Mikel Zubimendi
GAUR8

Hauteskunde garaipen bat baino askoz gehiago

Syrizak lorturikoa ez da hauteskunde garaipen soil bat. Hori eta gehiago ere izan da. 1989. urtean Berlingo Harresia erori zenean, eta harekin batera sobietarren estatu satelite andana, “Historiaren Amaiera” aldarrikatu zen, kapitalismoaren –gordintasun eta harraparitza maila handienean– azken garaipen absolutua.

Berlingo Harresiaren hondakinetan lurperatu omen zen ezkerreko alternatiba demokratikoetan demokratikoena ere. Behin kontrapisurik gabe, kapitalismoak eskuak libre zituen ordura arteko tope guztiak –fiskalitate aurrerakoia, langileen eskubideak, gizarte segurantza...– kentzeko. Mundu mailako ezkerraren porrot psikologikoa eta politikoa izan zen. Hainbat hamarkadatan, belaunalditan sentitu zen. Turbokapitalismoaren harrokeriaren tontorra finantzen kolapsoa izan zen, greziarrek larrutik ordaindu duten krisi totala.

Orduan, krisiaren hasieran, Europako ezkerra ez zen indar politiko masibo bideragarria, protesta egiten zuen, grebaren bat eta boto puska batzuk zituen, bai, baina ez zegoen eskaintza alternatibo koherenterik. Krisiaren bidegabekeria hori guztia, esaten zigutenez, saihestezina zen, jasan beharreko gutxieneko mina, ezinbesteko okerra. Desesperantza eta beldurra ziren politika horren legeak. Syrizak, beste gizarte eredu bat, beste Europa bat eskaintzen duen ezkerreko aukera legez, muturreko latza da hainbat belaunalditan gailendu den ordena ekonomiko eta logika politiko horrentzat. Ustez, jada existitzen ez zen ezkerra bueltatu da. Neoliberalismoaren hegemonia ez dago jada etsairik gabe. Zaila da oraingoz Europan gizarte sozialista berri bat ikustea, oso zaila neoliberalismoaz libratutako mundu berri bat ikustea. Baina jada ez da inposiblea. Eta hori asko da.

Zailena orain hasi da Syrizarentzat. Hauteskundeak irabaztea ez baita gizartean hegemonia lortzea. Zinismoz lepo dagoen politika baten aurrean, esperantzaren politika etorri da Greziara (eta batek jakin, agian kutsakorra bilakatu eta Europako beste herrialde batzuetara ere etorriko da), baina izan liteke parentesi bat, nahitara eman dioten kaliz pozoitua, Syriza kudeaketa inposible batean higatu eta ordena zaharra arnasberriturik bueltatzeko. Ez baita erraza Troikak agindutako neurriekin desegituratu den gizarte batek hark eragindako hondamendi humanitarioa zuzentzea. Angela Merkelek, “Der Spiegel”-ek, direnek eta ez direnek kargatuta dituzte jada karabinak eta ez dute gauzak errazteko intentzio argirik adierazi.

Edonola ere, beldurraren bitartez indarra lortu nahi izan duten guztien aurrean, Syrizak lorturikoa handia da. Merkatuak urduri, eszeptiko, haserre omen zeudelako sumendiari sakrifizio gisa pertsona gehiago eskaini nahi zizkioten horientzat guztientzat, turbokapitalismoaren fundamentalismoa ukitu erlijioso batez, edozein kalifatu balitz bezala, muturreraino defendatu dutenentzat ohartarazte serioa izan da. Shockaren dotrinak mugak dituela erakusten du, jendea diruaren aurretik jartzen du eta jendeari politika ezin zaiola diktatu, inposatu oroitarazten du.

Erresistentziak, herri langileriak aberatsen erruak ordaintzeak sorturiko amorrazioak, Syntagma plazan hegan egiten zebiltzan molotof koktel haiek borondate politiko komun bihurtu ditu Syrizak. Grezian, haserreak, amorruak ez dira jada zehaztugabeak, difusoak. Forma bat daukate, helburu argi bat eta inspiratu egiten duen gidari karismatiko bat.

Demokrazia gauza publiko bat da, baina baita oso-oso barnekoa eta pertsonala den zerbait ere. Duintasuna hitz potoloa da eta baliteke kontzeptu abstraktua izatea. Baina duintasunaren gabezia oso gauza erreala eta praktikoa da. Galdetu bestela pobreziara kondenatuta, ia dena galduta utzi dituzten milioika greziarrei. Akaso huts egingo duten arren, duintasunaren aukerak irabazi dute. Elite zahar eta ustelduak baztertu eta langileriaren alde erradikalki konprometitua den jende zuzenak irabazi du. Eta haiekin batera, denok. Orain eta nonahi, hainbat herritan, borroka berdintsuetan gaudenok.

Bilatu