Ixabel Etxeberria

Gurea behar dugu

Lurralde kolektibitatea, Herri Elkargoa, Herrialde Elkargoa, sekulako hiztegi berri eta herritarrengandik urrun. Ez baita erraz estatuarengandik etor daitezkeen antolaketak ulertzea, eta ezaguna den frantses administrazioaren sagaio horretan ez galtzea. Alta, hau da Ipar Euskal Herriko iritzi zutabeetan aurki daitezkeen debate eta hiztegi nagusia. Hau baitira gaur egungo kezka eta tira- bira guztien solasak. Debatea urrundik jarraitzen duenarentzat nahiko debate pisua eta ulertzen zaila zeren azken finean frantses sistemak eskaintzen dituen antolaketaren barneko pieza desberdinak baizik ez, herritar orok badaki frantses administrazioan edozein gal daitekeela. Noski, horien gibelean, egoerak, sailak, eskumenak, zergen biltzeko bideak, arrunt desberdinak badaude, eta txosten horietan desberdintasun horiek, lerroen artean irakurtzen dakitenentzat zentzua izango dute. Gehiengoarentzat, abertzaleentzat ere, xehetasunen ulertzeko zaila da. Debatea herritar askorengandik urrun gelditzen da.

Lurralde kolektiboaren aldeko urratsek aztarna utzi dute hemengo mundu politikoan, elkar lanak bere fruituak, debateen emaitzak ekarri zituen eta horrelako poztasuna sortu zen, ikusten zen aldarrikapen bateratuak derrigorrez ondorioa izan behar zuela, hain demokratikoa den frantses estatuan. Baina, Frantziak oso jakobinoa izaten jarraitzen du eta proiektu horretan jarritako indar guztiek zaflakoa jaso zuten Parisetik. Sozialisten eskutik.

Ondotik, Herrialde Elkargoaren proposamena heldu zen Parisetik. Herri Elkargoek zerga batzuen biltzeko ahalmena daukate, bide bat izan daiteke bertan inbertsio ekonomikoen egiteko, Paris bertako garapen ekonomiko zerbaiten alde balitz. Ez litzateke gaizki. Handik, Parisetik, heldu den proposamena da. Martxan jar dezatela haiek egin proposamena. Ez da bikaina izanen, eskumen, ahalmen gutxi luke baina lurralde mailan tokiko, hurbilekoa. Ipar Euskal Herria kontutan hartuz pentsa daitekeen politika litzateke, beraz zergatik ukatu? Baina, gauza dezatela beraiek nahi badute, baina ez gara horren alde lanean jarriko, haien proiektua baita Ipar Euskal Herria frantses administrazioaren pean atxikitzeko, parametroak aldatu gabe. Gure begirada Parisi lotua izaten jarraitzeko.

Ez goaz lehen urratsa irabaztera, lehen urratsa lortu genuen Udalbiltza sortu zelarik, hau baita gure norabidea, hau baita gure etorkizuna Euskal Herriari geroa eskaini nahi badiogu.

Cesarek eta Fanonek, barneko kolonizazioa esplikatu ziguten. Frantses iraultzatik Parisek politika bera jarraitzen du. Esperantzak pizten ditu baina ez du deus martxan ematen, bere lerro nagusia babestua ez bada,bere hizkuntza barne. Hau ez da aldatzen. Euskal Herria dugu helburu, gure herriaren antolaketa administratiboa behar dugu. Hau ere herritar askorengandik urrun dagoen debatea da, baina hau gurea da, abertzaleok garatu behar duguna.

Bilatu