Xabier Jaso Esain eta Bittor Abarzuza Fontellas

Gizakiaren nortasun agiria

Daniel A. Segal antropologoak, bere lehenengo alaba izan zuelarik, jaioberria erregistratzean nortasunaren inguruko zenbait konturi aurre egin behar izan zion, alabaren arraza zein zen eskatzen baitzioten. Hala galdetuta, eta ospitalean inprimakiko laukian «kaukasoarra» idatzi zutela ikusita, ezohiko bidean erantzun zuen antropologoak: «Guk gure alabarentzat gauzak ongi izatea nahi genuen. Horrek esan nahi du, besteak beste, hura arraza-osteko mundu batean bizi zedin nahi genuela. Eta hala, hain desira on eta idealistetan, erabaki genuen ‘kaukasoarra’ ezabatzea eta horren ordez ‘gizakia’ jartzea. Ospitaleko bulegoetan (ez genuen sekula jakin nork hartu zuen erabaki hura) gure okerra zuzendu zuten eta paperak itzuli zituzten, berriro ere ‘kaukasoarra’ haren gainean idatzita. Trikimailu pedagogiko batzuk erabiliz erantzun nion, arraza kontuen irakaslea nintzeneko eskarmentutik hartuak. Galdetu nien ea zer jarri beharko zitzaion haur bati, aita beltza bazuen eta, berriz, ama zuria edo alderantziz. ‘Beltza’ esan zidaten. Orduan, galdetu nien ea haiek uste zuten aipatu umeak aita beltzaren antz handiagoa zuela ama zuriarena baino gehiago (edo aita zuriarena ama beltzarena baino gehiago) edota bere gurasoenaren aldean arraza desberdinekoa zela (…) Argiturik geratu ordez frustraturik geratu zirenez, ospitaleko bulegariek Sacramentora dei egin zuten, hots, Kalifornia estatuko hiriburura, halakoetan eskumenak baititu. Esan zieten ‘arraza edo talde etniko bateko kide izatea’ delako kontua norberak bete beharreko zerbait zela. Gurasoak ‘gizakia’ zela behin eta berriro tematu baziren, ‘gizakia’ behar zuen izan. Eta hala izan zen nolatan nire alaba Hanna Rebecca Segal bilakatu zen Kalifornian jaiotako lehenengo ‘gizakia’»

Orain badakigu, bai antropologiaren alorretik bai gainerako jakintzetatik ere, giza «arrazaz» mintzatzeak ez duela inolako zentzurik. Galdetu egiten diogu geure buruari ea elkarte solidarioek edo GKEek ez ote lioketen paratu beharko ohiko mezu positibo horri, «legez kanpoko gizabanakorik» ez dagoela dioen horri, halako ifrentzu osagarri bat, honako hau aldarrikatuko edo gogoraraziko ligukeena: guztiok gizakiak gara. Hori da erradikala izatea! 1948an Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean hala esaten zuen: «1. artikulua, Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituzte; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. 2. artikulua, 1. Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik. 2. Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta herri hori burujabea izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea edo nola-halako burujabetasun-mugak dituena.»

Litekeena da NBEek gizabanakoari gizatasuna bermatzen dion inolako agiririk ez sortzea, baina bat sortzeak baliatu liteke nortasuna bakarrik kontrol sozialerako kontu bat dela irizten diotenen aurrean kontrajartzeko. Munduko nortasun agiriak esanahi bakarra izanen zuen, gizaki bezala tratatuak izateko aldarrikapen xinplea eta mendeko arraza batekoa balitz bezala tratamendua duen jendeari elkartasuna adieraztea: munduko herrialde guztietako etorkinak eta iheslariak, beste bizidunekiko baztertzailea den espezismoa justifikatu gabe.

