Josu Delgado Rozas
Filosofia irakaslea

Gure alfabeto ez-osoa osatze aldera

Ahatetxo itsusiaren orroa karrankari samarra da; ingurukoak izutzen ditu txorrotxioka aritzen den bakoitzean, ez baita hura haiek bezalakoa. Denek baztertzen eta gutxiesten dute gure ahatetxoa. Horren zantarra izaki, ahatetxoa bera izutuko da bere burua uretan ikusita halako batean. Egoera tamalgarri horrek iraungo du, harik eta ahatetxoa konturatu arte beltxarga dela eta ez ahatea, lehen uste bezala.

Euskara hizkuntza oso izatetik ―denerako hizkuntza izatetik― hizkuntza ez-oso izatera behartua izan da, itsusi, motz, elbarri, zauritu, gaixo, eskale izatera derrigortua ez izaterako bidean; dena eza, dena gabezia eta dena mingarria besamotzaren besoa bezala poetaren hitzetan. Hortik heldu dira gure gaitz guztiak, sintomatologia zabala agertzen dutenak: hizkuntzaren kalitate gero eta eskasagoa, transmisioaren haustura, prestigiorik eza, batuaren eta euskalkien arteko osagarritasun bihurria, ezagutzaren hazkundea eta erabileraren moteltzea batera izatea, sormenaren eta senaren galera, adierazkortasunaren herdoiltzea, etorri berriak eta aspaldi etorriak euskalduntzearen balantze gozoa baino gazia, euskal kulturaren kontsumo apala, egundoko ahalegin etengabea eta neurri bertsuko ezintasun jarraitua eta, larrietan larriena, erantzukizuna gure baitan bilatzea.

Sakon errotu dira guregan lelo leloak: txikia dela euskara, ez duela kanpora joateko balio, besteen beharra duela osatzeko, zaila dela, izugarrizko abantaila dela elebidunak izatea, geure zilborrari begira egoteak pobretu egiten gaituela. Agerikoa beharko lukeena, berriz, zeinen estaliko bihurtu duten (hizkuntza-) boterearen ideien laborategian: hizkuntzak ez dira izatez indartsuak edo ahulak, baliotsuak edo baliogabeak, unibertsalak edo lokalak, modernoak edo antigoalekoak. Ezintasunaren arrazoia ez da intrintsekoa, kanpoan dago: botere-erlazioek hanpatzen dituzte batzuk eta gutxitzen besteak; ez du inporta hizkuntza hori zein den edo zenbatek hitz egiten duen. Euskararen estatus motza ez da gutxiengo baten hizkuntza izatearen ondorio. Gutxiengoaren kontzeptua oso erlatiboa da, baina ez da estatusarekiko koerlatiboa. Islandieraz 320.000 lagun mintzo dira; ketxueraz, berriz, 10 milioi. Gustura hartuko lituzke ketxuerak islandieraren hiztun-kopuru urria eta haren osasuna bermatzen duen estatusa.  

Euskarak, ketxueraren antzera, ez du inongo lurralderik beretzat gaur egun. Beste bi hizkuntza dotorerekin partekatu beharra dauka urratu eta zarpaildu dioten oihal zati bakarra, hori bera ere ukatzen ez badiote glotofagiaren negu gorrian. Luze daramagu autoestimua hankaren zolaren azpian dugula, eta horren araberakoa da gure jokabidea. Ahatetxoaren jokabide tristea da gurea.

Baserria izan omen zen euskararen gotorleku sasoi ilunenean. Uste bezainbeste ez zuen argitu PSEko buruzagi oso ezagun batek baserri zaharrak bota, eta, orube horretan, etxebizitza berriak eraiki behar zirela adierazi zuenean. Gobernuaren ordezkari ohia ez zen, noski, hirigintzari buruz ari; bere irrika berdintzailea plazaratzen ari zen, asimilatzea bereizgarriak deuseztatzea baita. Euskararen arnasguneak ―hondarrak, Odriozolaren esanetan― ez dituzte maite unionismoaren arkitektoek.

