta erailak izan dira. Haien kontrako indarkeriaren magnitudea testuinguru soziopolitikoaren araberakoa da, baina erroa berdina da, maskulinitate heterosexualaren dominazioa ezartzen duen sistema, emakumeoi eskubideak libreki erabiltzea ukatuz.

Ezinbestekoa da Giza Eskubideak ikuspegi feminista batetik definitzea eta praktikan jartzea, eta jakina, eskubide horiek gizaki denentzako izatea. Berdintasuna defendatuko duen ikuspuntu bat, biolentzia sistemikoarekin eta Emakumeen Giza Eskubideen sistemarekin bukatzeko, bertan txertatuz, nola ez, indarkeria matxistak ere.

Indarkeriatik aske libreki bizitzeko eskubidea eta eskubideen berdintasunaren aitortza formala, gaur egun ez da inondik inora nahikoa emakumeen aldetik eskubide guztien gozamen eraginkorra bermatzeko. Aurrerapauso juridikoak eman badira ere, (gutxienez hainbat lekutan), zauri erraldoi bat dago Emakumeen Giza Eskubideen aitormen formalaren eta gozatzeko aukeren artean. Giza Eskubideen markoak Estatuak indarkeria hauen aurrean esku hartzera behartzen ditu, baina ez du ezertarako balio Estatuek Nazioarteko Hitzarmen ezberdinak berronesteak gero legeak ez baldin badituzte betetzen, ez dira planak ezta garatzeko behar diren aurrekontuak egiten.

Diskurtso politikoetan Giza Eskubideen defentsa banderapean jartzen dela egia bada ere, eta kasu askotan indarkeria matxistaren deuseztapena ere, nagusiki data esanguratsu hauek bezalakoetan, errealitatea mundu osoan ideologia heteropatriarkatuek dominatzen jarraitzen dutela da (politiketan, ekonomietan, sinesmenean, kulturetan...), jendartea zipriztintzen dutelarik eta gizonezkoei nagusitasuna zein pribilegioak ematen dizkiotelarik emakumeak menperatuz.

Testuinguru honetan, jendarteko posizio kontserbadoreenetatik oraindik generoen arteko desberdintasuna eta Emakumeen Giza Eskubideen urraketaren existitzea zalantzan jartzen dutela ikusten dugu. Hala, esaterako, alderdi politikoek “indarkeriak ez duela generorik” baieztatzen duten adierazpenak eta argumentazioak egiten dituzte; eta arrazoi indibidualei lotzen dizkiete hainbat eta hainbat emakume erailak, bortxatuak, abusatuak izatea, prekarietate laboral handiagoa izatea eta pobreziak modu basati batean eragitea gugan. Indarkeriei aurre egiten diogun emakumeen adierazpenak zalantzan jartzen dira laguntza ekonomikoak jasotzeko salaketa faltsuak jarri izana leporatuz, eta era berean, salaketak ez jartzeagatik erruduntzat jotzen gaituzte. Kritika ankerrak egiten zaizkio mugimendu feministari Emakumeen Giza Eskubideen defentsa aldarrikatzean irmoak izatearren. Eraso jarrai guzti hauek, hainbeste urtetan egindako lanaren aurrerapen edo konkistak zalantzan jartzen dituzte berriz ere.

Defendatzaileenganako mehatxuak, izan ezezagunak edo mundu mailan aitortuak Malala pakistandarraren edo Aung San Suu Kyi birmaniarraren kasuak bezala, eremu pribatutik publikora igarotzera arriskatzen dutelako ematen dira, aldarrikapenen eta borroken subjektu aktibo izateagatik babestu beharreko objektu pasibo izan ordez, emakume eta gizonezkoen arteko bestelako harremanen alde borrokatzen dutelako, direnak direlako eta egiten dutena egiten dutelako. Emakumea etxeko zainketen esferara erbesteratzen jarraitzen den mundu batean, ama eta emazte bezala, ekintza politikoa egiten dutenak (gobernu eta instituzioei aurre egiten) jarraituak, irainduak, erasotuak eta erailak dira.

Emakumeenganako zapalkuntza sistematiko eta estrukturalaren testuinguru honetan, defendatzaileek, eskubideen subjektu gisa aitortuak izateko ezarritako arauen kontra borrokatzen dute.

Giza Eskubideen urraketaren baitan indarkeria matxisten birdefinitzea beharrezko pausoa da indarkeria matxista guztiei aurre egiteko kontzientzia soziala lortzeko, eta ezin da saihestu horretarako Emakumeen Giza Eskubideen defentsaren inguruko pedagogiatik igarotzea.

Gaur bezalako egun batean, gure esker eta babes osoa helarazi nahi diegu guztion eskubideak aldarrikatu eta borrokatzeko mundu osoan zehar testuinguru ezberdinei aurre egiten dioten ekintzaile feministei.

Bilatu