Maite Ubiria

Hassana Libre, Gazteria Libre

Idazleak Hassana Aalia saharar ekintzailearen egoeraz idatzi du. Hain zuzen ere, Hernanin bizi den Saharako gazteari asilo politikoaren eskaera ezeztatu dio Estatu espainiarrak eta 15 egun ditu lurraldea uzteko. Honen aldeko manifestazioa antolatu da Bilbon heldu den larunbatean.

Hassanna Aalia saharar ekintzaile gaztea Rabat-eko Epaitegi Militarrak errebeldian epaitu zuen 2013an Gdeim Izik erresistentzia kanpamenduan izan zuen parte hartzeagatik. Protesta baketsu horren aurka hainbat hildako eta zauritu andana utzi zituen jazarpen bortitza burutu zuen Marokoko ejerzitoak. ( Gdeim Izik-en gertatu sarraskia jasotzen duen dokumentala: http://resistenciasaharaui.saltoscuanticos.org/documental-gdeim-izik-hd/ )

Hori gutxi ez eta, Hassana eta beste hogei bat ekintzaileen aurka prozedura judiziala gauzatu zen. Berme faltak ezaugarritu zuen prozedura judizial bat hain zuzen ere. Hori horrela izanik, Hassannak 2012ko urtarrilean nazioarteko babesa galdatu zuen. Jakin behar da, era berean, sumarioaren berri izan zen unean Hassanna Mendebaldeko Saharatik kanpo zegoela; Espainiar estatuan zehazki, ikasketak medio. Horrek ez zuen eragotzi hala ere, bizitza osorako zigorrera kondenatua izatea.

Zigor gogorrera kondenatua izanik, errebeldiaren astungarriarekin, eta, ahantzi gabe, Marokok giza eskubideen urraketari dagozkionean dituen aurrekariak, Hassannaren kanporatzeak Euskal Herrian bizi den gazte saharar honen osotasun fisikoa arrisku larrian jarriko luke.
Hala eta guztiz ere, eta prozesu penala amaitu gabe dagoela kontutan izanik, Barne Ministeritza espainiarrak Hassanna Aaliari asilo eskaera ukatu dio. Nahiz eta bere eskaera, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisionatutaren (ACNUR) informe batek abalatua izan.

Ukapen horrek, 15 eguneko epean, Hassanna Estatu espainiarreko lurrak uztera behartzen du. Horren aurka Audientzia Nazioanal espainiarrean aurkeztutako errekurtsoaren helburua  prozedurak iraun bitartean gazteak hemen egon ahal izatea bermatzea da.

Hassana gure herritarra da egun. Bere herriarekiko, Sahararekiko, konpromisodun gure herritarra.  Hori horrela, euskal internazionalistek eta brigadistek badute bere konpromisoaren berri. Eta nola ez, Euskal Herrian Sahararekiko dagoen elkartasun sarea berehala jarri da martxan. Erakunde ezberdinetan asilo politikoaren aldeko bere aldeko ekimenak aurkeztu dira eta herriz herri -Hernanitik hasita, bertan bizi baita gaztea- mobilizazioak deitu dira. Era berean, urtarrilaren 31ean, Bilbon, manifestazioa deitu dute hogei bat eragilek.  

Hassannari egiten zaion injustizia salatzearekin batera Estatu espainolak Saharako egoeran duen erantzukizun historiko eta politiko larria gogorarazi behar dugu. Aurten 40 urte beteko dira Madrilgo Ituna izenpetu zenetik. Madrilek ez du inoiz bete deskolonizazio protokoloa, saharar herriari bizkarra emanez. Eta ordutik, Aljeriako Tinduf-eko kanpamenduetan bizirautera -edo Saharako lurralde okupatuetan,  errepresio bortitza pairatzera-  kondenatuak izan dira sahararrak.

Joan den mendeko 90. hamarkadan Nazio Batuek erreferendum bidez auziari irtenbidea emateko egindako proposamena lozorroan gelditu da, basamortuaren areaz estalirik.

Hassanaren egora konkretua salatzeko eta gazte honen aldeko babes ekimenak, nazioarteko komunitatearen eta NBEko segurtasun kontseiluan berriki kadira eskuratu duen Espainiako gobernuaren hipokresia salatzeko ere baliatu behar dira. Frantziako agintariek Marokoko erregimena zapaltzailearekin izan duen harremana estua ahantzi gabe.

Hassana Libre oihukatuz, Sahara Libre! aldarrikapenari oihartzun eman behar diogu!

Saharako ekintzaile gazte honi babesa emanez, gure sostengua jaso dezatela, era beran, Hassanak egin duen bezala, bide demokratikoak, baketsuak, sortzaileak, desobedienteak... baliatuz haien herriaren eskubideen alde borrokatzen duten gazte ekintzaile guztiek ere!.

Belaunaldi berrien engaiamendua ezinbestekoa baita konponbide eta askapen prozesuan aitzina egiteko. Bai Saharan, bai Euskal Herrian!

Bilatu