70eko hamarkadan Yrizarrek honako hau idatzi zuen: las muchachas de Ituren aborrecen el euskera. Gaur egun, Qaren lilurak ordezkatu du orduko egoera: euskararen alde egiten dugu alderdi sinbolikoan —aldarrikapenak egin, kamisetak jantzi…―, baina alderdi funtzionalean gaztelania hazten dugu haren neurrira ezarritako balio-hierarkia baten arabera. Konplexua Qz idazten da, berritua dator, zailagoa da antzematen finagoa baita, gutxiespenaren eragilea hobeto mozorrotzen du eta gutxiagotua lehen bezain eragile aktibo bihurtzen du. Gurean, erdaraz ongi jakitea ez da aski; ezinbestekoa da euskararen arrasto guztiak ezabatzea ―fonologikoak, morfosintaktikoak…―, eta hori, askotan, eskolatik bertatik ere bultzatzen da. Irlandako gaeltachtetan gaelikoa ito zen antzera, gure arnasguneetan gero eta oxigeno gutxiago dago euskararentzat.

Como los burros de Larrabezua, horrela hitz egiten omen genuen maisu gaztelau baten baitan, baldin eta buruaren mugimendu hutsez baietza edo ezetza adierazten bagenuen. Txikitako Santutxu hartan, baserriak eta zelaiak desagertu ziren hamabost urteren buruan: kiratsa zuhaitzaren ordez eta soloen tokian solairuak. Izanaz gain, mahats herriak izena ere galdu zuen porlan herri bilakatuta.

Larrabezua, guk ez jakin arren, ondo-ondoan genuen: gaztelaniaz nekez egiten zuen ikaskide berri bat eta Txurdinagako azken baserritarrak ziren hangoak, Larrabezuako unibertso hautsikoak; arroztuak, eszentrikoak, anormalak, indarrez ezarritako normaltasun zaharberrian.

Gerora, Larrabetzu birsortzeko asmo sendo kolektiboa etorri zen. Ordutik hona, Hegoaldeko administrazio berriek eskolaren esparrua jorratu izan dute batez ere. Emaitza jakina da: euskararen ezagutzak goiti egiteak ez du erabilera esanguratsurik ekarri ―ezin du, gainera; ezagutza hutsak, besterik ezean, ez baitakar hiztunak behar duen adierazkortasuna, esan indarra, komunikazio-erosotasuna―. Euskara hizkuntza akademiko bihurtu zaigu erdaldundutako tokietan; ezagutza hori, noski, pasiboa da, latin ihartuarenaren antzera.

Demokrazia zerri askara botatzeko talenturik ez dugu, nonbait. Eta politikak hizkuntza berria behar du euskararen elikagaia adosteko. Eta hizkuntzak politika berria behar du zer elikatua egongo bada. Bien bitartean, Larrabetzuko erara edo Santutxuko erara, Barkoxekora edo Ziburukora, menu bera euskararentzat, Madrilgo eta Parisko suetan luzaroan apailatzen aritu diren menua: Koldo Izagirrek erakutsi bezala, artsenikoz ondutako jaki pozoitsua.

Museotako gaelikoa edo latin antzu bat ikusten ditugu etxeko ispiluan, hilotzak eta bizi nahia aurrez aurre. Auzoan, berriz, Kataluniako jendartea llengua, cultura, pais amets ederrak esnatu du. Katalanaren —eta kalitatearen— Kra iristeak Qaren morrontzatik askatzea eta geure alfabetoa osatzea eta erdigunean jartzea esan nahi du. Periferiatik zentrora ekartzea gure hitzak. Ahalduntzea, behingoz. Gauzak aldrebes ikustea, Arestik zioen bezala. Getarian sagua ikusi beharrean, balea ikustea. Ispilura begiratzea eta arranoa ikustea.

Bilatu