Halako agiri batek hezkuntzaren kontuari egin beharko zion aurre: zer hizkuntzatan emanen genuen argitan? Ingelesez? Txineraz? Beharbada, hizkuntzaren inguruko ideologia hegemonikoak edo inperialismo idiomatikoa ekidite aldera, soluziorik errazena izan liteke agiri bakoitza inprimatzea horren titular bakoitzak nahi izanen zituen hizkuntzetan, bai eta, agian ere, nazioarteko hizkuntza laguntzailean, esperanto izena duena. Aldarrikapen moduan, agiriak NBEen aipatu artikuluak jasotzen ahalko lituzke, edo pertsona ororen Gizatasunari buruzko nazioarteko aitorpen bat, Lurreko kidea dela aitortuko lukeena.

«Gobernaturik izateak esan nahi du zelataturik egotea, ikuskaturik, espiaturik, legeztaturik, arauturik, sailkaturik, doktrinaturik, sermoiak harturik izatea, kontrolaturik egotea, neurturik, balaztaturik, zentsuraturik eta hezirik egotea da, horretarako eskubiderik, jakinduriarik edo bertuterik ez duten horiengandik. Gobernaturik izateak esan nahi du, edozein ekintza, elkarrekintza edota mugimendu direla eta, anotaturik izatea, erregistroan jarririk, grabaturik, zigilaturik, ebaluaturik, kotizaturik, patentaturik, autorizaturik, lizentziaturik, aprobaturik, behaztopaturik, erreformaturik, haserreka demandaturik eta atxiloturik. Interes orokorraren aitzakiaz, esan nahi du, larriturik izatea, diziplinaturik, lapurturik, erreklutaturik, ustiaturik izatea, monopolizaturik, estortsionaturik izatea, zanpaturik, esplotaturik, desitxuraturik izatea, gezurtitzat jorik izatea eta lumaturik; gero, erresistentziarik txikiena edota protesta-hitzik nimiñoena azalduz gero, horrelaxe trataturik izateko: erreprimiturik, isundurik, tratu txarrak pairarazirik, iraindurik, zure atzetik jazarririk, oihuka beldurturik, jipoiturik, desarmaturik, loturik, espetxeraturik, fusilaturik, epaiturik, kondenaturik, deportaturik, sakrifikaturik, salerosirik, traizionaturik eta, azkenik, trufaturik, irrigarri utzirik, laidoturik eta ohoregabeturik. Hori da Gobernua, hori da justizia, hori da bere morala!» (Pierre Joseph Proudhon). Eta gehitzen ahalko genioke: eskaneaturik egotea, hasieran logeaturik gero baneaturik izateko, spamak harturik, mozala jarririk, geolokalizaturik, errefuxiatuen kanpalekuetan atxikirik, kanporaturik, Trump guztiek hesiturik…

Hori guztia dela eta, gizakiaren paperak (egia esan, inork ez luke behar izanen hori egiaztatzen duen agiririk) ez dira inoren kontrol sozialerako. Elkartasunezko paper libertarioak dira eta horrexegatik ez dute zenbakirik, koderik edo mikrotxipik, mekanismo horiez baliatzen baitira Estatuak gizakiak zenbait kategoriatan sailkatu eta baztertzeko. Ez gara zenbakiak, haragi-hezurrezko lagunak baizik, izen eta abizendun lurtarrak. Jakina, bizi osorakoa da nortasun-agiri hori. Nolabaiteko deia izan liteke guztiok besteok onar ditzagun eta aniztasunean guztiok parte har dezagun gizaki berdinak garen heinean. Hala eta guztiz, ematen du begi-bistan dagoela ez dela aski izanen gizakiaren paperak banatzearekin eta zerbait gehiago egin behar dugula jende guztia onartua izan dadin lortu nahi badugu. Eskatzen duguna zera da, gure herrialdean eta munduko bazter orotan pertsonak duintasunez tratatuak eta beren eskubideak (osasunerako eskubidetik hasita) osoki errespetatuak izatea.

Bilatu