Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta
Aralar

Haustura vs Erreforma

Hainbatetan entzun izan dugu historia errepikatzen dela, gizateriaren historia eta eboluzioa ziklikoa dela. Baita politikoa eta ekonomikoa ere. Eta bere horretan, atzera begira jartzen bagara, ezin uka, diferentziak diferentzia, gaur egungo egoera politikoak Espainiako Estatu mailan eta Euskal Herrian baduela antzekotasuna 70eko hamarkadan bizi izan zenarekin.

Zenbait belaunaldik «haustura versus erreformaren» arteko eztabaida eta zikloa bizitzeko aukera izango dugu. Nahiz eta 70eko hamarkadan bizi zen egoeraren gordintasuna baino apalagoa izan orain. Nahiz eta garai haietan erregimenetik gizarte demokratiko bateranzko jauzian eman beharreko bidea ez zen hartu, eta egin zen «erreformaren» hautuaren zorigaitzez, oraindik orain iraganeko erregimenaren jokabideak errepikatu eta nagusi izan. Erreformak ez baitzuen erregimenaren hezurdura eta izaera aldatu baizik soilik moldatu eta hori benetako demokraziarentzat sabotajea izan zen eta da.

Orduan hartutako erabakien ondorioak pairatzen jarraitzen dugu; azken urteotan biziki areagotu da, gainera, euskal herritar zein herri gisa. Hamaika adibide ditugu eskura: Auzitegi Nazionala, frankismoaren oinordeko zuzena; Euskal Herriaren ukazioa; preso politikoen bahiketa; ideia eta proiektuen zigortzea; espetxeratzeak eta torturak; eskubide sozial eta laboralen urraketaren bidezko pobreziaren estrukturazioa, lan erreforma kasu; lege zentralizatzaileak (Lomce, administrazioarena); herritarron eskubideen lege murriztaileak (Zigor Kodea bera, Mozal Legea bezala ezagutzen duguna...). Gogoratu besterik ez Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako 15 lege errekurritu dituela. Gehienak «arrazionalizazio eta austeritatearen» izenean eta merkatua modu neoliberalenean ulertzen duen eta xede duen Europaren edo euro-gunearen aterkipean.

Europan ere «haustura vs erreforma» klabeetan ematen ari den eztabaida da, eta hala ulertu dute Alemania eta enparauek. Ez baitago soilik Greziaren eta greziarren etorkizuna jokoan. Europaren ereduaren partida jokatzen ari da Grezian garai hauetan.

1/1977ko Erreforma Politikorako legeak aukera eskaini zuen Espainiako erreinuari estatu demokratikoaren mozorroa janzteko. Lege horren bidez, erregimenaren egiturei jarraipena eman zieten. Eta horixe izan zen Gorte frankistek onartutako tresna juridikoa, «trantsizioa» deitutako aroa gidatu eta artikulatzeko. Konstituzioaren aurretik, baina Konstituzioaren xedea mugatuz.

Haustura politikoa egiteko aukera zegoenean, erreformaren alde egin zuten PCEk, PSOEk, CIU, EAJk eta abarrek; era horretara, erregimenaren morroi bihurtu ziren hurrengo belaunaldietarako, «paktismoaren» larrupean. EAJk Xibertako elkarrizketetan izan zuen jarrerari erreparatzea baino ez dago horretaz ohartzeko. Haustura alboratu zuen, eta erreformaren joko zelaian jarri. Eta horrek bere ondorioak izan ditu eta ditu.

Gaur egun, oso antzeko eztabaida ireki denean Espainiako Estatuan, EAJk ez luke jarraitu beharko 70eko jarrera berarekin, CIUko Konbergentziaren bilakaerak ongi azaltzen duen bezala. Orduan bezala, orain ere abertzaleok erabakitzeko eskubidea konstituzionalizatzea aldarrikatu behar dugu, hori gabe ez dagoelako benetako demokraziarik.

PSOEk Konstituzioaren aldaketaz eta federalismoaz hitz egiten duenean, muzin egiten dio erabaki eskubidea aipatzeari eta hori ez da demokrazia.
Azken urteotan norbaitek erakutsi badu «bilateralitatearen» falazia Kataluniako herria da, gizarte zibiletik hasitako eta astindutako prozesu independentista baitauka abian. Espainiako Estatua da «bilateralitateari» jaramonik egiten ez diona, Nazioarteko Zuzenbidean printzipio demokratiko bezala aitortua dagoen erabakitzeko eskubidea onartzeko prest ez dagoena. Beste behin, Espainiako Estatuak agerian uzten du 70eko hamarkadan abiatutako erreformaren bidearekin demokrazia mozorroa baino ez daukala, eta oso urruti geratzen zaiola Giza Eskubideen Europako Itunak jasotakoa, adibidez.

Egiazko amnistia ezartzeko eta Nafarroa eta EAEren arteko herri egituraketa bideratzeko aukera paregabea galdu zen garai hartan. Urtez urte, eskuindar neoliberalen eta bestelako interes eta interesatuen bidez lausotzen joan dena. Burura datozkigu hainbat erakunde, elkarte eta baita kaleren bat «Vasco-Navarro» izendapenarekin. Garai batean ohikoa eta naturala zena, denboraren poderioz eta estatuaren botere desberdinen bidez ideologikoki, pedagogikoki, politikoki eta mediatikoki borrokatu dutena. Batera.

2015. urtean, hauteskunde orokorren bezperetan, esan genezake orduko osagai antzerakoekin aurkitzen garela. Bipartidismoa kolokan jar dezakeen alderdi berri bat sartu da joko zelaira, eta badirudi zirrikituren bat ireki zaiola haustura politikoari. Baina hala izango ote da? Edota, 80ko hamarkadako PSOE berritu batekin besterik ez gara aurkituko?

Oraingoan ere historiak aukeraren atea irekitzen digu parez pare. Une aproposean, ETAk behin betiko borroka armatua utzita, urteetako gatazkari konponbidea emateko, preso politiko guztiak etxeratzeko.

Bilatu